“Istripuetan hiltzen diren gehienak hirietan hiltzen dira”

Ekologistak Martxan eta Biziz Bizi hiri txirrindularien elkartea hirietan abiadura mugatzearen aldeko Europako kanpainan parte hartzen ari dira. Ekologistak Martxan taldeko kidea da Txapu Martin (Durango, 1952), eta, haren ustez, hirietan orduko 50 kilometroko abiadura orduko 30 kilometrora murrizten bada, “alde guztietatik datoz onurak”.

Zer dela-eta abiatu duzue hirietan abiadura mugatzeko kanpaina?

Kanpaina hau hainbat lekutan saiatu da martxan jartzen, baina, azkenean, Europan sortu da. Ekimen hiritar baten inguruan sortu da. Europan 1.000.000 bat sinadura bildu behar dira, gutxienez, zazpi estatutako jendearekin.

Sinadura horiek behar dituzue herri ekinbide legegile bat atera dadin.

Gehienbat talde ekologistetako, txirrindularien taldeetako, istripuen kontrako taldeetako eta oinezkoen elkarteetako jendearekin ari gara sinadurak biltzen eta ekinaldia aurrera eramaten. Ostean, herri ekinbide legegile bat sortu nahi da. Nahiz eta baldintzak bete, inork ez digu ziurtatzen ekinbide hori aurrera eramango dela. Hala ere, gutxienez, jendearen parte hartze zabala lortzen ari gara. Guretzat garrantzitsuena hirietan abiadura muga hori jartzeko aukera da. Era berean, gure ideiak hedatzeko eta guk honi ikusten dizkiogun abantailak zabaltzeko modu bat da.

Hirietan abiadura murrizteak onura asko ekarriko lituzkeela diozue: kutsadura eta zarata gutxitu, zirkulazioa hobetu…

Alde guztietatik dakartza abantailak. Esan behar da duela pare bat urte Europako Parlamentuak aholku moduan neurri hori proposatu zuela. Modu merkea da gauzak konpontzeko. Gaur egun, hirietan dagoen muga orduko 50 kilometrokoa da. Murrizten bada, istripuak gutxiagotu egingo lirateke, eta horien larritasuna ere apalagoa izango litzateke.

Gainera, zenbat eta mantsoago joan, balaztatzeko behar den distantzia laburragoa da.

Balaztatzeko behar den distantzia heren bat murrizten da, gutxi gorabehera. Orduko 50 kilometroko abiadurarekin ia-ia 50 metro behar dira gelditzeko. Orduko 30 kilometroko abiadurarekin, 34 metro inguru behar dira. Gainera, istripuen larritasuna bederatzi aldiz murrizten da istripuan hiltzeko arriskuari dagokionez. Bestaldetik, ikusteko eremua bikoiztu egiten da abiadura horrekin. Modu horretan, gidariak inguruan dituen elementuak errazago ikusten ditu.

Ohartarazi duzue harrapatze gehienak hirietan gertatzen direla.

Batzuetan pentsatzen dugu hirietan harrapatze gutxi daudela. Istripuetan hiltzen diren gehienak hirietan izaten dira. Biktima gehienak oinezkoak dira, eta, oinezkoen artean, pertsona multzo ahulenak umeak eta adinekoak dira.

Domekan Bizikleta Eguna egin zenuten Bilbon. Nola joan zen?

Biziz Bizik urtero antolatzen duen ekitaldia da. Horren bidez, Bilbon txirrindularien presentzia areagotu nahi dugu. Horretarako, txirrindulariek zirkulazioari dioten beldurra pixka kentzeko, autoen presentzia murriztu beharko litzateke. Bestela, azkenean, txirrindulariak beti gelditzen dira bidegorrietan edo horrelako esparru berezietan. Guretzat, bizikletak garraiorako tresna izan behar du hirietan. Kirola egiteko ere garrantzitsua da, baina, hirietan mugitzeko gaur egun oraindik ere gure hirietan nahiko txikia da.

Europako zenbait herrialdetan bizikletaz ibiltzeko ohitura handia dago, Euskal Herrian baino handiagoa. Zer iruditzen zaizu Euskal Herrian ematen diogun erabilera?

Duela hiru hilabete Amsterdamen egon nintzen, eta badakigu hiri hori bizikletaren paradisua dela. Han egiten diren lekualdatzeen %50etik gora bizikletaz egiten dira. Txirrindulariek oinezkoekin eta autoekin partekatzen dute bizilekua, eta, hemen ere, hori lortzeko, mugak jarri behar dira. Guretzat abiadurari muga jartzea oso garrantzitsua da.

Bidegorriak daude. Hala ere, euskal hiriak eta herriak prestatuta al daude bizikletentzat?

Nik uste dut gaur egun bizikletaren presentzia txikia dela. Gehiago erabili beharko genuke, eta aukerak egon badaude. Batzuek esango dute hainbat bidegorrik kilometroak eta kilometroak dituztela, baina batzuetan erabili ere ez dira egiten. Bidegorriak oso ondo daude ikasteko edo umeekin ibiltzeko, baina, egoera normalizatu nahi bada, bizikleta modu normalean erabili nahi badugu, bizikletak kaleetan, errepideetan, egon behar du. Horretarako, autoen presentzia txikiagotu egin behar da. Hiri erdiguneetan ez dago horrenbesteko erraztasunik bizikletan ibiltzeko. Gainera, elementu arkitektoniko batzuk, biribilguneak esaterako, oso kaltegarriak dira txirrindularientzat. Horientzat oztopo handia izaten dira. Ondorioz, txirrindulariek zer egiten dute? Aprobetxatu semaforoetatik edo espaloietatik pasatzeko. Hor topo egiten dute oinezkoen eskubideekin, eta hori ez da zuzenena.

Zer pentsatzen duzu kaskoaren erabileraz? Derrigorrezkoa izan beharko luke?

Gai horri buruzko gutun bat irakurri berri dut, eta, nire ustez, oso adierazgarria izan zen. Egileak kontatzen zuenez, eskiatzailea eta txirrindularia da, eta eskiatzeko inork ez du behartu kaskoa erabiltzera. Hala ere, jende gehienak erabiltzen du kaskoa eskiatzeko, eta erabiltzen ez baduzu, zuk aukeratutako erabakia izan da. Mendiko bizikletan ere ez dago inolako derrigortasunik, baina errepidean bai. Zergatik planteatzen da orain hirietan kaskoaren beharra? Bakoitzak ikusiko du kaskoa beharrezkoa den edo ez. Nik motorra daukat, eta ez nintzateke irtengo kaskorik gabe. Oso polita eta erosoa da kaskorik gabe ibiltzea, baina segurtasun tresna bat da. Hala ere, hirietan kaskoa erabiltzea planteatzen bada, dauden oztopoak areagotzea izango litzateke. Adibidez, bizikleten maileguari dagokionez, kaskoa besapean eraman beharko genuke bizikleta bat hartu nahiko bagenu mugitzeko. Nahi duenak eraman dezala kaskoa hirian, derrigorrezkoa izan gabe.