Etenik ez duen mehatxu ikusezina

Egungo gizartea zarataz inguratuta bizi da: zirkulazioa, tabernetako musika, kaleko obrak… Baina, jada normaltzat hartzen dena, oso kaltegarria izan daiteke osasunerako.

OME Osasunerako Mundu Erakundeak, egunez, 65 dezibeleko muga du ezarrita, giza entzumenerako gomendagarri gisa. Muga hori gainditzen duten zaratak etengabe jasoz gero, estres kronikoa sor dezake, baita osasunean ondorioak eragin ere. Loaren alterazioak, nahasmendu psikologikoak, estresak eta antsietateak, esaterako, bihotzeko arazoak, sistema immunologikoaren alterazioak, memoria falta, eta ikasketetan zailtasunak izatea eragin ditzake. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, kontinente zaharrean 10 milioi biztanlek 75 dezibeletik gorako zarata entzuten dute. Loaldia bermatzeko, zortzi orduz 30 dezibel baino gutxiagoko zarata beharko litzatekeela zehaztu du osasun erakundeak.

Baina muga hori gainditu egiten da eguneroko bizimoduan. Zarataren kontrako kontzientziazioaren nazioarteko eguna izan berri da, eta hainbat ikerketa zentro kalera atera dira eguneroko zenbait soinuk eragiten diguten kalteaz ohartarazteko. Bilboko hirigunean dagoen Plaza Biribilean esaterako, eguerdian, 80 dezibeletik gorako zarata neurtu dute.

Euskal Herriko hiriburuen artean, lehenengo postuan agertzen da Bilbo. Oro har, hiriek zarata maila antzekoa izaten dute lanegunetan. Dena dela, hainbat egoerak maila hori igo dezakete: autoen klaxona, manifestazio edo kontzentrazio zaratsuak, autoen joan-etorri handia dagoen orduak eta kaleko obrak, besteak beste. Kasu horietan zarata 100 dezibeletik gorakoa ere izan daiteke. Plaza Eliptikoan zirkulazioaren zarata 84 dezibel da astegun batean, eta elkarrizketa bat izateko ahotsaren bolumena 70 dezibelera igo beharra dago, autoen joan-etorriaren gainetik entzun dadin.

Entzumenerako mehatxu handienetakoa da zarata. Orain arte, entzumena galtzeko arrazoi nagusia lantokiko zarata izaten zen. Hala ere, azken urteotan, beste zarata iturri batzuk ere agertu dira: entzungailuak dituzten musika aparatuak, kontzertuetako soinuaren bolumen altua, zinema, diskoteka zein tabernak. Batez ere, gazteengan dute eragina. DKV Osasun eta Ingurumen Behatokiak, Gaes-ek eta Ecodes-ek egindakio azterlanaren arabera, entzungailuak erabiltzen dituzten pertsonen %5 eta%10 artean entzumena galduz doaz, urteak eta erabilerak aurrera egin ahala. Gazte askok presbiakusia edo zahartzaroko gorreria sufritzen dute 40 edo 45 urte ingururekin, 60 edo 65ekin beharrean. Adituek gomendatzen dute, entzungailuak erabiliz gero, musika aparailuaren gehienezko bolumenaren %60ko muga ez gainditzea, eta gehienez, egunean 60 minutu baino gutxiagoz erabiltzea.

Aisialdiko zarataren mapa

Aisialdiak gizartean duen garrantzia kontuan hartzea ezinbestekoa da. Taberna eta pubetan 90 dezibel egoten dira gutxienez. Horren harira, Bilbon Aisialdiko zarataren mapa sortzea proposatu du Bilduk. Joan den egueneko osko bilkuran onartu zuten. Aisialdiko jardueretan sortzen den zarata mapa batean zehaztuko da; hartara, osasunarentzat eta auzokideen bizi kalitatearentzat kaltegarriak diren tokietan, babes akustiko bereziko eremuak ezarriko dituzte. Aisialdiko jarduerak kutsadura akustikoa eragin eta herritarrak eragozten dituen arren, 2007ko eta 2012ko zarata mapek ez dute mota horretako zarata barnean hartzen.

Hiriko aisialdi ereduaren aldaketak eragin handia du. Tabakoaren kontrako legearen eraginez, jendea eremu jakin batzuetan biltzen da. Gainera, bide publikoan terraza gehiago dago eta hiriko leku batzuetan lokal asko egoten dira kontzentratuta.

Zarataren “inbasio” horri aurre egiteko, “zarataren dieta” delakoa proposatzen dute hainbat adituk. Kutsadura akustikoa ezabatzea oso zaila den arren, murriztea posiblea da. Entzumenari min egin diezaioketen eguneroko ohiturak aldatzean datza dieta hori. Musika erreproduzitzaileen bolumena jaitsiz, leku zaratatsuak saihestuz, auzokoak beharrezkoak ez diren zaratekin ez molestatzea eta garraio publikoa gehiago erabiltzea, besteak beste. Horiek dira zarata murrizteko eta osasuneko eragin negatiboak gutxitzeko proposatzen dituzten neurrietako batzuk.