Auzo alkateak dituen Bizkaiko laugarren herria Bermeo da. 1979tik, udal hauteskundeak egiten diren aldiro, baserri inguruko bederatzi auzoek euren alkatea aukeratzen dute. Dena dela, XVIII. mendean ere baziren, nahiz eta gero desagertu egin ziren. Harresien barruko aldean zegoen Bermeo hiribilduaren eta inguruetako baserri auzoen arteko lotura lana egiten zuten.
Auzo alkate izateko Bermeon ez da hautagairik egoten. Auzotarrek euren artean aukeratzen dituzte, aproposena iruditzen zaienaren alde bozkatuz. Azken hauteskundeen ostean, Agirre auzokoek Asier Elgezabal aukeratu zuten; Arronategin, Javier Bilbao; Doneanderen, Miren Igone Calzada; Artikan, Gaizka Ruiz; Demikun, Asier Santos; Mañuan, Miguel Solis; eta Donemikelen, Maria Teresa Izagirre. Almikan eta Arenan, aurretik zeuden auzo alkateak aukeratu dituzte berriz ere: Joseba Ugalde eta Eider Gotxi, hurrenez hurren.
Bermeoko Udala hiru hilean behin elkartzen da auzo alkate hauekin, auzoetako arazoak ezagutu eta bere asmoen berri auzoetan zabaltzeko.