Krisiak inguruan eragindako kaltea salatuko dute bihar, Ermuko manifestazioan

“Jendeak mobilizazio bat egitea eskatzen zuen”. Hori dela eta, krisi egoeraren ondorioz Mallabian eta Ermuan dituzten herri gatazkak salatzeko manifestazioa egingo dute bihar. Ermuko plazatik abiatuko dira, 17:00etan, hainbat gizarte eragile eta kolektibok osatzen duten Ermua, Mallabia Bizirik taldeak deituta.

Bazterketa sozialaren, pobreziaren, inposizioen, desjabetzeen eta langabeziaren aurkako protesta izango da. Azken bost urteetan, bi herriotan, langabezia tasa asko igo dela azaldu du Edu Beitiak. Mobilizaziora deitu duen taldeko kidea da. “Azken datuak duela bi edo hiru hilabetekoak dira; horien arabera, gutxi gorabehera, Ermuan 1.500 langabe daude, eta Mallabian 80 inguru dira”. Beitiak dioenez, langabeen %27k 30 urte baino gutxiago ditu, eta gehienak gazteak edo emakumeak dira.

Azken hilabeteetan, eskualdeko lantegi ugari itxi dituzte; ondorioz, lanpostu batzuk galdu dira eta beste batzuk galtzeko arriskuan daude. Horrez gain, lan erreformak, soldata jaitsierak eta lanaldi igoerak nozitu dituzte langileek. Bestalde, saltoki asko itxi dituzte. “Dendariak kexu dira, ez daukatelako dirua hilabetea igarotzeko eta alokairua ordaintzeko; oso eskas bizi dira”.

“Manifestazioaren ostean mugitzen jarraitu nahi dugu, eta plataforma bat sortuko dugu”, dio Beitiak. Herritarren kexak etengabekoak direnez, kalera irtetea erabaki dute azkenean. “Langabeen batzarrak urte batzuk daramatza lanean, baina, beraiek bakarrik ez daukate indar nahikorik ibilbide bat egiteko. Sindikatu batzuetako kideekin ere elkartu ginen, eta denon artean herrian indarrak lotzea erabaki genuen”. Horrela, elkarte, enpresa komite, eta eragile desberdinekin harremanetan jarri eta ekinbidearekiko atxikimendua lortu dute. “Lehenengo pauoa kalera irtetea da, eta, hortik aurrera, mugitzen jarraitzea”.

Ahotsak goratzen

“Herrian ditugun gatazkei aurre egiteko indarrak batzeko garaia da, eta, argi esango dugu, ez dugu kaleratze bat bera ere gehiago onartuko, ezta etxe desjabetzerik ere; ez dugu inolako mehatxurik onartuko, enpresa bat ixtea, inposizioak, saltokiak ixtea… Hori guztia gelditu behar dugu”, adierazten dute dokumentua sinatu duten enpresa komite eta kolektiboetako ordezkariek.

Krisi egoerak esparru askotan eragin dituen ondorioak salatu nahi dituzte. Esate baterako, hezkuntzari dagokionez, ikastea gero eta garestiagoa dela adierazten dute. Pentsioen inguruan traba asko ezarri dituztelako kexu dira; erretiro adina igo nahi dutela salatu dute, besteak beste. Autonomoei erreferentzia eginez, krisi egoerak kontsumoaren jaitsiera ekarri duela aipatzen dute, eta horrek salmentetan zuzen eragiten duela, negozio asko ixtera behartzeraino. Osasunari erreparatuz, “itxarote zerrenda amaigabeak” eta “osasun zerbitzu pribatua inposatu nahi izatea” gaitzesten dituzte. Gizon eta emakumeen arteko berdintasun politiken alde ere egiten dute ekinbide honekin.

Auzokideek beraien ahotsak goratu nahi dituzte. “Kalera irten nahi dugu, eta krisi honekin ados ez gaudela adierazi. Desjabetzeak egin dira, dendak eta enpresa batzuk itxi dira, eta horren aurrean zer edo zer esan nahi dugu”, dio Beitiak. Eskualdean duten egoerari buruzko kontzientzia sortu nahi dute auzokideek. “Ez dugu besoak gurutzatuta egon nahi, bakoitzaren txanda noiz etorriko den itxaroten”. Ekinbide honen bidez, herritarren atxikimendua lortu nahi dute Mallabian eta Ermuan. “Denon artean talde indartsu bat eratzea eta kalea betetzea, hori da gure pentsamendua”, azpimarratu du Beitiak.