Euskara plan berria ipini dute martxan Zaldibarren

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztu dute Zaldibarren, eguazten honetan. 2016 arte egingo dituzten ildo nagusien eta ekintzen berri eman dute. “Udal guztiok egin behar dugun plana da, datozen lau urteetan zer egin nahi dugun islatzen duena”, azaldu du Ima Eguen Zaldibarreko Udaleko normalizazio teknikariak.

Plan estrategikoan, udalak bultzatuko dituen jarduera orokorrak jaso dituzte; hala eta guztiz ere, urtez urte ekintza lerroak definitu eta garatuko dituzte. “Euskara arloan udalak zer gura duen agertzen du planak, bai udal barrura begira, eta bai, batez ere, herrira begira”.

Euskararen erabilera bultzatzen duen egitasmoa sortzeko, prozesu parte hartzaile bat sustatu dute. Horretarako, herritarrekin bi lan saio egin dituzte, “ekarpen zehatzak lortzeko”. Horren ostean, herritarren proposamen horiek osoko bilkuran onartu dituzte, aho batez, 11 zinegotziek.

Eskema orokor bati helduta, hiru helburu estrategiko izango ditu planak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta elikadura. Lehenengo ildoan daude familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntzea eta alfabetatzea arloak. “Esate baterako, familia bidezko transmisioan, saio batzuk egingo ditugu eskolan, euskara etxean transmititzea zein garrantzitsua den adierazteko. Hain zuzen, 2 eta 3 urteko umeen gurasoekin landuko dugu gai hori”. Beste alde batetik, irakaskuntzaren esparrua izango dute aztergai. “Beharbada, udalerri txiki batean ez dago asko egiteko irakaskuntzari dagokionez, baina hor badago beste lan ildo bat”.

Bigarren atal nagusia euskararen erabilerari dagokio. Eguenek azaldu duen moduan, “euskararen erabilerari buruzko atal handi horren azpian lau arlo sartzen dira: administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola”. Horiek lantzen arituko dira.

Euskara elikatzen

Azkenik, hirugarren atalean, euskararen elikadura landuko dute. Lan esparru horretan sartzen dira liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpusa, euskararen kalitatea, hedabideak eta teknologia berriak.

“Zaldibarren dugun egoera eta geure ahalbideak kontuan hartuta, lan esparruak landuko ditugu”. Egun, lehenengo erabakiak hartzen ari dira, baina prozesua ez da amaitu. “Hau hasi baino ez da egin. Herritarrek ekarpenak egin dituzte, eta horrekin osatu dugu euskara plana”. Teknikariaren arabera, hurrengo pausoa egitasmoa ezagutaraztea da. Gero, urtez urteko jarduera lerroak zeintzuk izango diren erabakiko dute, lanean jarraitu ahal izateko. “Zinegotzien eta langileen artean egindako plana baino ez da, eta etengabe elikatu behar dugu”.

Auzokideak proiektu horren partaide bihurtu nahi dituzte. Hori dela eta, parte hartzea sustatuko duten egitasmoek garrantzia izango dute. “Aurrera begira, Euskararen Aholku Batzordea osatu nahi dugu herrian. Herritarrekin osatuko dugu; parte hartzeko gogoa daukanak eduki dezala toki bat proposamenak edo bere ekarpenak egiteko”. Laster hasiko dira pausoak ematen. Teknikariak azaldu duen moduan, euskara plana “bidean emandako beste pauso bat da, baina bidea ez da hemen amaitu”.