Burdinazko Hesia defentsa sistema 1936an eraiki zen, Bilbo eta haren inguruak frankisten esku gera ez zitezen. Hesi handi hura lubakiz, alanbradaz, metrailadora habiaz, behaketa lekuz zein material horniketarako bide estrategikoz osatuta zegoen. Bizkaiko mendi tontorretan gerra krudel haren arrastoak daude oraindik.
Jose Antonio Agirre lehendakariaren Euzko Jaurlaritza osatu berritan eman zen eraikitzeko agindua. Besteak beste, portua babestu nahi zuten. Burdinazko Hesia oso ondo eraikita zegoen errepide eta bideei dagokienez; komunikazioak bereziki indartu zituzten, munizioa garaiz jaso ahal izateko. Eraikuntzan jende askok parte hartu zuen. Denetara, arkitektoak, industria ingeniariak, meatzeetako ingeniariak, nekazaritza ingeniariak, aparejadoreak, kontratistak eta 14.000 langile ibili ziren lanean, Bizkaiko hiriburua eskuraezin bihurtu behar zuen harresia eraikitzeko.
Defentsa sistema bost sektoretan zegoen banatuta: lehena, Zierbenako Punta Lucerotik Sodupera; bigarrena, Ganekogorta mendia, Sodupetik Ugaora; hirugarrena, Upo mendigunekoa, Ugaotik Usansolora; laugarrena, Usansolotik Larrabetzura (Gaztelumendi) eta azkenengoa, Gaztelumenditik Barrika-Berangora.
Larrabetzutik Barrikara doan azken sektore horren argazkiak atera ditu Luis de la Fuente berangoztarrak. Herriko Berangoeta kultur etxeko areto nagusian egongo da ikusgai haren argazki erakusketa, ekainaren 7a arte. Argazkilaritza zaletasuna du, baina sukaldaria da ogibidez. De la Fuentek argitara atera duen proiektuak Burdinazko Hesiaren egungo egoera erakusten du.
“Sopelan hesiaren arrastoak ikusi zituztela kontatu zidaten senitarteko batzuek. Betidanik gustatu izan zait historia, eta, argazkilaritza ere gogoko dudanez, ideia ona iruditu zitzaidan hesiaren arrastoei argazkiak ateratzea”. Guztiak ateratzeko, bost hilabete eman ditu De la Fuentek. Sancho de Beurko memoria elkartearen laguntza izan du: hesiaren arrastoen kokapena biltzen zuen mapa bat utzi zioten. Horren laguntzaz, mendira joan, eta 1936ko gerrako arrastoen bila joan zen argazkilaria. Barrikatik Larrabetzura, tartean Berango, Sopela, Urduliz, Unbe, Lauromendi, Gamiz eta Fikatik igarota.
Argazkietan gotorleku mota ezberdinak eta lubakiak ikus daitezke; baita kobazuloak ere, bonbardaketa eta artilleriaz babesteko. “Ez zen erraza izan argazkiak ateratzea. Landare eta zuhaitz asko daude. Gainera, elkarteak hesiaren bilaketa erraztu didan arren, norberak zehaztu behar ditu kokapenak. Hamar metrora badago, eta estalita egonez gero, oso zaila da aurkitzea. Buelta piloa eman ditzakezu inguruan, baina ez duzu topatuko”.
Argazkiak ateratzeko zailtasunaz gain, orain dela 75 urte burdinazko hesian bizi izandakoa transmititzea ere ez da lan erraza. De la Fuentek oroimenaren gaia izan du kontuan, gertu baina “hain bistan ez dagoena” azaleratuz. Gero eta ezagunagoa den arren Burdinazko Hesiaren historia nahiko ezezaguna dela kontatu du De la Fuentek. “Bertan dugu, gugandik oso gertu, eta jende askok ez daki badela ere. Sancho de Beurko elkarteak lan handia egin du arlo honetan, duen balioa aitortua izan dadin. “Saturazioa ere jaitsi diet argazkiei, orduko giroa eta koloreak birsortu nahian. Baita Indalecio Ojanguren argazkilari handiari omenaldia egiteko ere”. Ojangurenek burdinazko hesi osoaren argazkiak atera zituen, 1937an.
Interpretazio zentroa
Burdinazko hesiaren interpretazio zentroaren osagarria da erakusketa. Berangoko Udalak iazko irailaren 22an ireki zuen. Herrian bertan dauden hesiaren arrastoen balioa aitortzeko xedearekin. Sancho de Beurko elkartearekin batera eraman dute aurrera proiektua. Ekialdetik, Berango-Sopela inguruan hasten zen Burdinazko Hesia, Areneburu eremuan. “Horrek memoriala irekitzeko gogo handiagoa sortu zuen”, adierazi du Aitor Miñambres elkarteko kideak. Elkarteak funtsak zituenez, elkarlanean sortu zuten Burdinazko Hesiaren memoriala. Zentroaren xede nagusia burdinazko hesiaren historia hedatzea da: “Berangoren ekarpena, memoria historikora”. “Egun, hesiari buruz inoiz egon den informazio gehien dago. Dena dela, oraindik bide luzea dago egiteko”. Jendearen aldetik ere interes handia dagoela dio Miñambresek.
Bederatzi informazio panel daude museoan, eta horiei jarraituz burdinazko hesiaren historia ikas dezakete bisitariek: proiektua, hesiaren eraikuntza eta 1937ko ekainean suntsitu zutenekoa. Horrez gain, gerra garaiko 200 objektu inguru daude museoan, gudariek erabiltzen zituztenak, objektu pertsonalak, jantziak, gutunak, txanponak, mapak, garai horretako egunkari, kartel, bandera eta argazkiak ikus daitezke. Baita armak ere; esaterako, metrailadore bat.
Burdinazko Hesia ikusteko bisita gidatuak antolatzen dituzte zapatu goizetan. Zentroa astelehenetik barikura dago zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.