Sexu askatasun eta aniztasunaren aldarri

Hirugarren urtez jarraian, abian da Bizkaiko Foru Aldundiaren homofobiaren aurkako kanpaina. “Bizkaia bidezkoa eta berdintasunezkoa izango bada, sexu eskubideak errespetatu behar dira. Eskubide horiek giza eskubideak dira eta”, adierazi du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak kanpainaren aurkezpenean. Aurten, erakundeen arteko lankidetzari esker, kanpainak eduki “zabalagoa” daukala zehaztu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EHUko Errektoretzak eta Ikasle Kontseiluak eta Bizkaiko Lesbiana,Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteek parte hartu dute kanpainan.

Foru aldundiak, Homofobiarik ez lelopean, genero identitate eta orientazio sexualaren diskriminazioaren aurkako konpromisoa helaraziko die bizkaitarrei: “Edozein sexu bereizketaren kontra sentsibilizatzea eta borrokatzea da gure helburua”. Bizkaia “justuago eta berdintasunezkoagoa” lortzeko bidean sexu eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela dio Ardanzak, “horiek ere giza eskubideen barruan daudelako”.

Urtez urte kanpaina “indartsuagoa” egiten saiatu direla esan du Xabier Legarreta foru aldundiko Berdintasunerako zuzendariak. “Kartelak eta iragarkiak egitea beharrezkoa da kanpaina ikustera emateko, baina gaia sakonago landu behar da”. Neurri batean, elkarlanari esker lortu dute hori, eta, horregatik, parte hartu duten erakunde eta elkarteen laguntza eskertu eta nabarmendu du: “Erraztasunak baino ez dizkigute eman”.

Iaz, kirol arloan jarri zuten arreta; aurten, berriz, hezkuntzarako material didaktikoa prestatu dute. Ikastetxeek “leku seguruak eta errespetuzkoak” izan behar dutela esan du Ardanzak, eta honako datu hau eman du: 2012ko irailean, Espainiako Lesbianen, Gayen, Transexualen eta Bisexualean Federazioaren Hezkuntza Batzordeak egindako ikerketa baten arabera, 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoetan hasten dira homofobia jazarpenak. Txostenean zehazten da egoera horretan dauden zenbait nerabek beren burua hiltzen saiatzen direla. “Gaur egungo gizarteak ezin du onartu hori”.

“Ikasgeletan agertzen den homofobia aztertzea erabaki dugu. Jakin badakigu belaunaldi berrien hezkuntza garrantzitsua dela. Eskola eremuan, genero edo identitatearen kontrako adierazpen zein jokabide orok desagertu behar dute”, azaldu du Gizarte Ekintzako foru diputatuak.

Bizkaiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan banatuko dute materiala, tutoretza orduetan lantzeko. Berritzeguneen bitartez —hezkuntzako prestakuntza eta berrikuntza garatzeko zentroak— , 500 CD banatu dituzte. Berdintasunerako zuzendariak esan duenez, oinarrizko material didaktikoa prestatu dute: homofobia zer den, zer den dibertsitatea, homosexualitatea zer den, sexu eskubidea giza eskubidea dela… “Eta horrekin batera, gaian sakontzeko lotura batzuk jarri ditugu, osagarri moduan”.

Kanpainarekin, eskoletan zegoen hutsune bat ere bete dute: “Kanpaina egiten hasi ginenean, Hezkuntza Sailekoek komentatu ziguten irakasleek gai hauek lantzeko orduan zailtasunak topatzen zituztela, ez zekitela zelan landu”, esan du Legarretak. Zeregin horretan LGTB elkarteen laguntza funtsezkoa izan dela dio. “Aldarte eta Guztiok elkartekoek hezkuntzan zuten esperientzia oso lagungarria izan da materiala prestatzeko”.

Adierazpen instituzionala

Hezkuntzarako materialaz gain, Bizkaiko LGTB elkarteekin adostutako sexu aniztasunari buruzko adierazpen instituzionala eta Homofobia iraganeko kontua da izeneko erakusketa ibiltaria ere prestatu dituzte gaurko aldarrikapen egunari begira.

Sexu askatasunari eta dibertsitateari buruzko adierazpen instituzionalarekin bat egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, hainbat udalerrik eta mankomunitatek. Hala, diskriminazio afektibo-sexualaren zein genero identitatean oinarritutakoaren kontrako borrokan duten konpromisoa berretsi dute. Gainera, manifestuaren aldeko konpromisoa agertzeko eskatzen diete hezkuntzako erakundeei, eskola kontseiluei, guraso elkarteei eta gizarteari.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiaren laguntza ere izan dute. Kanpainaren kartelean Goirizelaia ageri da, bost gazterekin batera. “Bere irudia emanez parte hartu du, ikastetxeetan eraso, komentario edo ekintza homofoboak geldiaraz daitezen eskatzeko”, zehaztu du Ardanzak. Horretaz gain, EHUren Bizkaiko campusetatik pasatuko da hamahiru panelez osaturiko erakusketa. Apirilaren 22an hasita, astez aste lekualdatu dute. Orain, Leioako liburutegian dago, baina astelehenetik aurrera Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako Fakultatean egongo da. Maiatzeko azken astean Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ipiniko dute.

Karteletan informazioa eta argazkiak bildu dituzte; tartean, sexu eskubideei buruzkoak. Sexu askatasunari dagozkion eskubideak ageri dira, eta, aldi berean, urteetako garapena azaltzen dute: “Lehen zelan geunden, gaur egun zelan gauden eta etorkizunerako zer gura dugun azaltzen dute”. Besteak beste, sexu eskubideak giza eskubide unibertsalak direla diote. Era berean, urteotan herrialde batzuek bazterketaren aurkako legeak egin arren, oraindik egiteko geratzen den bideaz pentsatzera eramaten du. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualei bizitzeko eta aske izateko eskubideak ukatzen dizkieten estatuen jarrera gaitzesten du, “hiltzen, jazartzen eta mehatxatzen dituzten herrialdeak baitaude”, dio Legarretak. Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak oraindik ez du aitortu Homofobiaren Aurkako Eguna, zeina gaurko egunez izaten den.

Giza eskubideen defentsa lan “gogorra” dela dio, egunero “borrokatu behar da” horren alde. Berdintasun Zuzendaritza sail zabala dela dio, baina betiere giza eskubideak bermatzearen alde eta bazterketaren aurka dihardutela. “Helburuak ez dira egun batetik bestera lortzen, baina eman dira pausoak”.