Portugaleteko aldapak euskaldunduz

Aldapa leunduz Ibilaldia, itsasadarretik zerumugara”. Portugalete aldapaz josita dago, baina Asti Lekuko ikasleek eta langile taldeak asteak daramatzate malda horiek leuntzen. Euskararen aldeko ibilbidea ia-ia prest dago, eta Bizkaiko ikastolen aurtengo festaren kantak dioen moduan, Ezkerraldekoa ez da inolako paseoa izango.

Juan Carlos Naberan Asti Lekuko zuzendaria izan da azken 30 urteetan. Hark kontatzen duenez, ikastolak bigarren aldiz hartuko du Ibilaldia; lehenengoa 1982an izan zen. Iaz hasi ziren egun honetarako kontu guztiak prestatzen, eta azken asteak xehetasunak lotzen eman ditu Naberanek. Dena kontrolpean izan nahi dute Portugaletekoek, eta ilusioz ari dira “gogor lanean”. Batzuek egitaraua prestatzen duten bitartean, ikasleak irrikaz itxaroten daude, eguna noiz iritsiko zain. “Pozik nago ez delako aspaldi Ibilaldia herrian egiten. Gainera, oso dibertigarria izaten ari da, oso ondo pasatzen ari gara ekintzak prestatzen”, dio Lehen Hezkuntzako 6. maila ikasten duen Jone izeneko neskatoak.

Aurten ere, Ibilaldiak egitarau zabala izango du, eta ekintza ugari Asti Lekun bertan antolatuko dira. Orotara, 1.625 ikasle daude ikastolan, eta guztiek parte hartu dute, modu batean edo bestean, prestatu dituzten askotariko ekintzetan. Egunari hasiera emateko, zenbait umek inaugurazio xingola moztuko dute. Ostean, dantza egingo dute. “Hasierako ekitaldia izango da. 09:00ak inguruan hasiko gara gure haurrek antolatu duten ospakizun batekin. Ibilaldiko kanta hartuta, Lehen Hezkuntzako ikasleekin dantza txapelketa bat egin dugu, eta maila bakoitzeko txapeldunak agertokira igoko dira dantzatzera. Azken hilabetean ibili dira hori prestatzen, eta ilusioarekin daude”, azaldu du zuzendariak.

Ikasleek astelehenean egin zuten dantzen azken proba saioa. Urduritasuna nabari da 6. mailakoen artean; izan ere, “dantzatzeko irrikaz” daude. Taldea osatu dute klaseko hainbat ikaslek, eta azken asteetako jolas orduak erabili dituzte kantaren pausoak asmatzeko. “Ni oso urduri nago guri tokatzen zaigulako dantza egitea eta gure ikastola Ibilaldiaren arduraduna delako. Dena ondo ateratzea espero dut”, dio Nagore izeneko ikasleak. Festan aktiboki parte hartzea umeentzat pizgarri bat izan da. “Ibilaldi egunean ekintza batean parte hartuko dugunez, oso pozik nago; baina, aldi berean, urduri. Gauzak ondo egin nahi ditugu”, aitortu du Aitorrek. “Duela aste asko hasi ginen dantza hauek prestatzen; baina gauza gehiago egin ditugu. Adibidez, ikastolarako kartelak margotu eta marrazki lehiaketa bat”, dio Jonek.

Ibilaldia gai hartuta, ikasleek ekintza ugari egin dituzte. 6. mailakoek azaldu dutenez, eskulanak egiteaz gain, antolakuntzan ere lagundu dute. Nagoreren arabera, zenbait ikaslek Ibilaldirako mezuak grabatu dituzte beren ahotsarekin. Beste alde batetik, bizikletan ibili dira, eta herriko gune esanguratsuenetan bideo bat grabatu dute, jaia ezagutzera emateko.

Guztira, bost gune egongo dira Portugalete, Santurtzi eta Sestao batzen dituen ibilbidean, eta eremu bakoitzean askotariko jarduerak izango dira egun osoan. Bideak 7,5 kilometroko luzera izango du; baina, 6. mailako ikasleek, gainontzekoen antzera, osorik egiteko agintza eman dute.

Azpiegiturak eta erabilera

Zuzendariaren arabera, Ibilaldian bildutako dirua ez dute xede bakar batera bideratuko. Erronka ugari dituzte Asti Lekukoek. Etorkizunera begira, ikastola handitzea da horietako bat. Azken batean, bertako azpiegiturak hobetu nahiko lituzkete. “Ez daukagu helburu konkretu bat, baina behar asko ditugu. Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako eraikin berria behar dugu. Hala ere, asmoak dira. Esan genezake hazkunde programa bati aurre egiteko beharko genukeela”.

Leloari helduz, euskarak dituen aldapa guztiak gainditzen lagundu nahi dute domekan Ibilaldiarekin: “Denon artean eta denok batera”. 1962an jaio zen Asti Leku, eta, geroztik, egoera asko aldatu da herrian. Aldapak egon badaude, baina gero eta leunagoak direla pentsatzen dute ikastolakoek. “Nik urte asko daramat hemen, ikastola honetan, eta, egia esanda, bilakaera handia egon da. Nahiz eta oraindik ere erabileran asko geratzen den egiteko, asko hobetu dugu. Dikotomia horretan gaude. Alde batetik, pozik asko egin delako. Bestetik, oraindik ere asko egin behar da hizkuntza erabiltzerakoan”, dio Naberanek.

Baina egoera aldatzen jarraitzeko asmoa dute. Euskarak duen aldapa hori igotzen segituko dute. “Horretan jarraitu behar dugu lanean. Betidanik esparru erdalduna izan da geurea, eta, gainera, latza. 50 urte igaro eta gero, izugarrizko aldaketa eman da. Eta bide horretan gaude, ilusioz eta gogoz”. Ezkerraldea euskalduntzeko deia egin du zuzendariak: “Denon artean egingo dugu. Leloak esaten duen moduan, Aldapa leunduz, sortzen diren oztopo guztiak gainditzen eta bidea errazten jarraituko dugu”. Hurrengo metroak Portugaleten izango dira.