Xakelariak

Ez dakit xakean olgatzen. Oraindik deskubritu behar dut gabezia edo abantaila ote den, baina ez dakit olgatzen. Ez dakit zaldia zeharka doan, dorrea zuzen, erregina ezinbestekoa ote den, ezta zenbat peoi dagoen ere. Pentsatzen dut ez diodala xarmarik aurkitu orain arte. Egin dezagun atzera uler diezadazun. Prrrr. Eguerdia jotzear zegoela tranbiatik atera nintzen. Homeless batzuk egon ohi dira hantxe; egonean, berbetan, zigarrotan, ardotan… badira aste batzuk xaketan ikusten ditudala. Uste dut zaborretan aurkitu dutela xakea, edo norbaitek oparituko zien. Baina posibleago ikusten dut lehenengo aukera bigarrena baino. Gauza da ez dituztela piezetako batzuk. Dorre bat faltan dute, peoi batzuk, eta esango nuke errege bat ere baietz. Auskalo zein xake jokalditan galduko ziren betiko. Tranbiako bisitariek, baina, irtenbidea aurkitu diote. Iturriak. Bueno, iturriak ez dira, plastikozko botilen iturriak dira. Gorriak eta zuri bat ikusi nituen. Ikusi nituen lehenengo egunean inbidia sentitu nuen. Ez dizut aitortu, baina itzelezko inbidia ematen dit jendea xaketan ikusteak. Kontradikzioak, bai; ez diot xarmarik ikusten, baina inbidia sentitzen dut. Beharbada horregatik daukat etxean xake bat. Batzuetan begiratzen dut, zabaltzen dut eta piezak nire erara kokatzen ditut. Baina zinez esan dizut: ez dakit jolasten. Tranbiako partidan bi ziren jolasten ari zirenak. Jokoan erabat kontzentratuta zeuden. Inguruan hiru lagunek taula begiratzen zuten kontzentrazio maila berberean. Estrategiak bete zituen euren buruak. Ikusi nituen lehenengo egunean harritu nintzen, bai. Homeless batzuk xakera jolasten! Aurreiritziak dira, jakina, denok izan gaitezkeelako xakezale. Eta irakurzale, musikazale, arrantzazale eta nahi adina zale. Baina aitor iezadazu, zu ere ez zinateke harrituko? Lehenengo egunean pentsatu nuen nobedade kontua izango zela, nonbaiten xakea aurkitu eta jolasteari ekin ziotela. Aste batzuk pasatu dira, eta olgatzen jarraitzen dute. Ez dakit partida bera ote den, esango nuke ezetz, baina beti kontzentrazio maila berberean aurkitzen ditut. Behin burutik pasatu zitzaidan ez ote zen pelikula bateko dekoratua izango, ez dakit, agian Bilboko kultura jarduera turismo jomugatzat saltzeko asmatutako irudia. Baina ez. Xakelariek arnasa hartu hartzen dute. Esango nuke, beraz, benetako estanpa bat dela. Eta orain, betoz turismo-agentziak errusiar xakezaleak (eta euren sakelako sosak) erakartzeko kanpaina abiatzera. Bai, arrazoi duzu, beste aurreiritzi bat da.