“Artea hezkuntza baliabide bihurtu nahi dugu umeentzat”

Faustino Orbegozo Eizagirre fundazioa Bilbon sortu zen 1975ean. Gizartearen garapenerako ekintzak sustatzen ditu. Horretarako, bi institutu dituzte, eta, horien bidez, programa eta ikerketa lan ugari bultzatzen dituzte. Jarduera guztien gainetik, ordea, arreta berezia jartzen dute umeen eta nerabeen hazkunde prozesuan. Gai horren inguruan, hazkuntza ikerketak prestatu dituzte, eta, gaur egun, “profesional askok erabiltzen dituzte horietatik ateratako ondorioak”. Gainera, noizean behin, haurren osasuna eta hezkuntza hobetzea xede duten tailerrak antolatzen dituzte fundazioan. Cristina Campillo (Bilbo, 1962) 2003az geroztik dabil lanean fundazioan; egun, zuzendaria da.

Zeintzuk dira fundazioaren helburu nagusiak?

Batez ere, osasun eta hezkuntza arloetako ekintzak eta programak sustatzen ditugu, horiek laguntzen baitute gizartea garatzen. Fundazioko lan garrantzitsuenen artean, umeen garapen eta hazkundearen gaineko ikerkuntza daude.

Horren haritik, baliabide bereziak behar dituzten umeak eta musikaren erabilera uztartzen zituen tailer bat eskaini berri duzue.

Halaxe da, apirilaren 27an, hezkuntza premia bereziak dituzten umeek musikaren bidez ikas dezaketela izan genuen hizpide. Ikastaro praktiko bat izan zen, eta oso harrera ona izan zuen. Ingrid Torrecillas pedagogogoak gidatu zuen, eta bi saio egin genituen. Goizean, beharrizan bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten profesionalek hartu zuten parte. Esate baterako, pedagogoak, psikologoak, terapeutak, irakasleak, hezitzaileak… izan genituen. Arratsaldean, umeak eta haien familiak izan ziren protagonistak. Musikari helduz, tailer bat antolatu genuen profesionalekin elkarlanean; izan ere, jardueraren helburu nagusia, adituen prestakuntza hobetzea izan zen. Perkusiorako instrumentuen bidez, emaitza esanguratsuak lortu zituzten haurrekin batera.

Mota horretako jarduera gehiago antolatuko dituzue?

Emaitza hain onuragarria izan denez, ekintza gehiago prestatuko ditugu. Esperientzia ona izan da. Ikasleak kolaboratzeko prest agertu ziren, eta parte hartzea handia izan zen; interesa erakutsi zuten. Lerro berri bati heldu diogu ikastaro horrekin, eta ziur nago jarraipena emango diogula.

Umeen eta nerabeen hazkuntza neurtzeko ikerketak ere egiten dituzue fundazioan.

Ikerketa bat baino gehiago egin dira urte hauetan. Hortaz, hainbat grafiko eta ondorio argitaratu dira. Batez ere, haurren eta nerabeen datuak jasotzen dira horietan. Adibidez, gazteen pisua, neurria, burezurreko perimetroa… neurtu dira. Estatistika horiek pediatrek erabiltzen dituzte, erreferentzia moduan, Espainiako autonomia erkidego askotan. 2011n azken ikerketa argitaratu genuen. Berritasun moduan, gerriaren perimetroari erreparatu genion. Datu berriak sartu genituen umeen gizentasunarekin dagoen kezkagatik. Bilboko ikerketa taldeak ere parte hartu zuen jarduera horretan. Bestalde, fundazioak www.estudiosdecrecimiento.es atari monografiko bat babestu du Interneten. Bartzelonako, Madrilgo, Zaragozako eta Andaluziako taldeekin batera egindako ikerketak biltzen dira horretan. Guztiak erabilgarri daude, eta doan kontsulta daitezke atari horretan eta fundazioaren webgunearen atarian bertan (www.fundacionorbegozo.com).

Gaiaren arabera, jarduerak bi institutuen bidez garatzen dituzue.

Batetik, Arte eta Humanitateen Institutua dago. Bestetik, Hazkunde eta Garapen Ikerkuntzarako Institutua. Batak artea eta euskal artisten sustapena eta erakusketen antolakuntza, hitzaldiak edo katalogoen sorrera bultzatzen ditu, besteak beste. Besteak umeen hazkunderen inguruko ikerketa egiten du.

Bi institutuen bidez, umeen hazkundeari buruzko ikerketez gain, hainbat arlotarako programak garatzen dituzue. Esate baterako, droga mendekotasunaren aurkako neurriak hartzeko proiektua.

Ekintza lerro berriak zabaldu ditugunez, egun, ez daukagu jarduera berririk arlo horri dagokionez. Hala eta guztiz ere, espazio nabarmena hartzen du, eta gai horren inguruan jardunaldiak antolatzen ditugu. Geure lan esparrua hain zabala denez, arlo desberdinak lantzen saiatzen gara.

Fundazioaren beste programa garrantzitsu bat adineko pertsonentzako da. Zein proiektuk hartu dituzte aintzakotzat haiek?

Adindunek esparru handia hartzen dute. 1979an fundazioak adindunen etxe bat eraiki zuen Zumarragan (Gipuzkoa). Funtzionamenduan egon zen beste zentro handiago bat eraiki zuten arte. Itxi ondoren, erabilera sozialetarako egokitu izan da eraikina.

Umeen hezkuntza oinarritzat hartuta, hurrengo zein jarduera egingo dituzu fundazioan ?

Apirilean egin dugun azken ikastaroaren arrakasta ikusita, ideia berriak sortuz doaz pixkanaka, eta hainbat ekintza antolatzen ari gara. Adibidez, ekainaren 8rako eta 15erako, Artea, haurtzaroa eta komunikazioa izena duen proiektua prestatzen ari gara orain. Umeentzat, nerabeentzat eta gurasoentzat antolatu dugu tailer hori, eta Bilboko Arbat espazioan egingo dugu. Asmoa da adierazpen artistikoari heltzea, haurren eta helduen arteko komunikazioa sustatzeko. Horrela, artea erabilita, bi belaunaldien arteko ulertze prozesuan eragin daitekeela uste dugu. Horrez gain, sorkuntza garatzeko ahalegina egingo dugu, eta, ostean, elkarlanean sortutako obrak ikusgai ipiniko ditugu.

Gainera, euskal artea eta artistak familietara hurbiltzeko asmoz, fundazioaren obren funtsetik, euskal arte garaikideko lan batzuk berreskuratuko ditugu jarduera bultzatu ahal izateko. Parte hartzaileek horiek ikustea eta ezagutzea nahiko genuke. Artea hezkuntza baliabidea bihurtu nahi dugu umeentzat. Jarduera hori bukatu ostean ere, beste tailer batzuk antolatzeko asmoa daukagu.