“Programa hau ekinbide hezitzaile moduan aurkeztu nahi dugu”

Bilboko Udalak bizikidetza oztopatzen duten jokabideak aldatzea lortu nahi du zenbait gazterengan. Horretarako, egindako kalteen gainean gogoeta egitea lortu nahi du. Egundaino, seme-alabek hirian sortzen zituzten kalteengatiko isun ekonomikoa ordaindu behar zuten gurasoek. Baina udalean ohartu dira modu horretan gazteek ez zutela ezer ikasten. Horregatik, “ekinbide hezitzaile bat” ipini dute martxan. Hala azaldu du Jone Unzuetak (Bilbo,1956), Bilboko Udaleko Partaidetza eta Barrutiak Saileko zinegotzi eta Hezkuntzako zinegotzi laguntzaileak.

Zer dela-eta erabaki zenuten Adiskidetuz programa martxan jartzea? Nondik sortu zen ideia?

Egun, elkarbizitza lantzeko bi programa berezi ditugu —Irudikatu Otxarkoaga eta Irudikatu Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala—. Hiritarren Sailean konturatu ginen kalte edo arau-hauste txikiak egiten zirenean beti isunak ordaintzen zirela. Baina, horiek ordaindu beharrean, pentsatu genuen hobe zela isunak komunitatearen aldeko lanengatik aldatzea. Programa hau ekinbide hezitzaile moduan aurkeztu nahi dugu. Ondorioz, ohiturak eta pentsamoldea aldatzeko plan bat prestatzea erabaki genuen. Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza bat lortzeko aukera izan genuen, eta martxan jarri genuen programa.

Zenbat gazte ari dira parte hartzen?

Datorren astean hasiko gara programarekin. Orain arte, Segurtaun Sailak 125 gutun bidali dizkie arau-hausteak egin dituzten gazteei. Baietz erantzun dute ehun gaztek, gutxi gorabehera. Hurrengo pausoa ekintzak prestatzen hastea da. Hau da, gazte bakoitzarentzat zein den jarduera egokiena. Horretarako, kontuan hartuko ditugu egutegia, prestakuntza eta bakoitzaren gaitasunak. Adibidez, gaztea ikasten ari bada, asteburuetan egingo lituzke komunitatearentzako lanak.

Zein arau-hauste egin dituzte?

Batez ere, kalean taldeka alkohola edatea. Horrez gain, herritarrengan eragozpenak sortzea. Adibidez, ezordutan oihuka aritzea, hiriko altzariak lekuz mugitzea eta elkarbizitza urratzen duten halako ekintza txikiak egitea. Programa hau kalte handirik eragin ez dutenean izango da baliagarri. Kalteak baldin badaude, beste modu batean konpondu beharko da.

Gazteen jarrerari dagokionez, kasu batzuetan, errepikatu egin dituzte arau-hausteak?

Suposatzen dut kasu batzuetan baietz, jokabideak errepikatu egin direla. Baina, orain arte, gurasoek isunak ordaintzen zituzten, eta hor gelditzen zen arau-haustea. Gure motibazioa da gazteekin lan egitea kontura daitezen beren ekintzek zein kalte sortzen dituzten. Askotan, ez dira konturatzen gainontzeko auzokideak gogaitzen ari direla. Gazteengan ardura sortu nahi dugu konturatzeko herritarrek ere atseden hartzeko eskubidea dutela. Bizimodu desberdinak bateratu nahiko genituzke.

Programan izena ematea hautazkoa da. Uste duzue gazteei gogoeta egiten lagunduko diela?

Baietz uste dut; ekintza guztiak hezitzaileak izango dira, eta, batez ere, gogoeta sorrarazi nahi dugu gazteengan.

Oraingoz, programa proba fasean dago, baina beste eremu batzuetara heda daitekeela esan duzue. Zeintzuk dira eremu horiek?

Segurtasun Sailak erabaki behar du hori. Proiektua oso berria da guretzat. Guk ikasi behar dugu eragiten; izan ere, eginez ikasten da. Elkarteekin batera, guk ere ikasiko dugu gazteak nola lagundu ditzakegun, nola jokatu behar dugun. Proiektuan arituko direnek gure proposamena onartu dute. Ikusiko dugu denon artean zer gertatzen den.

Otxarkoagako, Bilbo Zaharreko eta Zabalako auzoak hautatu dituzue programa abiatzeko. Zer dela eta?

Auzo horietan elkarbizitzarako programak jarrita daudelako. Udalak eta hainbat elkartek harreman estua dugu, eta elkarrekin ari gara. Horrela, errazagoa izango da guretzat ekintzak antolatzea. Gainera, pentsatu dugu leku horietan errealitate berezi bat dagoela. Bizitza oso polita da, baina alde ez hain politak daude gure errealitatean, eta denak ezagutu behar dira. Hortaz, pentsatzen dugu oso interesgarria dela gazteentzat ere beste errealitateak ezagutzea eta horiei buruzko gogoeta egitea. Beharbada, hasiko dira elkarteetan lanean boluntario gisa, nork daki. Gazteei bide berri bat zabaldu nahi diegu.