“Boluntarioengatik ez balitz, agian ezingo genuke lana bete”

Iturgin moduan hainbat urtetan ibili ostean, duela hiru urtetik Lea-Artibaiko Gurutze Gorriko Itsas salbamenduko patroi lanetan dabil Miguel Angel Anakabe (Ondarroa, 1979). “Gustura nago hemen. Gustatzen zaidan lan bat da, eta pertsonalki jendeari lagundu ahal izateak gogobetetzen nau”.Ondarroako Itsas Arrantza eskolan ikasia, soldadutza herriko Gurutze Gorrian egin zuen, eta, gero, boluntario moduan bost urtez aritu zen bertan. Itsasoarekiko lotura, baina, umetatik du. “Aitonak ontzi bat zeukan, eta aitak eta biok ere izan genuen beste bat. Aita arrasteontzi bateko patroia izan zen”, azaldu du.

Bizkaian hiru itsasontzi base dauzka Gurutze Gorriak: Getxon, Bermeon eta Ondarroan. Guztira, ehundik gora boluntario ari dira beharrean, lekuan lekuko patroien ardurapean. “Bizkaian bost patroi edo itsas salbamenduko teknikari gaude: Getxoko Arriluzen, bi; Bermeon, bat; eta Ondarroan, bi”, zehaztu du.

Arrantzontzi zein aisialdirako ontziei segurtasun zerbitzua eskaintzea da euren zeregina. Hala, larrialdietako irteerez gain, prebentzio lana ere egiten dute. “24 orduetan salbamendurako prest gaude, edozein irteera egiteko gertu”. Patroien kasuan, une oro telefonoari adi egon behar dute, eta hurrean. “Ezin gara hemendik urrun joan; deitzen bagaituzte, erantzuteko tarte bat dugu zehaztua, eta hori bete behar dugu”. Alabaina, dioenez, normalean, bietako bat egoten da beti lantokian, eta gehienetan, biak.

Boluntario izateko prestakuntza urte hasieran ematen dute. Urtarriletik martxora bitartean, asteburuetan egiten dituzte. 48 orduko oinarrizko laguntza ikastaroa eta 120 orduko uretako sorospenekoa izaten dira. Besteak beste, sendatzeak zelan egin, nola immobilizatu, bihotzeko eta biriketako suspertzeak nola egin eta desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzen ikasten dute lehenengoan. Bestean, berriz, ariketa horiek uretan egiten dituzte. Bigarren ikastaroa egin aurretik, proba bat egin behar dute: lau minutuan 200 metro igeri egin, 25 metroko sakoneran apnea bat eta minutu bat ur azpian iraun. Halaber, hondartzetan lan egiteko ikastaroa ematen dute.

Gurutze Gorriko boluntarioen lana eskertu eta nabarmendu du. “Boluntarioengatik ez balitz, agian ezingo genuke bete gure lana, ez behintzat betetzen den kalitatearekin. Aitortza merezi dute. Denbora librea jendeari laguntzen inbertitzen dute”.

Zumaiatik (Gipuzkoa) Earako kostalde zatiaz arduratzen dira Ondarroako itsasontzi basean. Gerta litezkeen istripu edo larrialdietan esku hartzeaz gain, erreskate “txikiagoetan” eta kostaldeko herrietako kirol zein jai giroko ekitaldietan ere egoten dira prebentzio moduan. Aurten, oraingoz, erreskate txikiak egin dituztela dio ondarroarrak.

Arrasteontziei laguntzea egokitzen zaie sarri. Batzuetan, istripuek itsasoan eragin ditzaketen kalteez aparte, eskifaien bizia egon ohi da arriskuan. “Iaz, 40 metro pasatxoko arrasteontzi bat irten zen hemengo portutik, eta arrazoi teknikoengatik, motorrik gabe geratu zen. Joan ez bagina, haitzetan amaituko zuen, eta, gasolina edo olioa isuriz gero, ondorio larriak eragingo zituen”.

Edonoiz irteteko prest

Eguraldi onarekin, eta, batez ere udan, aisialdirako ontziak erreskatatzeko irteera gehiago egiten dituzte. “Motorra hondatu zaielako, erregai gabe geratu direlako, edota harkaitz artean atera ezinik geratu direlako”. Herritarrak itsasoan eguna pasatzera edota arrantzatzera ateratzen dira, eta matxuraren bat dutenean, atoian eramaten dituzte porturaino.

Noiz edo noiz tokatu zaie harkaitz artean jendea erreskatatzea: “Duela bi urte Itziar azpian bost ume geratu ziren haitz artean harrapatuta. Hondartzatik oinez joan ziren, eta marea igotzean ezin ziren pasatu. 23:00 aldera abisatu gintuzten. Ezin genuen ontzia bertaraino eroan; uretara salto egin, eta haiengana heldu ginen. Barkutik txikota bat bota, eta denak hari helduta atera genituen”. Prebentzio lanari dagokionez, asteburuetan eta udan izaten dute behar gehien. Adibidez, estropadetan, triatloietan eta belaontzien ibilaldietan izaten dira. “Lekeition egindako Euskadiko Kayak Txapelketan egon ginen. Ondarroako eta Lekeitioko Antzara Egunetara joaten gara. Etzi, Ibilaldian, Arriluzekoak egongo dira itsasadarrean, eta Bermeokoak, esaterako, Madalen egunean egoten dira”.

Bestalde, itsasontzien mantentzea egunero egiten dute. Dena prest izan behar dute edozein momentutan irteteko. “Ontziak egunero martxan ipintzen ditugu, olioa begiratu eta abar. Dena ondo dagoela ziurtatzeko”. Bestalde, zenbait praktika egiten dituzte tarteka. Ontzien erabilera, jendea arroketatik zelan atera eta urpekaritza praktikak egiten dituzte, “trebatzeko eta gauzak ondo egiteko”. Benetako larrialdietarako prestatzeko ariketak dira. “Gauzak hondotik nola atera lantzen dugu. Esaterako, tona bateko harri bat altxatu eta bi metroan mugitzen dugu”.