Arnasgune berriak irekitzeko

Gaur, 19:00etan, Etxebarriko Udal Informatika Zentroan. Hitzordu hori jarri diete herriko euskaldun, euskaltzale eta euskararekiko kezka duten guztiei. Batzar ireki bat egingo dute ordu horretan. Etxebarriko euskara elkartearen abiapuntua izango da; edo hala izatea gura dute antolatzaileek, behintzat.

“Etxebarriko Udaleko euskara zerbitzuan beti pentsatu izan dugu herrian euskara elkarte bat behar dugula. Uste dugu halako zerbait interesgarria litzatekeela euskararen normalizazioari begira. Ahalegin batzuk egin izan dira, baina bakar batek ere ez du aurrera egin”, azaldu du Aitor Idiakezek, Etxebarriko udal euskara teknikariak.

Duela bost urte, euskara zerbitzuak Berbalapiko izeneko mintzalagun egitasmoa jarri zuen martxan. Han zebiltzan herritar batzuek euskara talde bat sortzeko interesa zutela aipatu zieten udaleko kideei. Hala, duela bi urte inguru hausnarketa talde bat martxan jarri zutela azaldu du Idiakezek.

“Tarte honetan Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu dugu, eta euskara elkartea aterabide egokia izan daitekeen edo ez begiratu dugu”. Gaurko batzar irekiaren asmoa, bada, gogoeta horren emaitzak jakinaraztea izango da. Euskara talde horretan parte hartu nahi duten talde eta norbanakoak daude gonbidatuta. “Kalean eta jendaurrean egin nahi dugu elkartea eratzeko prozesua”, azaldu du Idiakezek, eta, hala, batzarren garrantzia azpimarratu du.

Herria Bilbo eta Basauri artean dago, inguru erdaldun batean, eta 10.000 biztanle inguru ditu. “Etxebarritarron laurden bat euskaldunak gara, eta beste horrenbeste euskara ulertzeko gai da”. Ezagutza badagoen arren, erabilera urriak kezkatzen du Idiakez. Izan ere, %3 ingurukoa da kale erabilera. Oso eskasa. “Ikastetxeetan D eredua dugunetik, herrian euskaltegi bat ere badugunez, ezagutza haziz doa; bereziki, gazteen artean. Gazteen eta helduen arteko aldea handituz joan da ezagutzan. Baina erabilera oso txikia da oraindik. Gehienbat, umeekin hitz egiten da euskaraz. Baina gero umeek euren artean erdara erabiltzen dute, eta gurasoek ere euren artean ez dute euskaraz hitz egiten”, azaldu du.

Idiazkezen esanetan, erabilera ia eremu formaletan baino ez dago bermatuta: eskolan, euskaltegian eta udaleko euskara zerbitzuan. “4 eta 14 urte arteko ume eta nerabeek ludotekan ere badute euskara erabiltzeko aukera”. Baina adin tarte hori igarota, euskarak arnasgune falta duela ohartu dira. Hein batean, horri erantzuteko sortu zen Berbalapiko egitasmoa. Gainera, Idiakezek dio mintzapraktikarako talde izateaz gain bestelako ekintza batzuk sortzeko abiapuntu ere izan dela. Hala, gainontzeko herritarrekin hartu-emana izateko abagunea zabaldu die, eta euskarari nolabaiteko presentzia eman zaio Etxebarriko kaleetan. Urtero, 30 lagun inguruk eman ohi dute izena Berbalapikon.

Etxebarrik euskaldun komunitate bat behar duela uste dute, eta bi urte hauetan egindako gogoetan ondorioztatu dute horrelakorik sortzeko aukerarik badagoela. “Metroa iristearekin batera, gazte bikote asko etorri da herrira bizitzera. Horrek eragin du etxebarritar askok elkar ez ezagutzea. Beste udalerri batzuetatik etorri diren horietako hainbat euskaldunak izango dira seguruenik, baina agian ez dute euskaldunik ezagutzen herrian. Ezinbestekoa da sare bat osatzea komunitate bat egoteko”.

Sortzeko asmoa duten euskara elkarte horrek, bada, komunitate hori saretzen lagundu beharko du, eta baita euskaldunentzat euskara erabiltzeko arnasguneak sortzen ere. Idiakezen esanetan, orain premia hain gazte ez direnen artean euskara erabiltzeko abaguneak sortzea da.

Oraingoz, ez daukate ezer jakinik pentsatuta. Proiektuak, programak eta enparauak euskara elkarteak egin beharrekoak direla dio. “Guk argi daukagu osatuko den taldeak sendotasuna ibilian lortu behar duela. Ezin du pentsatu gizarteko esparru guztietan sortu behar dituenik lan dinamikak. Esparru jakin batzuk aukeratu, helburuak finkatu eta horiek lortzeko estrategiak markatu beharko lituzke, euskara zerbitzuarekin elkarlanean. Hemen, denok gara beharrezkoak”.