Gerediagak eta Durangaldeko dantza taldeek Dantzaroa ospatuko dute bihar

Bosgarren urtez Dantzaroa dantza jaialdia egingo dute bihar, Durangon. Gerediaga elkarteak eta eskualdeko dantza taldeek antolatzen dute elkarlanean, Durangaldeko dantzak ezagutzera eman eta dantzarien arteko harremana sendotzeko.

Durango, Iurreta, Garai eta Berrizko dantza taldeak batuko dituen ekitaldia 19:00etan hasiko da, udaletxetik Andra Mari elizpera egingo duten kalejirarekin. 19:30ean, dantza erakustaldia hasiko da. Dantzari dantzako agintariena, zortzinangoa, banangoa, makil jokoa eta txotxongiloa dantzatuko dituzte. Baita Durangoko Corpus jaietan jatorria duten arku dantza eta zinta dantza ere.

Goizean, Gerediagaren egoitzan euskal diskoen azoka egingo dute. “Mila disko inguru aterako ditugu”, azaldu du elkarteko kide Jon Irazabalek. Bide batez, elkartea ezagutzeko aukera egongo da.