“Goi mailan jokatzea eta, gainera, irabaztea zer den ezin da azaldu hitzez”

Azken Munduko Pala Txapelketako irabazleetako bat izan da Koldo Larrinaga (Sopela, 1978), Pablo Fusto argentinarrarekin batera. Sopeloztarrak denboraldi ederra egin du, eta, amaieran, txapela jantzi du. Haren ibilbidea goraipatzeko, omenaldia egin zioten herrikoek joan den barikuan.

Zu omentzeko elkartu dira Sopelako udal pilotalekuan. Nolakoa izan da ekitaldia?

Oso hunkigarria iruditu zait, nire herrian eta ezagutzen dudan jendea ondoan dudala, omenaldia egin didate. Munduko Pala Txapelketa irabazi berri dugu. Bigarrena izan da hau. Hortaz, egindako ibilbideari eskainitako goresmena izan dela pentsatzen dut. Joan den astean, Getxon, nire klubean, beste omenaldi bat egin zidaten, eta esker ona adierazi nahi dut horregatik. Gainera, egundaino, denboraldi hau oso ona izaten ari da niretzat. Oso pozik nago.

Omenaldiaren egunean, partidu bi jokatu zenituzten. Batetik, Fausto eta Gama Urkijo eta Brefelen aurka. Bestetik, Gaubeka eta zu Garcia eta Imanolen kontra.

Duela bi aste atseden hartu genuen. Ondorioz, txapelketa berriaren hasiera izan da guretzat. Lehenengo partidua jokatu dugu elkarrekin. Espero dugu lehiaketa hau ere ondo abiatzea.

Azken Binakako Munduko Pala Txapelketa martxoan jokatu zenuten. Bost partida izan ziren, eta bostak irabazi zenituzten. Partida bakar bat galdu gabe iritsi zineten finalera.

Itxuraz, esan daiteke erraza izan zela irabaztea; emaitzak argiak izan ziren. Baina ez zen inondik inora hala izan. Finalistekin, Gaubekarekin eta Aierberekin, set bakarra galdu genuen. Gainontzeko partidu guztiak 3 eta 0 irabazi genituen. Horrek engaina dezake pixka bat; badirudi set guztiak erraz irabazi genituela txapelketan. Baina, esan bezala, ez zen horrela izan.

Txapel ugari lortu dituzu azken urteetan. Espero zenuen lehiaketa hau ere irabaztea?

Azken denboraldian, hiru final jokatu eta bi irabazi ditut. Denboraldi hasieran, liga irabazi genuen. Horren ostean, Gabonetako lehiaketako finalera heldu ginen; baina, hori galdu egin genuen. Gero, Binakako Munduko Pala Txapelketan jardun dugu. Hor lortu dugu bigarren garaipena. Txapel batzuk baditut, baina guztiak dira garrantzitsuak. Adibidez, Munduko Pala Txapelketan lortutako biak inportanteak dira. Lehiaketa berbera 2008an ere irabazi genuen. Beste alde batetik, 2005ean Euskadiko Binakako Txapelketan lortutako txapela ere gogoan gordeta daukat.

Zer sentitzen duzu txapela janzten duzun bakoitzean?

Gehiago ezindakoa da. Gaur egun, palako maila gorenean jokatzen ari gara. Debutatu nuenean, ez nuen sekula pentsatu txapel bat lortzeko gai izango nintzenik. Orain, batzuk lortu ditut, eta, azken batean, denek dute garrantzi bera. Lan handia egin behar izan dut guztiak lortzeko. Sentipena ezin da azaldu. Goi mailan jokatu ahal izatea, eta, gainera, irabaztea zer den ezin da azaldu hitzez. Pentsatzen dut kirol guztietan berdina gertatuko dela.

Noiz eta nola hasi zinen zu palan jokatzen?

Kirol honen zalea izan naiz betidanik, eta Getxoko klubean hasi nintzen txikitan jokatzen. Nahiz eta Sopelan bizi, beti aritu naiz Getxoko klubean. Bertakoek asko lagundu didate. Haiei esker heldu naiz gaur egun nagoen tokira.

Zure ustez, zer behar da pala jokalari ona izateko?

Alde batetik, gaitasun fisikoak eta teknikoak behar dira, noski. Baina, horietaz gain, psikologikoki prestatuta egon behar dela pentsatzen dut. Badira oso ondo jokatzen duten jokalariak. Hala eta guztiz ere, hitzordu garrantzitsuak heltzen direnean, partidu esanguratsuak, oso urduri jartzen dira eta ez dute beharrezkoa den maila ematen. Horrexegatik, kontzentrazio handia izan behar da. Nire ustez, fisikoaz eta kirol teknikez gain, prestaketa psikologikoa funtsezkoa da.

Zenbat entrenatu behar da goi mailan aritzeko?

Denboraldiko fasearen araberakoa da. Garai batzuetan, partidu asko jokatzen ditugu jarraian. Ondorioz, ez dugu hainbeste entrenatzeko beharrik. Esate baterako, astean bi edo hiru partidu baditugu, normalean, ez gara asko entrenatzen. Kirol gogorra da. Palak asko pisatzen du, eta besaburuak edo giharrak asko minberatzen dira. Hori dela eta, gehiegizko entrenamendua gogorra izan daiteke. Hala ere, sasoiko mantentzen saiatzen gara.

Atzelari moduan aritzen zara. Indar handiagoa egin beharko duzue partiduetan.

Batez ere, geure lana defentsan datza, ez erasoan. Aurrelaria puntuak amaitzeaz arduratzen da. Horren ondorioz, partiduaren pisua geure gain hartu ohi dugu sarri atzelariok. Pilotari urrunetik eman behar zaio, eta, hain urrun egonda, gogorrago jo behar diogu palarekin. Beste alde batetik, aurkako aurrelariak jaurtitzen dizkigunei erantzun behar diegu. Batzuetan, aurretik indar handiarekin jotzen dute pilota eta oso atzera botatzen digute. Horiek jo eta itzuli behar dira. Horretarako, tiro trebetasuna ere izan behar dugu atzelariok.

Txapelketa berria hasita, zeintzuk dira hurrengo erronkak?

Lehiaketa honetan ondo aritzea. Txapelketa hau, nazioarteko lehiaketa, urteko garrantzitsuenen artean dago, eta oso pala jokalari onak daude. Ondo egin nahi dugu. Iaz, finalera heltzea lortu genuen. Orain arteko entrenamenduak ez dira nik nahiko nituzkeen modukoak izan. Ez nago sasoi onenean; hala eta guztiz ere, txapelketari hasiera ona eman nahiko nioke, eta, posible bada, beste txapel bat eskuratu.

Zer aholku emango zenieke kirol honetan hasi nahi duten gazteei?

Kirol honekin gozatu dezatela. Batez ere, jokatzen dutenean ondo pasatzea. Garaipenak heldu behar badira, helduko dira. Baina gozatu behar dute palan jokatzen dutenean. Bestela, zertarako hainbeste ahalegin?