“Zutik jarraitzea nahi dugu”

Mungia eta Plentzia lotzen dituen bidea hobetzeko proiektua ez da berria. Errepidea zabaldu eta bizikletentzako bide bat egiteko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, zenbait lur eremu desjabetu eta bidean dauden baserri bat baino gehiago eraisteko erabakia hartu du. Horren arabera, Jataben, Bakio, Gatika eta Plentziarako bideak hartzen diren bidegurutzean, biribilgune bat egin nahi dute. Bertan, Asteintza baserria dago, “balio historiko handikoa”, eta, egungo errepidetik gertu dagoenez, bota egingo dute.

Barandiaran-Iturriaga familiarena da Asteintza; baina ez da nolanahiko baserria, 500 urte inguru baititu. “Udaletxean etxea 1540 ingurukoa dela egiaztatzen duten dokumentuak daude, nahiz eta eraikitze data zehatza ezagutzen ez dugun”, azaldu du Agus Barandiaran jabeak. Adituekin hitz egin ostean, baserriaren balio historikoaz ziur daude sendikoak, eta zutik mantendu ahal izateko administrazio bide guztiak ikertu dituzte. Halere, foru aldundiak ez du atzera egin, eta Asteintza eraisteko prozesua abiatu du. Familia ez dago konforme, eta baserria eraberritu ahal izateko borrokan jarraitzen du: “Hogei urte baino gehiago eman ditugu foru aldundiari azaltzen etxeak duen balio historikoa; hainbat lagunekin hitz egin dugu, baina gehienek ez dute kasurik egiten”.

Gaur egun, baserria zutik dago. Asteintzan ez da inor bizi, zenbait konponketa behar dituelako. Mungia eta Plentzia arteko errepide ondoan dagoenez, Barandiaran-Iturriaga familiak baimenak eskatu behar ditu etxea konpondu ahal izateko. “Oso zaharra da. Azken hogei urteetan, ez digute berritzeko baimenik eman, eta, ondorioz, hondatzen joan da”. 1998an baserriaren berritze sakon bat egitea eskatu zuten jabeek. Udalaren eta foru aldundiaren baimenak behar zituztela erantzun zieten. Jatabeko Udalak eragozpenik ez zuen jarri; baina foru aldundiaren ezetza jaso zuten garai hartan. Gainera, azkenaldian egoera zailtzen joan dela azaldu du: “Errepide berriaren proiektua diseinatu ostean eta ibilbideak etxea tartean harrapatzen duenez, ez dugu zaharberritzeko foru aldundiaren baimenik lortu azken hamarkadan”.

Balio berezia

Barandiaranek azaldu duen moduan, 2008an foru aldundiak txosten bat egin zuen desjabetu eta lurrera bota behar ziren baserriak zeintzuk ziren aztertzeko. Orduan, ez zioten balio historikorik eman Asteintzari, eta eraitsi beharreko etxeen zerrendan jaso zuten. Barandiaranen arabera, hilabete batzuk geroago, aldez aurretiko jakinarazpenik gabe, foru aldundiko ordezkaritza bat azaldu zen baserrian. Kultura teknikari batek etxea ikusi nahi zuen, eta, eraikinaren azterketa bat egin ostean, “balio berezia duela eta historikoa dela esan zien gainontzeko ordezkariei”. “Esan zidan baserri hau ez dela eraitsi behar, baina, errepide berriaren proiektua oso aurreratuta zegoenez, ezin zuela ia ezer egin”, kexatu da Barandiaran.

Eraikinaren ezaugarriei erreparatuta, eta lehenengo ondorioak atera ostean, kultura teknikariak beste bilera bat antolatu zuela adierazi du kaltetuak; desjabetze eta azpiegituretako beste teknikari batzuekin elkartu zen harako hartan. Hala eta guztiz ere, “praktikoak izan behar zutela eta baserria lurrera bota behar zutela izan zen erantzuna”.

Kultura teknikariak, Barandiaranekin elkartu, eta bere balorazioak azaldu zizkion. “Azaldu zidanez, Asteintzari egindako lehenengo azterketa desegokia izan zen; ez ziren ezaugarri asko baloratu, eta, sakonki aztertu ondoren, eraikinak zutik jarraitu beharko lukeela uste zuen adituak”. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du, eta baserria “eraistera kondenatuta dago”.

Beste irtenbiderik ez zutela, familiak desjabetzeko paperak sinatu zituen duela urte bat inguru. “Lurrera botako dituzten beste baserrietako jabeek sinatu dute, eta, azkenean, sinatzea erabaki genuen, guk geuk ezin genuelako zaharberritze osoa ordaindu. Baina, kultura teknikariaren iritzia entzun ostean, geure protesta ezagutu dadin nahi dugu”, adierazi du. “Aditu batek balio historikoa duela esan digu, eta horrek borrokan jarraitzeko gogoa bueltatu digu”.

“Hutsegite bat egon bada, hasiera batean etxeari bere balioa aitortu ez badiote eta konponbiderik badago, foru aldundiak atzera bota beharko luke eraisteko erabakia. Baina ez du egiten, eta hori salatu nahi dugu”, dio Barandiaranek. “Zutik jarraitzea nahi dugu”.

Egun, Barandiaran-Iturriaga familiak ez dauka albiste berririk, ez dakite noiz burutuko duten lurrera botatzeko agindua. “Baserria eraitsi behar dutenez, husten ari gara, geureak diren gauzak ateratzen. Giltzak ematera behartu gintuzten, eta duela urtebete sinatu genuen desjabetzeak ohiko prozedurak jarraitu ditu, normal-normal”.

Familia triste dago foru aldundiak hartutako erabakiarekin. “Asteintza geure arbasoen etxea da; nire ama eta ni hemen jaio ginen, eta etxea familia ondarea da. Guk ez dugu foru aldundiaren dirurik nahi, guk baserria konpondu nahi dugu”. Begiak eraikinean ipini dituzte, eta lanei adi jarraitzen diete. “Induskailuak Jataben daude. Obrak hastear dira. Hala ere, geurea ez, guztion ondasuna den etxea defendatzen jarraituko dugu”.