“Duna sistemek behar duten lekua hartzen dute hondartzan”

Geologia doktorea da Manu Monge (Bilbo, 1972). Tesia Urdaibaiko itsasadarreko beheko aldeko metaketa mugimenduei buruz egin zuen. Gai horietan interesa sortu zitzaion, eta 2001ean EHUko Harea itsasertzeko geologiako ikerketa taldean sartu zen. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Laida hondartzako (Ibarrangelu) dunen lehengoratzeari ekin zioten 2001ean. Egun, jarraipen lana egiten jarraitzen dute, sistema aztertuz.

“Hondartzetako harearen biltegiak dira dunak, eta horiek gabe, itsaso handi bat etorriko balitz, harea eramango luke itsaso barrenera edo itsasadarrera; dunak egonda, babestu egiten da kostaldea, harea hori gerora hondartzan gera dadin”. Denboraleetatik babesten gaituzte, hondartza eremua handitzen dute, harea fina metatzen dute, paisaia “politagoa” da, aberatsagoa. Landaredi eta fauna bitxia metatzen dute, gainera. Hondartzetako itsasgorako eremuetan daude dunak, baina leku horiek gizakiak okupatuta edo erabat desagertuta egoten dira: itsas pasealekuak, urbanizazioak… Hori dela eta, azken urteetan euskal kostaldeko zenbait lekutan eremu degradatu horien lehengoratzeari ekin zaio: Muskiz, Deba, Zarautz, Zumaia…

Lehenengoetarikoa eta, beraz, beste hainbat proiekturen eredu, 1998an Urdaibaiko Galtzagorriak boluntarioen plataformak egin zuen ekintza izan zen. Laga hondartzan (Ibarrangelu) dunak lehengoratzeko proiektua jarri zuten martxan, oso egoera eskasean baitzeuden.

Dunen lehengoratze prozesuak hainbat fase ditu: metro eta erdiko mihimenak hartu eta metro erdi hareatzan sartzen zituzten, metro bat airean utzita. Hainbeste lerro jarri. Gero, haizeak harea barreiatzen du eta mihimen horietan harrapaturik geratzen da. mihimenak jarritako eremuetan harea multzoak eratzen dira. mihimenak estalirik geratzean, horren gainean landare bi landatzen dira: Ammophila arenaria eta Elymus farctus. Biek funtzio garrantzitsuak dituzte: batak harea metatzen du eta besteak josi.

Lehengoratze metodo horrek erantzun ona izan zuela ikusita, Laida hondartzan probatzea erabaki zuten 1999an. Pausoka egin zen lehengoratze prozesua. Lehen probaren arrakastaren ostean, 2001ean, eremu zabalagoan lantzea erabaki zuten. Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko Bulego Teknikotik abiatuta, Harea ikerketa taldeak haizearen norabidea neurtu zuen, eta harea ezaugarritu eta hondartzaren metatze eta higatze eremuak identifikatu, besteak beste.

Lana hasi baino lehen hiru helburu zituztela kontatu du Mongek. “Duna sistemaren eraketa zein parametrok baldintzatzen zuten jakitea izan zen lehena. Bigarrena, ea duna sistema hondartzan hedatuko zen edo ez, ez baikeneukan horren ziurtasunik. Eta hirugarrena, beharrezkoa balitz, Eusko Jaurlaritzari neurri zuzentzaile batzuk proposatzea”.

Haizearen norabidea aztertuz

Hasieran, ez zekiten haizeak zein eragin zuen, eta, hortaz, ez zekiten dunen lehengoratze proiektua arrakastatsua izango zen ala ez. Ikerketa taldeak zenbait neurgailu jarri zituen hondartzan, hori neurtzeko. “Sasoi bi zeudela konturatu ginen: bata, martxo eta irail artekoa, haizeak indar gutxi duenean; bestea, irailetik martxora, haizeak indar handiagoa duenean”. Horrez gain, ipar eta hego haizeek ere ezberdin eragiten dute: hezeagoa da lehena, lehorragoa bestea.

2004an Europako Batasunari laguntza eskatu zioten lehengoratze proiektua aurrera eraman ahal izateko. Proiektuak hiru zutabe zituen. Batetik, lehengoratze ekintza bera; bigarrenik, jarraipen geologiko eta biologikoa eta topografia; hirugarrenik, sentsibilizazio kanpaina, herritarrei informazioa emanez eta material didaktikoa sortuz.

Egungo egoera baloratzeko, kontuan hartu behar da 2003an itsasadarreko ubide nagusiaren dragatze lanak egin zituztela Laida hondartzan. “Isurketa handia izan zen: 243.000 metro kubo. Horren ondoren, hareazko sistema hasierako forma lehengoratzen saiatu da. Zabaldutako 60 hektareatik 20 baino ez dira geratzen egun. Olatuek eta itsaslasterrek eremu handia higatu dute”.

“Sistema dinamikoa”

Egindako lana ez dela alferrikakoa izan azaldu du Mongek. “Gertatu dena normala da: itsasertzeko sistemak dinamikoak dira, gorabehera handikoak”. Garai batzuetan higatu eta beste batzuetan metatzen dira, itsasgorako eremuetan. “Duna sistemak sistemak berak erabakitzen duen eremua okupatu behar du”. Dunen inguruan egindako sentsibilizazio lanak eragin zuzena izan du Kantauriko beste hainbat eremutan. Laidan egindako proiektutik abiatuta, dunen garrantziaz ohartu dira hondartzen kudeatzaileak. Tamalez, Kantauriko itsasertzean duna sistema guztiak ari dira higatzen. Bizkaiko golkoan gero eta maizago izaten dira denboraleak, eta horiek bortitzagoak dira. Itsas maila urtean 3 eta 5 mm artean ari da igotzen, klima aldaketagatik.