“Baserrira itzultzeko gogoz ikusten ditugu gazteak”

Lehenengo sektorea ez dago garai onean. Baserritarren lana faktore askoren menpe egoten da: eguraldia, uztak, diru laguntzak, merkatuko prezioak… Gogor lan egin behar dute beren produktuak merkatuan lehiakor bihurtu ahal izateko. Gainera, “emakume baserritarraren egoera are gogorragoa da”. Maria Luisa Egiluz Malu-k (Zeanuri, 1962) abereak hazten ditu, eta denda bat zabaldu du herrian. Inguruko nekazarien eta abeltzainen produktuak ere saltzen ditu, eta, hala, haien lanari bultzada bat eman.

Zein da baserritarrek duzuen arazorik larriena?

Arazo larriena mundu mailakoa da. Sistema kapitalistak negozioa ikusten du ekoizpen eta salmenta handietan. Multinazionalen bidez mugitu nahi dute mundua. Ondorioz, ekoizle txikiok eragozpen bat gara.

Nolakoa da emakume baserritarraren egoera?

Guretzat gogorragoa da dena. Andreak ez dira kontuan hartzen, ez zaie laguntza handirik ematen. Emakumeak bakarrik heldu daitezke diru laguntza txikietara. Ez dago horiek lortzeko informazio handirik, eta eredu txiki batean gauzak ez dira errazak. Galdu dira lehen zeuden bideak; merkatu txikiak eta salmenta zuzena, adibidez. Bide horiek galarazi dituzte. Lehen, behintzat, merkatuak hurbil egoten ziren, eta zuzenean saltzen zen. Baina hori guztia desagertzen ari da, eta horrek emakumea egoera okerragoan kokatzen du.

Zeanurin proiektu bat ipini zenuen martxan. Denda zabaldu zenuen, zuek ekoitzitako produktuak saltzeko. Aldi berean, zuen instalazioak partekatzeko aukera dago.

Abereak ditugu, eta baserri inguruan bertan eraldatzen dugu gure ekoizpena. Horretarako instalazioak dauzkagu, eta horiek partekatzeko unea dela uste dugu. Geure instalazioak erabiltzeko aukera ematen dugu. Jende gaztea dago, eta gauzak egiteko gogoa du. Horrek ekar dezake aurrerantzean gazteak inguruotan kokatzea eta egiten duten lan horretatik bizi ahal izatea.

Nolako erantzuna jasotzen ari da ekinbidea?

Erantzun ona izan du. Zortzi urte inguru daramat. Adibidez, okela prestatzen dugu. Baina ez da aukera bakarra. Proiektuari indar gehiago emateko, ogia ere egiten dugu, besteak beste. Horrez gain, inguruko baserritarren produktuak ere eskaintzen ditugu dendan. Oso pozik gaude. Jende gaztea baserrira bueltatzeko gogoz ikusten dugu. Argi berriak ikusten dira. Horrek ondo sentiarazten nau, hor dagoelako etorkizuna gure zain. Gainera, egungo egoera ikusita, lanpostu berriak sortu ahal dira. Lan handia dago egiteko, eta ni prest nago. Posible da baserri munduan eta herrietan dagoen hutsune hori bete eta hortik bizi ahal izatea.

Enplegua sustatzen lagundu al du?

Bai, lanpostuak sortu ditugu. Nik sei pertsona gehiagorekin egiten dut lan une honetan.

Zuen artean baserritarren kooperatiba sortzea aukera bat izan daitekeela uste duzu?

Oraindik ez gara heldu horretara langileekin. Baina, etorkizunean, ahal den neurrian, langileekin kooperatiba bat sortzea gustatuko litzaidake.

Datorren eguaztenean, hilak 15, San Isidro eguna ospatuko da, eta azoka ugari antolatuko dira. Horrelako egitasmoek laguntzen al dute produktuak ezagutarazten eta saltzen?

Laguntzen dute; hala ere, era hori, nolabait esanda, apur bat elitista da. Merkatuak leku batzuetatik bestera mugitzen dira, baina, neurri batean, argazki moduan antolatzen dira. Egia da azokek laguntzen dutela, baina guk uste dugu ereduak beste bat izan behar duela, bertokotasuna bultzatuz. Merkatuak berreskuratu behar dira egunero jateko behar duguna bertan erosi ahal izateko. Azokak ez dira bakarrik une eta data jakin batzuetan sustatu behar, jaiak direla-eta kolore emateko. Beste modu batean parte hartu nahi dugu gizartean. Baserritarrok lan egiten dugu jendeak egunero behar dituen produktuak eskura izan ditzan. Guk egunero bizi behar dugu. Ez gara bizi jaiegunetan saldutakoarekin. Urteak 365 egun ditu. Pentsatzen dut mota horretako egitasmoak ondo daudela, baina eguneroko salmentei begira egin behar dugu behar.