Arrastiko osteratxuak gustatzen zaizkit. Eguna ahitzen den unea beti iruditu zait bizitzak su-etenerako baimena ematen digula. Bizitzaren antzezkizunean, egunerokotasunaren soina kendu eta gu geu izateko abagunea sortzen digu egunaren akabukoak. Ez da beti egin dezakedana, baina gustatzen zait gaua horrela hastea. Oinez. Beharbada ez nuen entzun behar gizon-emakume haien artekoa. Agian ez nituen begiratu behar. Itsasertza txoko egin zuen beste bikote bat zen. Baina hantxe zeuden nire alboko eserleku bietan hizketan. Hirian inkomunikazioa ahalbidetzeko ipini dituzten bankuak ez ditut maite, baina komunikazioa sortzeko zubia egin zuen bikote hark. Beharbada hori egin zitzaidan deigarri. Bazegoen bien arteko distantzian ikusezina zen harresia. Bazeuden harresia etengabe apurtzen zuten keinuak eta begiradak. Emakumeak burua estaltzen zuen zapi zuria zeraman, praka luze urdinak, eta airean unibertsoak sortzen zituen esku biluziak. Gizonak jaka marroia eta praka beigeak zeramatzan, eta bankuak artez egotera behartzen bazuen ere, albo batera zegoen jesarrita emakumearen begietara begiratzeko. Biak ziren musulmandarrak, ustez. Arabiar itxuradunak. Ez dakit maitasunik ote zegoen tartean. Agian maitasunaren hastapena zen, atariko sentimenduak. Kontu intimoegia da maitasunarena, norberak barru barrenean sentitzen duena eta maiz, kanpotik, ikusten ez dena. Elkar ezagutzen ari zirela ematen zuen. Ez dakit emakumeak gizona musukatzeko gogorik ote zuen. Pentsatu nuen nik izango nuela, eta agian bere ahoa begiratuko nuela musu hori zelakoa izango ote zen irudikatzeko; eta irudikapen horretan barnean sentituko nuela kitzikagarria zen zerbait. Ez dakit gizonak bere azala ukitu nahiko ote zuen. Pentsatu nuen nik nahiko nukeela, eta eskuetara begiratuko niokeela laztana asmatu guran. Bitxia egin zitzaidan espainieraz ari zirela hizketan. Eta otu zitzaidan hori bazela beste harresi bat. Hizkuntza arrotz batean elkar ulertzen ari ziren. Ziurrenen, gero eta abegikorragoa zitzaien hiriko bazterretan aditzen zen hizkuntzetako bat erabiltzerakoan zerbait berria sortzen ariko ziren inpresioa izango zuten. Edo ez. Hizkuntzaren hautua, baina, bitxia egin zitzaidan. Emakumeak barre egiten zuen, eta gizonezkoak gozatzen zuen barrea ikusten eta entzuten. Bai, voyeur nintzen, arrotza maitasun istorioa izan zitekeen horretan, eta horregatik alde egin nuen. Nik ere ez nukeelako maite izango gure istorioan ikuslerik. Hala ere zalantza batekin joan nintzen handik. Izango al zen musurik? Laztanik? Begirada sutsu haietatik gorako beste ezer?