Ikuskizun originala edo tratu txarra?

Animalien eskubideen aldeko hainbat taldek jarritako salaketak direla eta, bertan behera utzi dute Urdulizen atzo eta datorren astean egin behar zuten dromedario proba: 700 kiloko harria arrastaka eramanez, animalia herriko sokatira taldeko zortzi kideren aurka, ea nork iltze gehiago egin. Iragan martxoaren 26an, talde animalisten salaketak jaso ondoren, Urdulizko Udalak proba bertan behera uztea erabaki zuen.

ATTKA Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdiaren eta ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkartearen arabera, ekitaldiak Animalien Babeserako Legea urratzen du. “Debekatuta dago animaliei berezkoak ez zaizkien jarrerak eta jokabideak inposatzea, zein tratu laidoztagarriak eginaraztea”, diote.

Ongintzazko erakustaldi bat egitea zen euren asmoa, probaren antolatzaileen esanetan. “Herrian erakusketa polit bat, ezberdina, egin nahi nuen, eta animalia proba hori egiteko gai dela ikusita, ideia hori otu zitzaidan”, adierazi du Pedro Elordui ekimenaren sustatzaileak. Urdulizko Ayoberri sagardotegiaren jabea da Elordui, eta Jon Lacruz bezeroari, bere dromedarioa erabiltzeko proposatu zion; ados agertu zen jabea. Herriko sokatira taldearentzat dirua lortzeko era bat zela pentsatu zuten. “Hogei urteren ostean, berriro hasi gara, eta dirua biltzeko modu polita iruditu zitzaigun, nire sagardotegian bertan egitea, eta ateratzen dugunarekin, arropa erosi, zein bidaiatu. Izan ere, herri kirolak ez du diru laguntzarik jasotzen”.

Salaketak udalera iritsi arte entrenatzen aritu direla kontatu du Elorduik. Orduan, proba bertan behera uztea erabaki zuen. “Hobe bakea, guda baino”. Dena dela, “gertatu dena” gertatuko zela jakin izan balute, ideia ez luketela aurrera eramango jakinarazi du Elorduik.

“Tratu txarrak animaliari”

Dromedarioa proba hauek egitera behartzea “tratu txarrak” direla salatu dute ATEA eta ATTKA taldeek. Toñi Esteban ATTKAko Bizkaiko bozeramaileak “animaliak modu horretan tratatzea ulertezina” dela adierazi du. “Dromedarioa ez dago proba hori egiteko prest, ez da bertoko animalia bat”. Animalien Babeserako Legearen arabera, idiak, zaldiak eta behiaren zein zaldiaren familiako animaliek baino ezin dute parte hartu horrelako probetan. Martxoan egindako entrenamenduan, dromedarioak estres seinaleak erakutsi zituela salatu dute, eta garrasi egin zuela tira egitera behartu zutenean.

Elorduiri, ordea, ez zaio animaliaren aurkako tratu txarra iruditzen. Oso ondo bizi dela adierazi du. “Urte osoan zehar kortan eta zelaietan bizi da, jan eta lo besterik ez du egiten, egoera okerragoan bizi dira Kanariar Uharteetako (Espainia) dromedarioak, 12 ordu jendea gainean dutelarik”.

Udalak espediente bat ireki zuen, animalisten eskariz, baina gatazkak saihestu nahian, Elorduik proba bertan behera utzi zuen, eta espedientea itxi zen.

Animaliari mina saihestu izanarekin oso pozik agertu da ATTKA. “Animaliek errespetua merezi dute, eta ezinbestekoa da gizarteak kontzientzia hartzea. Urdulizen egin nahi izan duten ikuskizuna bertan behera uztea, animaliekiko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko apustua da”.

Ordezko gisa, idi probak

Dromedario proba bertan behera geratu den arren, horren ordez idi probak antolatzea erabaki dute. Idi bat, sokatira taldeko zortzi kideren aurka. Apirilaren 19an jokatuko dute Urdulizeko Ayoberri sagardotegian bertan. 20:00etan hasiko da lehia.