Zer egin daiteke etxeko sukaldean sute txiki bat sortzen bada?

Istripuak sortzen direnean, badira lehen uneetan har daitezkeen neurri batzuk. “Zartagin batek sua hartzen badu, lapiko baten estalkiarekin estali behar dugu berehala. Beste aukera bat da trapu heze bat gainera botatzea”, azaldu du Monterok. Gaur egun, suteak itzaltzen dituzten tapakiak ere saltzen dituzte merkatuan, eta larrialdi une batean baliagarri suerta daitezke. “Sua itotzen saiatu behar dugu, hau da, airea eta erregaia banatu behar ditugu”. Gasarekin funtzionatzen duen sukalde batean, sutea ez hedatzeko erregailuak garbi mantendu behar dira. Horrela, su lama modu uniformean irtengo da. “Dena ordenatuta eta garbi edukitzea funtsezkoa da, sua saihesteko”.