Haur eta gazteentzako campusak antolatu dituzte, kirola eta kultura oinarri

Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak udarako prestatu dituzten campus, udaleku eta barnetegiak aurkeztu dituzte. Aurten, kirolak eta kulturak presentzia handia izango dute euskara sustatzen jarraitzeko egitasmo hauetan.

Iaz, futbol campus bat antolatu zuten Danok Bat taldearekin, eta, izan zuen arrakasta ikusita, ildo horri jarraitu diote. Orduan, ehun umek baino gehiagok parte hartu zuten campusean. “Proba moduko bat izan zen guretzat; ikusi genuen langai eta langintza handia zegoela”, azaldu du Xabier Monasteriok, Zenbat Gara elkarteko kideak. Horregatik, aurten, harremanetan jarri dira aisialdiarekin zerikusia daukaten beste erakunde batzuekin, bai kultura bidetik, eta bai kirol aldetik. Horrela, proiektu berriak sortu dituzte udarako: pilota, mendia, txirrindularitza, rocka, arrauna, bertsolaritza eta ingelesa lantzeko campusak. “Iaz ekin genion elkarlanari. Konturatu ginen umeentzat zein garrantzitsua den aisialdia eta aisialdi horretan euskarak leku bat hartzea, naturaltasun osoz”.

Aniztasuna jardueretan

Bilbon eta inguruetan antolatuko dituzte eguneko campusak; 08:30etik 15:00ak arte izango dira, eta bazkaria barne egongo da. Ekintzen arabera, elkarte bakoitzak erabakiko du jarduerak non egin. Eguna bi zatitan banatuko dute. Lehen orduetan, arlo bakoitzak bere jarduerak prestatuko ditu. Esate baterako, txirrindularitza taldeak bidegorrietan arituko dira, eta arraun taldeak, itsasadarrean. Bigarren zatian, bestelako ekintzak egingo dituzte, Zenbat Gara elkarteak dituen lokaletan eta Miribilla eta Abusuko udal kiroldegietan. “Saiatuko gara zehar lerroak erabiltzen; hau da, haur batek lehenengo orduetan txirrindularitza egin badu, bigarren saioan egin ditzala bestelako gauzak: antzerkia, bertsolaritza, igeriketa… Ez dadila izan gai bakarrekoa”. Monasteriok dioenez, “aniztasun horretatik dator benetako aberastasuna”. Beste alde batetik, iaz antolatu zituzten gaika banatutako udalekuak ere izango dituzte, eta zinemagintza, argazkilaritza, saskibaloia eta igeriketa praktikatzeko aukera ere egongo da.

Elkarlana funtsezko lanabesa izan da aurten. “Oso pozik gaude kultura erakundeetatik jaso dugun erantzunarekin. Berehala ulertu dute zein den asmoa; gure helburua benetan euskararentzako aisialdirako tokiak eta esparruak irabaztea dela. Kulturak eta kirolak zerikusi handia daukate horretan. Berehala bat egin dute, eta denon interesa dago horretan”, dio Monasteriok.

Horiez gain, euskaltegiak betiko eskaintza izango du, eta ikastaro trinkoak eskainiko ditu. Barnetegiak ere prestatuko dituzte Bilbon eta Bakaikun (Nafarroa). Familientzako barnetegiak ere egingo dituzte. “Oporrak heltzen direnean, orduantxe guraso batzuek astia izaten dute euskara ikasteko eta halako murgilaldi bat egiteko. Horiek gogoan antolatu ditugu familientzako egonaldiak. Bakaikun, gurasoek euskara lantzen duten bitartean, umeez arduratuko diren begiraleak izango ditugu, gainera”.