“Gure historiaren eta kulturaren zati txiki bat berreskuratzen gabiltza”

Eskrima historikoa pasioz bizi du Daniel Albak (Bilbo, 1981). Aurreko mendeetako militar zein zibilek erasorako edo babeserako erabiltzen zituzten ezpatekin borrokatzea du afizio. Zaletasuna den arren, Eugenio Garciarekin batera eskrima historikoko eskola bat sortu zuten orain dela hainbat urte Bilbon. Hala, borroka arte horrekiko interesa dutenen topaleku bihurtu da eskola.

Noiz eta nola hasi zinen eskriman?

Haurtzarotik ditut gustuko ezpatak, eta nerabezaroan hasi nintzen ezpaten bilduma egiten. 15 urterekin erosi nuen lehenengoa. Geroago ezagutu nuen eskrima historikoa Interneten. Borroka arte horren inguruko orrialde bat topatu nuenean, honako hau pentsatu nuen: nola liteke hau egotea eta nik ez egitea! Orduan ikertzen hasi, eta konturatu nintzen Euskal Herrian ez zegoela horretan aritzeko modurik; ez zegoela ezer. Behin, Internet bidez, Eugenio Garcia ezagutu nuen. Hark ere eskrima historikoa gustuko zuen, eta praktikatu gura zuen. Zezenari adarretatik heltzea erabaki genuen, eta materiala bildu, Internetetik eskuliburu batzuk hartu eta praktikatzen hasi ginen.

Eskrima olinpikoa eta eskrima historikoa, zein da aldea?

Eskrima olinpikoa kirol bat da, eta historikoa, borroka arte bat. Lehenengoan, aurkariari irabazteko lehiatzen da, arauak daude, eta puntuak lortzen dira. Bigarrenean, ez dago puntuaziorik: edo bizirik ateratzen zara, edo hilik.

Zer da, hortaz, eskrima historikoa?

Gure borroka arte bat da. Aurreko mendeetan Europan erabili ziren ezpataz borrokatzeko moduen praktika da. XIII. mendetik XIX. mendera bitartean egin zituzten benetako borroka moduak berregiten edo irudikatzen ditugu. Babes zibilerako zein erabilpen militarrerako egiten ziren borrokaldiak. Alde batetik, gure kulturaren parte bat berregiten dugu: gure historiaren eta kulturaren zati txiki bat berreskuratzen gabiltza. Txinatarrek eta japoniarrek mendeetako borroka arteak lantzen dituzte; Europan, ostera, hori ez da gertatu. Europarrak pragmatikoagoak gara antza, eta pistolak agertzean, jendea ezpataz ahaztu zen. Bestalde, borroka arte dibertigarria da, eta estresa kentzeko edo ardurez ahazteko oso baliagarria. Hala ere, jardun nahiko berria da Europa osoan, beraz, jende askok ez du ezagutzen, eta horretan aritzen garenok ere ez gara asko. 2006an hasi ginen Eugenio [Garcia] eta biok; aitzindariak izan ginen.

Zein da zuen asmoa?

Helburua ondo pasatzea da. Jendea askotariko arrazoiengatik etortzen da, askotariko motibazioak daude. Batzuk parte historikoagatik datoz, historia atsegin dutelako, eta modu fisikoan biziberritu nahi dutelako. Beste hainbat borroka arteak eta borrokaldiak gustuko dituztelako hurbildu dira. Badira dibertigarria dela uste dutenak, eta beste batzuk lagunekin futbolean jokatzen aritzen diren moduan, ezpatekin borrokatzera etortzen dira.

Nola otu zitzaizuen On Diego Lopez de Haro eskrima historiko eskola sortzea ?

Hasi ginenean, praktikatzea baino ez genuen pentsatzen, baina konturatu ginen elkarteren bat sortzea beharrezkoa zela taldeari izaera formal bat emateko, eta, esaterako, entrenatzeko lekuren bat eskatzeko. Administrazio izaera aldatuz joan da, baina, funtsean, berdina egiten gabiltza. Egun, kirol klub bat gara, eskrima historikoko eskola duena; erdiprofesionalizatuta gaude. Bilakaera bat egon da: ezagutza gehiago barneratu ahala, antolaketa eta klaseak moldatu ditugu. Gaur egun, borroka arteetako eskola bat gara, eta modu profesionalago batean gaude antolatuta. Ordutegi eta eskola jakinak ditugu, taldeak, mailak… Bestalde, guk ez dugu maisuaren kontzeptua erabiltzen, irudi horrek egun ez du zentzurik. Maisuen oinordekotza eten zen garai batean. Gu instruktoreak gara.

Noiz elkartzen zarete?

Astean bitan biltzen gara. Zapatuetan hiru orduko saioa egiten dugu, Erandioko kiroldegian. Beroketak egin ostean, teknikak lantzen ditugu, eta, gero, borrokatu. Martitzen arratsaldeetan, berriz, Artxandako kiroldegian egoten gara, errepaso moduko saioak egiten. Era berean, eguraldi onarekin, Kobeta mendira joaten gara. Arropa erosoa janzten dugu, ez gara Erdi Aroan bezala janzten.

Ikerketa ere lantzen duzue.

Bai, aspaldiko maisuek haien jakintza edo ezagutza idatzirik utzi zuten, tratatu eta kodexetan. Horiek dira gure ikerketaren oinarri. Beti gabiltza maisu zein idazki berriak eskuratzen. Liburu batzuk digitalizatuta daude, eta, itzultzaileen lanari esker, testu asko ezagutu ditugu. Eugenio Garciak, esaterako, hainbat eskuliburu, tratatu eta kodex itzuli ditu gaztelerara. Klaseak emateaz gain, hobetzen eta gehiago ikertzen ahalegintzen gara, ondorengoentzat materiala biltzeko.

Zer behar da honetan aritzeko?

Adinduna izatea eta osasuntsu egotea, besterik ez. Edonork egin dezake. 20 urtetik 60 urte artekoak gaude. Eskrima historikoa oso teknikoa da, estrategikoa, abilezia eskatzen duena. Horiek praktikarekin garatzen dira. Kolpe indartsuenak ere ez du ezertarako balio aurkariak kolpea saihesten badu. Orain ez dago emakumerik, baina etorri izan dira. Beste herrialde batzuetan emakume asko animatzen dira. Behin, Birminghamgo topaketa batean egon ginen, eta parte hartzaileen ia erdiak emakumezkoak ziren. Interesa dutenak saioetara etor litezke eta probatu, lehen klasea doakoa baita. Gero, hasiberriei aste batzuetan banakako saioak ematen dizkiegu, martxa hartu arte. Edonork ez du aukera izaten benetako ezpatekin borrokatzeko, gure arbasoek egin zuten legez. Guretzat jolasa dena aspaldian beharrizana zen.

Batzuek pentsa dezakete arriskutsua dela zuen zaletasuna. Hala al da?

Arriskua badago, baina ez da arriskutsua. Burdinazko ezpatak dira, baina ez daude zorroztuta eta ez dute puntarik. Segurtasuna lehenesten dugu; aktiboa zein pasiboa asko zaintzen dugu. Alde batetik, modu seguruan jokatzen dugu, ezin daiteke edonola aritu. Modu egokian jotzen ikasten da, indarrez min ez hartzeko moduan. Pasiboari dagokionez, babesteko materiala hobetzen saiatzen gara. Kolpeak eta ubelduak izaten ditugu, baina lesiorik ez. Jende gehiago ezagutzen dut futbolean zauritutakoa.