Konplexuak

Bada asko gustatzen zaidan esaera zahar bat: “Latinez, nahiz eta jakin ez”. Alegia, ez dakizun horretaz, ez zaren horretaz, harro agertzea; badakizun, bazaren plantak egitea. Ez al da hori konplexu sakon baten ondorioa?

Zahar-hitz zuhur-hitz, atsotitzak iraungigaitzak dira garaietara moldatzen direlako, errealitateen funtsera apuntatzen dutelako. Eta hizkuntzetara mugatuta, argi dago gaur egungo latina ingelesa dela. Bizitzako arlo guztiak dauzkaugu ingelesaz blaituta, munduan kokatzen gaituelako. Eta faktu hori kritikatzeko orduan, ingelesak balio erantsi gisa ematen digun erakargarritasun zapaltzailea aipatzen da gehienetan; inoiz gutxitan analizatzen da estali nahi dugunaren, lotsarazten gaituenaren angelutik.

Euskara traba bat da bizi dugun globalizazio motan. Jon Sarasuaren hitzetan, geure hizkuntza “nekez txertatzen da gaur egungo kultur inperioen eta mundu globalizatuaren egoera honetan”. Eta inork ez dituenez trapu zikinak eguzkitara atera nahi, ingelesak ematen duen neutraltasun faltsu horrekin estaltzen dugu maiz geure egoera linguistikoa.

Udako jaiak hemen ditugunez kasik; iaz Bilboko Aste Nagusian ikusi nuen zerbait ekarri nahi dut gogora. Alderdi politiko abertzale baten txosnaren leloa I am Basque zen. Interesgarria litzateke jakitea txosnako kideen artean zenbatek zekiten ingelesez. Baina are interesgarriagoa litzateke jakitea zenbatek zekiten euskaraz, horretara baitzihoan ingelesaren erabilera makurra: ba al dago basque baino hitz lausoagorik? Batzuentzat basque EAEn bizi dena da, beste batzuentzat EAEn jaiotakoa, edo Euskal Herriko edozein lurraldetakoa, edo euskal arbasoak dituena… Gaztelaniaz vasco eta frantsesez ere basque. Baina euskaraz? Euskaldun? Ai, ai, ai… horrek hizkuntzari egiten dio erreferentzia zuzena. Baskoa? Ai, ai, ai… ez al dauka horrek maketo hitz iraingarriaren antz handiegirik?

Ez dut nik inor hizkuntzen zigorrarekin umiliatuko. Sekula! Familiako batzuek pairatu baitzuten maketo etiketaren zaplada eta, gerora, hurrengo belaunaldia eleaniztun eta erabat euskaltzalea sortzeko indarra izan baitzuten. Baina bai kritikatuko ditut, ozen, gizarteak behar duen eztabaida linguistikoa ekidin gura dutenak.

Euskaldun izatea edo ez izatea jarrera bat da, hautu bat. Esfortzua eskatzen duena askotan. Basque izatea, ostera, patuaren gorabehera bat baino ez. Eta banderak eta esloganak inarrosi beharrean al gaude geuretzat ere ulergaitza den definizio batekin identifikatzeko? Zergatik ez dugu hausnartzen txosnetako pankartak diseinatzen hasi aurretik? Reflexionemos, bada, réfléchissons.