Irakurtzeaz

Irakurri berri dudan artikulu batek zer pentsa utzi nau. Artikulu luzearen funtsak dino literatura militantzia kontua dela. Oro har bizilagunek ez dute irakurtzen. Irakurtzea ez da cool. Literaturak ez du dirurik ematen. Ez du ezertarako balio. Badakit, bai, erakundeetatik ez dute horrelakorik esaten. Baina sakonean pentsatzen baduzu, horixe da hain zuzen ere esaten dutena. Urteko egun zehatzetan literaturari dena ematen diote. Baina, irakurle estimatua, bene-benetan: ikusi al duzu inoiz agintari politiko bat liburu bat irakurtzen? Nik ikusi ditut futbolean eta osterantzeko kirol jardueretan, ikusi ditut azokatan porruak erosten, txakolinak eta sagardoak edaten, musika kontzertuetan, ikusi ditut sukaldaritzarekin lotutako ekitaldietan, baina liburu bat eskuetan irakurtzen, ez. Akorduan daukat itzel poztu eta puztu ninduen irudi bat: Andoni Zubizarreta futbol jokalari ohia; Areatzako banku batean; bakarrik. Irakurtzen ari zen. Poltsa bete liburu zuen alboan. Liburuan hain zegoen murgildurik begiratzen gelditzea intimitate inbasioa iruditu zitzaidala. Uste dut irudi horrek literaturaren alde gehiago egin zuela literatura bultzatzeko egiten diren beste ekitaldi askok baino. Irakurtzea ezinbestekoa da, baina galtzen ari gara. Zergatik ez dira telebista eta irrati publikoetan pertsona ezagunen irudiak/audioak ematen liburuak irakurtzen. Ez egun batean. Ez aste batean. Urteko egun guztietan, etengabeko jarioan, begietan sartuz arimara sartzen zaigun arte. Bai, ratio oso altuak ditugu Espainiarekin konparazioa egiten badugu (bai, izugarrizko joera dugu Espainiarekin konparazioa egiteko, egin genezakeen Europarekin edo beste norbaitekin, baina askorentzat Espainia dugu harresi, jomuga eta ispilu), hobeak gara. Eta gu pozik. Baina nik inguruko asko begiratzen ditut eta ez dute irakurtzen. Aspergarriak egiten zaizkie liburuak. Denak. Toti Martinez de Lezearenak eta Paul Austerrenak. Julio Cortazarrenak eta Dan Brownenak. Txanogorritxuk eta Harkaitz Canok. Denak. Dagoeneko ez diete balio ezta apaletako apaingarri gisa; hautsa eragiten baitute eta alerjiak pizten zaizkie. Irakurri dudan artikuluak badu idazleentzat ere egurra. Ez dute idazle berriekin aurkezpenik egiten, ez dute eurena ez den literaturarik bultzatzen. Zer pentsa eman dit artikuluak. Irakurri nuenetik urdailean buelta bueltaka daukat, eta liseriketa mantso hau luzaroan izango dudala uste dut.