“Sendagaien fasea ez da heldu mugara, baina ez du askotarako emango”

Juan Jose Zarranz (Iruñea, 1944) doktorea da medikuntzan eta kirurgian. Horren ostean, neurologian eta neurofisiologia klinikoan espezializatu da. 1973an heldu zen Barakaldora, Gurutzeta Ospitaleko Neurologia Zerbitzua bere gain hartuta. Hasieran, Osakidetzako neurologo bakarra izan zen Zarranz. Bizitza osoa igaro du lanean, harik eta egun dagoen zerbitzua eratu duten arte. Garunaren gaixotasunetan, tratamenduetan eta osasun gaietan aditua da. “Oso pozik” dago pixkanaka sortuz joan den Neurologia Sailarekin; taldea berrogei profesionalek baino gehiagok osatzen dute.

Frantziako tradizioari jarraika, zeure ibilbidean neurologia eta psikiatriaren arloak bereizi izan dituzu. Zein diferentzia daude bien artean?

Europako beste herrialde batzuetan, geroago banatu zituzten bi arlo horiek. Esan bezala, nik Frantziako ohiturari heldu nion. Hala eta guztiz ere, ulertu behar da bien artean harreman estua dagoela. Hau da, garunak nozitu ditzakeen nahasmendu askotan, lotuta egon daitezke psikiatria eta neurologia; ezin dira guztiz banatu. Lotura bat existitzen da bien artean, baina bakoitzak ekintzarako metodologia desberdinak ditu.

Apirilaren 11n, Parkinsonaren Nazioareko Eguna izan zen, eta gaixotasunaren gaineko hitzaldi bat eman zenuen. Alzheimerraren ostean, hori da nahasmendu neurodegeneratibo ohikoena.

Halaxe da. Parkinsonen gaitza ohikoa eta oso aldakorra da. Alzheimerraren atzetik koka daiteke. Azken hamar eta hamabost urte artean, asko aldatu da parkinsona ulertzeko era. Lehen uste zen gaixotasun bakarra eta noizean behinkakoa zela. Gainera, pentsatzen zen genetikak ez zuela zerikusirik. Baina, ikerketaren bidez, iritziak asko aldatu dira adituen artean, eta guztiz kontrako usteak ditugu orain. Gaur egun, badakigu genetikaren eragina oso garrantzitsua dela; gurasoetatik seme-alabetara transmititu daiteke parkinsona. Horixe da azken hamabost urteetan egin dugun aurkikuntzarik adierazgarriena gaixotasun horri dagokionez. Hainbat gene ezagutzen ditugu, eta badakigu horien mutazioek zerikusia dutela parkinsonarekin.

Zein beste aldaketa antzeman dituzue?

Gaixotasun honen giltzarria heterogeneoa izatea da. Duela urte batzuk arte, parkinsona mugimenduaren nahasmenduarekin erlazionatzen zen soilik. Lotutasuna, baldartasuna edo dardarak izaten zituzten aztergai. Hala ere, urteekin, nahasmendu mota asko identifikatu ditugu gaixoengan. Esate baterako, buruko eta loaldiaren nahasmenduak edo begetatiboak direnak aurkitu ditugu. Eri bakoitzak desberdinak izan ditzake. Aldaera asko daude sorburuan eta sintomatologian.

Ba al dakizue zenbat pertsonari eragiten dien gaixotasunak Bizkaian? Berdin eragiten al die emakumeei eta gizonei?

Oinarrian, biei eragiten die modu berean. Ez dago arrazoi berezirik sexuari erreparatu behar izateko. Gaixo kopuruari dagokionez, ez dago datu zehatzik. Gero eta kontrolatuago dago, baina, beharbada, badira diagnostikatu gabeko kasu asko ere. Batez ere, pertsona adinduen artean izaten dira egoera horiek. Zaila da kalkulatzea.

Nahiz eta eri batetik bestera egoera aldatzen den, oro har, noiz agertu ohi dira lehenengo sintomak?

Ez dago adin jakinik. Kasu gehienetan, 60 edo 70 urte dituztenen artean hasi ohi dira lehen sintomak. Baina pertsona gazteagoetan ere ager daitezke. Adibidez, ondoretasunezko eritasunetan, azkarrago has daitezke.

Ba al dago detektatzeko modu berririk?

Egun, gaixotasuna sintomak agertu ostean diagnostikatzen da. Hala ere, zenbait analisi eta loaldiaren, usaimenaren edo nerbio sistema begetatiboaren inguruan egindako ikerketen bidez, parkinsona izan dezaketen kasuak aurki ditzakegu. Hori beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan da. Arrisku markatzaile horiek oso seguruak balira, epe ertainera prebentziozko sendabide bat lor genezake, eta, horrekin, gaixotasunaren aurrean neurriak hartu.

Zein neurritan laguntzen dute sendagaiek?

Sendagai babesgarri eta seguru bat egotea itxaroten ari gara. Nire ustez, arretaz jokatu behar da zelula amen inguruko ikerkuntzak gaixotasunaren tratamendurako panazea bat direla esaten den guztiaren inguruan. Baina, ikerketa horretatik abiatuta, oraindik degeneratu ez diren neuronak babesteko gaitasuna lor genezake. Horrez gain, neurologook eskura genezake gaixo batek etorkizunean parkinsona izango duen edo ez iragartzeko gaitasuna ere. Pentsatzen dut datozen urteetan aurrera egingo dugula gai horiei dagokienez.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira parkinsonaren perspektibak?

Alde garrantzitsu bat sendagaiei dagokie. Hau da, botikek gaixotasunaren tratamenduaren alderdi kimikoa osatzen dute. 1960ko hamarkadan, lebodopa farmakoa aurkitu zutenean hasi ziren sendagaiekin ikertzen. Lebodopa nerbio sistema zentraleko asaldura degeneratiboetan erabili ohi da, neurona jakin batzuen eskasiari aurre egiteko. Sendagaien fasea ez da heldu mugara, baina ez du askotarako emango. Parkinsonean, nahasmendu motorra burmuinean kokatzen da, eta frogatu da sendagai hori oso egokia dela; oso zaila da sendagai hobeak aurkitzea. Aldaketak egongo dira; hala espero da. Hala eta guztiz ere, ez dugu aurrerapauso handirik emango. Aurrerabideak gaixotasunaren alde prebentibotik heldu behar dira. Hau da, gaixoak lehenengo sintomak aurkezten dituenean, guk horiek geldiarazteko gai izan behar dugu, sendabide babesgarriak behar ditugu. Nik uste dut bereziki alor horretan egingo dugula aurrera datozen hamarkadetan.