Bihar egingo dute Santutxun udaberriko lehenenego bertso saioa

Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, bihar egingo dute udaberriko lehen bertso saioa. Miren Amuriza, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Julio Soto bertsolariak arituko dira 13:00etan, Bilboko Santutxu auzoko Karmelo plazan. Lau saio prestatu dituzte; hiru zapatu eguerdietan izango dira; azkena, berriz, eguen arratsaldean.

Euskal Herri osoko belaunaldi askotako bertsolariak izango dira Santutxun hilabete honetan, auzoa bertsoz girotzeko asmoz. Aurtengoa 29. aldia da, eta, Bilboko bertsozaleak ez ezik, Bizkaiko eta Euskal Herri osokoak ere erakartzen ditu.

Datorren asteko zapatuan Amets Arzallus, Odei Barroso eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan, Arkaitz Estiballes egungo Bizkaiko txapeldunarekin batera. 13:00etan hasiko da saioa.

Leku eta ordu berean izango da hilaren 18ko saioa ere. Egun horretan Andoni Egañaren, Fredi Paiaren, Jone Uriaren eta Alaia Martinen bertsoez gozatuko dute zaleek. Ohi bezala, bertso saio guztiak doakoak izango dira.

‘Bat-batean’

Udaberri giroko bertso saio horien azken ekitaldia maiatzaren 23an egingo dute, eguenez. 19:30ean hasita, Bat-batean izeneko munduko musiken inguruko saioa aurkeztuko dute Etxahun Lekue eta Oskar Estanga bertsolariek.

Ezohiko saioa izango da, bertsoak munduko hainbat kulturekin batuko baitituzte. Besteak beste, reggae, samba, sona eta tango doinuak bertsoekin uztartuko dituzte biek. Bat-batean Estangaren azken proiektua da, eta Euskal Herrian barrena herriz herri ari dira aurkezten, leku bakoitzean bertsolari banarekin.

Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, Udaberriko bertso saioak programa euskaltzaleen arteko topaleku bilakatu nahi dute antolatzaileek. Horrekin batera, Santutxuko Bertso Eskolak Bizkaiko hiriburuan bertsozaletasuna zabaltzeko egiten duen lanari aparteko bultzada eman gura diote.