Lanak eta herri presioak fruitua eman dute

Elorrioko Udalak Berdintasun teknikari postua finkatuko du. Elorrioko Bilduk elorriar guztiak zoriondu nahi ditu Berdintasun teknikari postua mantentzeko egindako lanagatik, azkenean, postu hori finkatu egingo baitute. EAJk Bilduri hitzeman dio Berdintasun teknikari postua egonkortzeko. Plaza horren beharra benetan handia da, eta asko borrokatu da bere alde. Horregatik diogu elkarlanak eta herri presioak, azkenean, fruitua ematen dutela.

Berria positiboa da, batez ere kontuan hartzen badugu EAJk gai honen inguruan zer-nolako jokabidea izan duen orain arte. Gogoratu nahi dugu duela urte askotatik hona lan egin izan dela udalean gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Udaleko teknikari postua hasieran lanaldi erdikoa zen. Gerora, zerbitzu horren garrantziaz eta beharraz jabetuta, lanaldi osokoa izatera pasatu zen.

Horiek horrela, EAJk postu hori bazter uztea erabaki zuenean, herriak, eta bereziki emakumeek, ez genuen ulertu. Justu lanpostua behin betiko finkatu behar zenean, EAJk geraraztea agindu zuen. Prozesua amaitzeko oposiziorako azterketa data jartzea besterik falta ez zenean.

Herri ekinbide batek 600 sinadura batu zituen Elorrion lanpostu hori egonkortu zedin eskatuz, eta apirilean mozio bat aurkeztu zen udalean gai hau jorratzeko. Printzipioz, ekaineko osoko bilkuran landuko da.

Elorrioko Bilduk herritar guztiak zoriondu nahi ditu, batez ere, Gobernu taldeak jarrera alda dezan era batera zein bestera lan egin, presionatu eta lagundu duten erakunde eta pertsonak.

Asko geratzen da egiteko, oraindik arazo ugari dago konpontzeko, baina garaipen txiki handi honek erakutsi digu, eta halaxe berresten dugu, antolatuta eta elkarlanean baino ez diegula aurre egingo botereak inposatu nahi dizkigun bidegabekeria guztiei. Oraingoan guztiok, bai gizonezkoek bai andrazkoek, irabazi dugu. Oraingoan Elorriok irabazi du. Zorionak guztioi!