‘Escrache’

Bolo-bolo dabilen berba da escrache. Aspaldi aspaldikoa omen. Biniloekin zerikusia duen zeozer izango zela pentsatu nuen hasieran, eta norbait diskoteka piuragaz irudikatzen nuen. Plastiko beltz distiratsua, kapel cool bat eta atzamarrekin keinuka. Yeah eta yeah. Modako berba da, eta modako pertsona zarela erakusteko, elkarrizketa batean gutxienez behin aipatu behar da. Bitan egiten baduzu, Bilbo aldean esaten den lez: Kapitandelamarinamerkante! Joan den astera arte hedabideetan edota tertulia-kide zenbaiten ahotsetan/idatzietan baino ez nuen ikusita. Ez zitzaidan oso gogaikarria egiten. Hara, berriz ere hitza. Telebistako saioren batekin egin topo eta, dzast! Ditxosozko berba. Egunkarietako zenbat zutabetan aipatu dute? Baina beti urrun, beti zelanbaiteko birtualtasunean. Halako batean, ordea, gutxien itxaroten duzunean zure albokoak tabernan lagunei esaten die: “Escrache batean parte hartuko dut” eta bizitza bezain erreal bilakatzen da berba. Ez da aditu berba, ez da intelektualitate auskalokoa erakusten duen hitza. Mundutartasunaren eredu ere ez da. Ez. Hementxe dagoen izaki bizi bihurtzen da. Zu eta biok bezain haragizkoa. Zer da, baina? Ze demontre esan nahi du? Neure sakelako super eta ultra azkarra atera eta galdera egin nion. Zer da escrache, laztana? (goxo-goxo berba eginez gero bizkorrago erantzuten du nire segapoto ultra moderno bezain sentiberak). Gauza moderno guztiekin pasatzen den bezala, kontu zaharra da escrache-arena. Argentinan sortu ei zen 1995ean. Duela ia 20 urte. “Baina zer da 20 urte?”, zioen Gardelek denboraren malgutasun edota absurdua erakutsi guran. Espainiara heldu da escrache bihotzekoa; eta handik gure alde honetara di-da. Kopia genezakeen 1995ean, ez dakit Euskal Etxe batetik gurera ekar zezaketen; baina ez. Gu moderno izatearekin batera bizkorrak gara, gero, eta orain kopiatu dugu (kopiagintzarena beste kopla batzuk direlako beste baterako utziko dugu). Agerraldi baketsua egitean datza escrache-a. Salatu nahi duzun pertsonaren etxepe edota lantokipean jarri eta egonean egon. Bai, guk badugu berbarik horretarako. Agerraldia. Manifestazioa edo bere molderik guay-ena, manifa. Ez da, baina, escrache moloia. Ez dakizu zer den? Ez duzu entzun? Zorionekoa zu! Pentsatzen dut denborarekin escrache-ari pasatuko zaiola beste hitz askorik jazotako bertsua, modaz pasatzen direla eta hautsaren eremura pasatzen direla. Bitartean, irakurle maitea, eutsi iezaiozu laster desagertuko den itxaropenari, eta otoitz egin dezagun, momentuz, legearen marra berdean dauden escrache guztien alde.