Lekukoen bidez, iraganera begira

Lekukoak gero eta gutxiago dira. II. Errepublika ezagutu zutenak, eta 1936ko gerra sufritu zutenak hiltzen ari dira. Hala, haien oroitzapenak betiko gordetzeko asmoz, gertatu zena belaunaldi berriek ere ezagut dezaten, Urdulizko Udalak garai horri buruzko azterlana egitea erabaki du. Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, Urduliz: euskal udalerri baten historia II. Errepublika eta Gerra Zibilaren garaian (1931-1936) ikerketa egingo dute. Koldo Somokueto historialari urduliztarra izango da egilea, EHUko Historia katedradun Ludger Meesen zuzendaritzapean.

Somokuetok dio garai hartako Urduliz oso gutxi ezagutzen dela. “Ez dakigu askorik. Espero dugu ikerketaren ostean askoz gehiago jakitea. Herria ekonomikoki, politikoki eta gizarte arlotik ezagutzen ahaleginduko gara. Adibidez, badakigu nagusiki abertzalea zela. II. Errepublika garaian abertzaleak zeuden udaleko agintean. Baina ez dakigu, adibidez, gainontzeko ideologiekin zer harreman zuten, istilurik egoten zen. Hori jakin nahi dugu”, azaldu du. Gizarte eta ekonomia aldetik, landa inguruko ohiko herria zela dio. Baserria zen Urdulizen oinarria.

Frankistek Bilbo hartu aurreko egunetan erori zen Urduliz ere. Ez dakite zer-nolako erasoa sufritu zuen herriak. “Badakigu hurrengo egunetan udalbatza osoari epaiketa guztiz sumario bat egin zieten. Herrizainei eurei ere bai. Hori aurkitu dugu, dagoeneko”. Epaiketa hark zer ondorio izan zuen, ordea, ezagutzeko daukate oraindik.

Dakitenez, tropa frankistak Plentzia aldetik iritsi ziren Urdulizera. Sollubeko guduaren ostean, Mungia erori zen. Jata menditik, Uribe Kostara iritsi ziren. Plentzia izan zuten atea. “Orduko egunkari batek dio Urduliz inguruan tiro hotsak entzuten zirela”, azaldu du. Beraz, tiroketak izan ziren alde bateko eta beste aldekoen artean. Borroka hark zenbat biktima utzi zituen ez da ezagutzen oraingoz.

Zalantza horiek guztiak argitzeko iturri garrantzitsua izango du udal artxiboa. “Informazio asko dago gordeta, badago zer ikertu”. Horrez gain, garai hartako prentsan ere gerrak inguruotan eragindakoaren berri aurkitu duen esperantza dauka. Abertzaletasunaren Museora eta Salamancako artxibora ere joko du. Dena den, haren iturri garrantzitsuena urduliztarrak izango dira, garai hura bertatik bertara bizi izan zuten gizon eta emakumeak. “Badakigu batzuk badirela, baina ez zenbat. Oraingoz, galdeketa prestatzen ari gara, zer jakin nahi dugun. II. Errepublika garaiaz zer oroitzapen duten eta gerra nola bizi izan zuten galdetuko diegu”, adierazi du. Kontakizuna Francok eta haren tropek gerra irabazi zuten egunean bukatuko dute. “Nonbait jarri behar genion mugarria”. Beraz, diktadura garaiko errepresioa aztertuko dute, bai, baina 1939ra artekoa. Alegia, frankistak Euskal Herrian nagusitu osteko lehen bi urteetakoa. Geroz eta gutxiago dira bizirik jarraitzen dutenak, eta, horregatik, elkarrizketa horiek ahalik eta arinen egin nahi ditu. Denboraren aurkako lasterketa izango du bilketa hori.

Urduliz Bilboren defentsarako eraikitako Burdinazko Hesiaren eremuan dago. Hau da, defentsa lerro hura herritik igarotzen zen. Gaur egun aztarnaren bat edo beste geratzen dela dio Somokuetok. Hala ere, gaur egungo urduliztarrek ez dute gerra haren kontzientziarik. “Ez da hartaz berbarik egiten. Adinekoek, bizi izan zutenek, isilean gorde dute. Hurrengo belaunaldiei, adibidez nireari, ez digute kontatu. Eta gaurko gazteek ezer gutxi dakite gerra hartaz”. Horregatik, ezinbestekotzat jo du gertatutakoa protagonisten ahotik ezagutu eta memoria kolektiboan gordetzea.

Hala ere, esan du badela memoria historikoa berreskuratzeko konpromisoa duen jendea. Lan honekin horri bultzada bat ematea gustatuko litzaioke. Herrian berreskuratze horren aldeko nolabaiteko giroa sortu.

Eskualdean maila horretako ikerketarik ez dela egin dio Somokuetok. “Lehenengoak izango gara. Portugaleten zerbait egin da. Plentzian ere ikerketaren bat egin dela uste dut. Baina eskualdean gaiari buruzko azterlan monografiko bakarra izango da”. Oraindik ez dakite bildutako lekukotasun horiek zein formatutan argitaratuko diren. Alegia, azterlana bakarrik argitaratuko duen Eusko Ikaskuntzak, edo elkarrizketak osorik ere kaleratuko diren. Edonola ere, bi urteren buruan kalean izango da gerraren kontakizuna.