Basauriko Euskara Planaren zirriborroa noiz aurkeztuko zain

Martxoaren 20an amaitu zen Basauriko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari ekarpenak egiteko epea. EH Bilduk planaren zirriborroaren “arrastorik ez” dela salatu du: “2013-2017 epealdirako planaren zirriborroa ez dute ez informazio batzordean ez aholku batzordean aurkeztu”.

Euskararen Aholku Batzordeak otsailaren 13an egin zuen lehen batzarra. Han bildutakoek hainbat proposamen helarazi zituzten hitzarturiko epean. EH Bilduk adierazi du ehun proposamen “baino gehiago” aurkeztu zituela, eta batzordeko gainontzeko kideen ekarpenak eskatu dizkiela udaleko arduradunei, baina ez dizkietela banatu. “Bi hilabete pasatu dira, eta udal arduradun politikoen eta teknikoen aldetik ez da berririk egon”.

Otsailetik ez da bildu Euskararen Aholku Batzordea, eta, koalizioak zehaztu duenez, oraingoz “ez dauka biltzeko deialdirik”. Halaber, udal arduradun politiko zein teknikoei zirriborroa noizko prest izango duten galdetu dietela azaldu dute. “‘Ez dakigu’, erantzun digute”.

Beste plan bat

Plan adostu bat lantzeko asmoz, Basauriko EH Bilduko ordezkariak Euskara Aholku Batzordeko gainontzeko kideekin, herriko euskalgintzako kideekin eta interesa duten eragileekin bilduko dira. “Eztabaida prozesu bati ekingo diogu plan adostu bat lantzeko”, esan dute. Hori amaitutakoan, eta udal gobernuak Euskara Plan Estrategikoaren proposamenik egiten ez badu, eragileekin landutako plana onartzeko eskaria egingo dutela jakinarazi dute.

EH Bilduren proposamenak

Koalizioak hamar puntutan laburtu ditu aurkeztu dituen proposamenak. Udal administrazioan 2013-2017 epealdirako Euskararen Erabilera Plana onartu eta martxan jartzea eskatzen dute, Eusko Jaurlaritzaren 86/1997 dekretuak agintzen duen bezala.

Hezkuntza arloko eragileekin elkarlanean egitasmo berriak martxan jarri edota daudenak indartzea, familian euskararen transmisioa bultzatuko duen plangintza egituratua eta euskara gizarte bizitzan txertatzea eskatzen dute. “Esaterako, familia euskaldunentzako ekinbide bateratuak antolatzea”.

Bestalde, merkataritza eta enpresa esparruan euskara gizarteratzeko kanpaina “atsegin eta positiboak” egitea proposatu dute, “sektorearen inplikazioa bilatuz”. Besteak beste, gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina bat egitea eskatzen dute.

Kulturgintza eta aisialdiko eskaintzari dagokionez, ume zein gazteena nagusiki euskaraz izatea eta diru gastuan hezkuntzen arteko oreka egotea gura dute. Horri lotuta, hilean behin Euskararen Agenda kaleratzea nahi dute, herriko euskarazko eskaintza bertan bildu eta modu egokian zabaltzeko.

Halaber, euskalduntzean euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatzen dute, eta berbalagun programa indartu eta zabaltzea. Gaztetxean euskararen erabilera sustatzea eta herriko jaietan euskara bermatzeko “irizpide argiak” ipintzea ere proposatu dute.

Horrez gain, diruz laguntzen diren hedabideei hizkuntza irizpideak ezartzea eskatzen dute, baita udalerri zein eskualdean euskara hutsezko hedabideak egoteko lan egitea ere.