Autobusak, hitzarmenari itxaroten

Enpresarekin hainbat bilera egin arren, lan hitzarmen kolektiboan inolako akordiorik lortu ez dutenez, Bizkaibus-TCSAko langileek lanuzteak hasi dituzte. Hitzarmenak 800 langileri baino gehiagori eragiten die. Apirilean, astelehen eta ostegunetan, eta maiatzean, astelehen, astearte eta ostegunetan, etengo dute jarduna; 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara.

Otsail hasieratik dabiltza negoziatzen enpresa batzordea eta enpresa. Zazpi batzar egin dituzte. Alderdi biek oso iritzi kontrajarriak dituztela adierazi du Jose Jaime Anzola enpresa batzordeko idazkariak, “oso urrun” daudela batzuen eta besteen ikuspuntuak. Hartara, “presio neurri” gisa, egunean lau orduz zerbitzuak etetea erabaki du enpresa batzordeak, langile guztien babesarekin. Apirilaren 18an,TCSAko langileek egindako batzarrean, lanuzteen aldeko 301 boz izan ziren, eta ez zen aurkako bozik egon, ezta abstentziorik ere. Bizkaibus-TCSAk Bizkaiko autobus zerbitzu publikoaren Ezkerraldeko, Eskuinaldeko, EHUrako eta Ibaizabal Nerbioi eskualdeko lineen kontzesioa du. Beraz, ibilbide horietan izango dute eragina lanuzteek.

Akordio bat egiteko, langileek baldintza batzuk errespetatzeko eskatu diote enpresari. “Iragan asteazkenean egin genion enpresari azken eskaintza: KPI erreala eta martxoko lansarian 150 euro —KPI erreala baino apur bat gehiago—. Horrez gain, azken lan erreforma ez aplikatzeko”.

Erabateko jarraipena

Astelehen goizeko lanuztean langile guztiek bat egin zutela jakinarazi du Anzolak. “Lan etetea erabatekoa izan da, eta gutxieneko zerbitzuak errespetatu ditugu”. Goiza normal igaro zen. Langileek Burtzeñako kotxetegien parean (Barakaldo) egiten dute elkarretaratzea lanuzte egunetan, 08:15etik 08:45era.

Eusko Jaurlaritzak %33ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. “Hainbat linea martxan daude, ohiko moduan; esaterako, EHUra doan linearen bat eta aireportura doana. Beste zenbaitek, ordea, ez dute zerbitzurik; Ezkerraldeko linea batzuek, adibidez”. “Langileok dugun greba eskubideari eragiten diotela uste dugu. Azken finean, lanuztearen eragina ez da ikusten, ez dagoela dirudi. Horren aurrean zer edo zer egin dezakegun ikusiko dugu, bestela salatu egingo dugu Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuei buruz bidalitako agindua”.

Termibusetik Leioako EHUren campusera doan linean normaltasuna izan zen nagusi lanuzteen lehen egunean. Astelehen goizean, 09:00etako autobusa hartu zuen Sarai Orregok. “Autoan joaten naiz normalean, baina gaur [astelehena] autobusa hartu behar dut. Atzo [igandea] abisatu zidaten lagunek greba zegoela, eta Internet bidez gutxieneko zerbitzuen berri izan nuen”, zioen. Autobus gidariak linea horretan goiza lasai pasa zela jakinarazi zuen, eta ordu zehatz batzuetan jartzen dituzten indargarriak ere badituztela. “Metroarekin heltzerik ez dagoen lekuetan gutxieneko zerbitzua jartzea erabaki da”, adierazi zuen gidariak. Ez da gauza bera gertatu Santurtzi, Portugalete eta Barakaldoko autobus lineekin. Basurtun (Bilbo), autobusaren zain zegoen Maria Ilardia; ez zuen grebaren berri: “Saltokia daukat Megaparken [Barakaldo], eta 09:30ean irekitzen dut. Lankideren bat ni baino lehen heltzen ez bada, beranduago ireki beharko dut”, azaldu zuen.

Datorren astetik aurrera ere langileen jarduna eten egingo da. Enpresaren erantzunaren arabera, lanuzteek dirauten denbora tartean ezer ere konpontzen ez dela ikusten badute, “neurri zorrotzagoak” hartzea pentsatu beharko dutela ohartarazi du Anzolak. “Denbora igarotzea langileen kontra doa. Ultraaktibitatea mugatu dutenez, hitzarmenak amaiera data du. Urrian bukatuko da. Akordio bat egin ezean, probintzia mailako hitzarmena aplikatuko litzateke. Horrek “lanorduak handitzea” ekarri eta soldatan ere eragina izango luke.