“Surferako baldintzak hobetzea da helburua”

Surferako zaletasunak elkartu egin ditu Lea-Artibaiko hainbat herritar. Horrela jaio da Artzabal Surf Elkartea, kirol honen grinak eta irrikak partekatzen dituzten lagunak elkartuz. Lekeitioko hainbat surflarik egindako deiari erantzunez, eskualdeko 30 surflari inguru batzen hasi ziren, kirol hori egiteko baldintzak hobetzeko premiak bultzatuta. Izan ere, zaletasun handia dago inguruotan, baina bakoitza bere kabuz ibili da orain arte.

Hasieran, oinarrizko premiei erantzuna emateagatik bildu ziren; aldatzeko leku bat edukitzeko, adibidez. Baina, gero, helburu handiagoak jarri zituzten. “Surfa egiteko baldintzak hobetzea da gure helburua”, adierazi du Jon Piñel elkarteko kideak. Baina, horretaz gain, beste balio batzuk ere landu nahi dituzte: “Guretzat oso garrantzitsua da surflarion artean kiroltasun balio egokiak edukitzea”. Inguruarekiko eta ekologiarekiko errespetua ere bultzatu gura dutela dio.

Helburuak finkatu, estatutuak adostu eta zuzendaritza osatu ostean, kirol klub ofizial bihurtzeko eskaera erregistratu zuten. Modu horretan sortu zen Artzabal Surf Elkartea. Iazko ekainean elkartearen aurkezpena egin zuten, baina barrura begirakoa izan zen aurkezpena. Ordutik, barne antolaketa kontuetan beharrean ibili dira. Orain, kanpora begira hasi dira beharrean.

Urtebeteren ostean, agenda beteta daukate Artzabaleko kideek. Bazkide kopurua ere handitzen eta handitzen ari da etengabe. Dagoeneko, 50 dira. Horiek denek hainbat abantaila dituzte. Mendexako Karraspio hondartzan aldagelak dauzkate eskura, eta Dzingua surf dendan erosketak merkeago egin ditzakete.

Ekintzak antolatzen hasita daude, eta urte osorako gehiago dauzkate prestatuta. Egindako lehenengo ekintza Kepa Aceroren erakusketa eta hitzaldia izan ziren. “Mendexa eta Ispasterren egon zen surflariari buruzko erakusketa egun batzuetan, eta, ostean, Lekeition ere egon zen”, azaldu dute. Amaiera emateko, Acero bera etorri zen Lekeitiora hitzaldia egitera. “Jende asko animatu zen ekintza horretara, eta pozik geratu ginen edukitako erantzunagaz”, azaldu du Piñelek.

Hemendik aurrera ere hainbat ekintza dauzkate prestatuta Artzabal Surf Elkartekoek. Hasteko, maiatzaren 4an hondartzak garbituko dituzte. “Surfrider Fundation plataformak bideratzen du hondartzen garbiketa, horretarako laguntza eskaintzen du”, azaldu du. 09:00etan elkartuko dira, Isuntza parean. “Isuntza, Karraspio eta Barinatxe hondartzak garbituko ditugu, baita erreka ingurua ere”, adierazi du. Horrez gain, udazkenean berriro hondartzak garbituko dituztela jakinarazi dute. “Ispasterko Ogellako hondartza garbituko dugu orduan”. Hondartzen garbiketa orain arte ere egin izan dute Lekeition, baina aurtengoa izango da Artzabalek antolatuta egingo den lehenengoa.

Kantauri Surf Liga

Urritik aurrera hasiko da Kantauri Surf Liga, formatu berriagaz datorren txapelketa. “Normalean, surf txapelketak indibidualak izaten dira, eta liga hori taldeka jokatzekoa da”. Txapelketan Euskal Herri osoko hainbat klubek parte hartzen dute.

Prestatzen hasteko, maiatzaren 25ean Zarautzen egingo den topaketara joango dira. “Txapelketari buruzko informazioa jasotzeko ez ezik, beste jende bat ezagutzeko aukera ematen dute topaketek”.

Herrira begira, egitasmo potoloa ari dira prestatzen Artzabal Surf Elkartekoak. Ekainaren 15erako jarri dute zita, Mendexako Karraspio hondartzan. Egun horretan, jende guztiak edukiko du surfean aritzeko aukera. “Taulak, kanoak… materiala jarriko dugu nahi dutenek kirol hau probatzeko”, dio Piñelek. Bestetik, txapelketa antzeko zer edo zer antolatu nahi dute egun horretarako. Gainera, Lekeitioko skate taldekoek ere pistak jarriko dituzte.

Urtea amaitzeko, irailean munduko surf txapelketa urtero pasatzen da Hossegortik (Frantzia). Ordurako asteburu pasa antolatzeko asmoa dute. Taldera batzeko interesa duenak gaur ere badu aukera: 19:00etan, Lekeitioko gazte lekuan bilduko dira kideak.