Bihar zabalduko dute Bilborako sarbide berria

Lau urte eta erdiko iraupena izan dute obrek, baina jada amaitu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Bihar, goizeko lehen orduan, Bilborako sarbide berria zabalduko dute. Hala, gidariek, hego-mendebaldetik Bilbora sartu edo irteteko, San Mamesetik doan ibilbidea erabili beharko dute, eta ez Sabino Aranakoa, orain arte bezala.

Gaur goizean, Zabalburura doan Juan de Garaiko sarrera ireki dute berriz, Barakaldo aldetik datozenentzat —azken urteetan, Malmasin aldetik zetozenek erabil zezaketen soilik—. Izan ere, San Mameseko sarbidea ez da gai izango orain arte Sabino Aranak hartzen zuen ibilgailu kopurua bideratzeko. Hala, hegoaldetik sartu eta Indautxu aldera joan gura dutenek San Mameseko sarbidea erabiliko dute; Abando ingurura joateko, berriz, Juan de Garai hartuko dute. Gaur gauean, ostera, Sabino Aranako zubibidea behin betiko itxiko dute.

Bilbora sartzeko beharrezkoak diren berme tekniko eta argibideak ezarri dituzte. Foru erakundeak adierazi duen moduan, Donostiarako eta Kantabriarako noranzkoak eta saihesbide guztiak argi eta garbi adierazita daude.

Aldundiak 215 milioi euro bideratu ditu azpiegitura honetara. Horietatik, 156 milioi obra zibilari dagozkio. Gainontzekoa tunelekin loturiko instalazioak sortzeko, laguntza teknikorako, desjabetzeetarako eta beste mota batzuetako zerbitzuetarako erabili da. Horrez gain, suteen aurka instalatu den ur lainoztatu bidezko sistema konplexuan egindako inbertsioa azpimarratu behar da. Munduko hamar errepidek baino ez dute erabiltzen sistema hori.

Azpiegituran 110 eta 340 metro arteko luzera duten lau tunel faltsu egongo dira (Santa Ana, Santiago, San Nikolas eta Bentazarra). Altamira azpian beste tunel bat sortu dute, eta horrek 351 metroko luzera izango du. Tunel horietan zirkulatzeko abiadura muga orduko 40 eta 80 kilometrokoa izango da. Beste alde batetik, 57 eta 323 metro arteko luzera duten lau zubibide ere izango dira.

Sarbideen birmoldaketaren ostean, 70.000 metro koadroko azalera libre geldituko da aisialdirako espazioak sortzeko. Modu horretan, Lezeaga, Bentazarra, Santa Ana, Altamira, Basurtu eta Olabeaga auzoek zirkulaziorik gabeko gune berriak izango dituzte. Bentazarrari dagokionez, A-8 autobidearen enborra lurperatzeak Lezeaga auzoarekin bat egiteko aukera emango dio.

Bide nagusiaren birmoldaketak erronka tekniko handiak planteatu ditu. Izan ere, lanek zirkulazio bolumen handia zuen bide zati bati eragin diote. Gainera, obrak garatu bitartean, zirkulazioa mantendu behar izan dute, eta horrek prozesua zaildu du. Halere, ibilgailurik eza berehala nabarituko dute A-8ko inguruetan bizi diren auzokideek. Bestalde, Sabino Aranako zubibidea botatzeko obrak udan abiatuko dira.