Gernikako bonbardaketaren 76. urteurrenaren harira, erakusketa bat antolatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan, Bilbon. Lehen aldiz, Batzar Nagusietako arte bildumako 11 obra egongo dira ikusgai De Gernika a Gure Artea. Destrucción y construcción de nuevos imaginarios erakusketan. Gerraren krudelkeriari buruzko gogoetara gonbidatzen du bisitaria. Euren lanetan gerrako bizipen gogorrak jaso dituzten bederatzi artistaren lanak dira: Jorge Oteiza, Iñaki de la Fuente, Gabriel Ramos Uranga, Mari Puri Herrero, Mikel Diez Alaba, Juan Luis Goenaga, Daniel Tamayo, Alfonso Gortazar eta Jesus Mari Lazkano. Euskal artearen mende erdiko ibilbidea geratzen da agerian: Gernika suntsitzea eta ondorioak.