Iazko aurrekontua luzatu du Barakaldok, oposizioarekin akordiorik lortu ez duelako

Barakaldoko Udalak gorde egin du 2013rako aurrekontu proiektua, eta iazkoarekin jarraitzea erabaki du, ez duelako oposizioko alderdien babesik lortu. Hori horrela, agintean dagoen PSE-EEk inbertsioetarako aurrekontu aldaketa sustatuko du astelehenean egingo den udalbatzan. Indarrean dagoen aurrekontuan, zenbait diru sail moldatu nahi ditu, eta, horretarako, kreditu gehigarria aurkeztuko die beste udal taldeei. Aldaketak urte bukaerara arte indarrean egongo den 2012ko aurrekontuaren luzapenean sartuko dira.

Barakaldoko sozialistek jakinarazi dutenez, oposizioko taldeek “mugak gainditu dituzte beraiek aurkeztutako zuzenketekin”. Aurrekontu proiektua baztertzeko erabaki horrek oposizioko alderdien desadostasuna ekarri du. EAJren arabera, “PSE-EE modu arduragabean aritu da, bere interesak lehenetsiz”. EAJren ustez, PSE-EEk ez die negoziaziorako aukerik eman.

Ekintza ugari kredituarekin

Jarduera garrantzitsuenak Lutxana auzoan egingo dira kreditu gehigarriaren bidez. Guztira, 3,65 milioi euro bideratuko dira ekintzetara. Batetik, lur gaineko pasabidea egingo da, autobidearen azpiko tuneletatik pasatzea saihesteko. Ekintza horrek 245.000 euroko aurrekontua du; 145.000 euro kreditu gehigarriaren bidez lortuko dira, eta gainerakoa Bizkaiko Foru Aldundiak emango du.

Bestalde, auzo bereko Teknikaren Museoko bulegoak gizarte zentro bihurtu nahi dituzte, eta 60.000 euro inguru adjudikatu dituzte horretarako. Horiez gain, Munoa etxaldea erosteko dirua bideratzeko eta Ur Sarea Kudeatzeko Planaren bigarren fasea bultzatzeko erabili nahi dute kreditua. Barakaldo antzokiarentzat 100.000 euro izango dira, eta Udal Kirol Erakundearentzat, 596.000. Ogasun zinegotzi Olga Santamariak azaldu duenez, tokiko gobernuak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkotzat jotzen dituen inbertsioak dira.

Bestalde, udal larrialdietako laguntzen saila handituko dute: 750.000 euro. Horrela, horretarako diru gehien ematen duen euskal udala izango da.