Bizkaiko hondartzetako zerbitzuak berrantolatuko ditu aldundiak

Bihar zortzi hondartza denboraldia hasiko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuak berrantolatuko ditu. Aldaketa horien helburua baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzea da.

Lan horietara bideratutako diru kopurua murriztu ostean, sorosleen eta hondartza zaintzaileen zereginetan aldaketak egongo dira. Hala ere, bakoitzak bere funtzioa izango du, eta ez dira bi taldeak batuko. Sorosleen kopurua ez dute murriztuko, eta urtero egon ohi diren hondartzetan izango dira, berriz ere, bainulariak zaintzen. Egoera ikertzeko, zenbait txosten tekniko egin dituzte, eta, foru aldundiak azaldu duenez, “zerbitzuak optimizatzeko asmoz, hondartza zaintzaileen kopuruan eragitea erabaki da”.

Hondartza zaintzaile gutxiago

Zerbitzuen antolamendu berriarekin, hondartza zaintzaileen kopurua murriztu dute uda honetarako. Lehen, Bizkaiko hondartzetan 77 zeuden; orain, 31 ibiliko dira hondartzak zaintzen. Kenduko diren lekuetan sorosleek beteko dute haien zeregina..

Hondartza zaintzaileak jende gehien biltzen den tokietan egongo dira. Zeregin ugari dituzte: aparkalekuen kudeaketaz, hondartzen sarbideen funtzionamendu egokiaz, bandalismo ekintzak eta animalien presentzia saihesteaz eta legez kontrako kanpaldiez arduratzen dira. Horrez gain, informazioa banatu eta hondartzetako erabiltzaileek dituzten kexak ere jasotzen dituzte.