EAJk gehiengoa galdu du Muskizen, EAk ituna hautsita

Eusko Alkartasuneko Berme Batzordeak militantziarik gabe utzi ditu Muskizko Udalean dituen bi zinegotziak, Gonzalo Riancho eta Miriam Barrio. Horren ondorioz, gehiengoa zuen gobernu taldea ezegonkortu egin da, EAko bi zinegotziak EAJko beste bostekin lotzen zituen hitzarmena bertan behera gelditu baita. Aldaketa hau dela eta, gehiengoa galdu dute udalean. Biltzenek (hiru zinegotzi), PSEk (bi) eta Muskiz Bai plataforma independenteak (bat) osatzen dute oposizioa (EAren faltan, Bilduk Biltzen izena hartu zuen herrian).

Horrez gain, alderdiak biei eskatu die zinegotzi agiria itzultzeko. Izan ere, EAk duela 15 hilabete egindako tokiko batzarrean jeltzaleekin zuten ituna desegiteko eskatu zien. Alderdiak udal gobernu taldetik ateratzea erabaki zuen bilera hartan. Hala ere, “alderdiko bi zinegotziek ez dute erabakia bete”.

Alderdi politikoak ohar batean azaldu duenez, bi militantziak bertan behera utzita, Muskizeko EAk “udal politikan etapa berri bat ireki du, alderdiak nazio mailan hartzen dituen erabaki estrategikoei dagokienez”. Helburu honi helduz, “ekonomia egoera zail honetan, gobernagarritasuna bermatzeko egiten dituzten ekarpen progresistekin eta batasun subiranoaren alde egiten duten formazio politikoekin” elkarlanean arituko da Muskizen.

Gonzalo Riancho EAko zinegotzia Muskizko alkate izan zen aurreko legegintzaldian, PSErekin egindako hitzarmen bati esker. Rianchok zinegotzi ez atxikitu moduan jarraituko du, udara arte. Ostean, dimisioa emango du eta EAko hauteskunde zerrendetan ageri den hurrengo bazkideari egingo dio lekua.

Beste zinegotzi Miriam Barriok, ostera, martxoaren 26an erabaki zuen gobernu taldea uztea eta Eusko Alkartasunean militatzen jarraitzea. Aurrerantzean oposizioko kide izatea zen bere asmoa, EAko zinegotzi legez. Horrela adierazi zion alderdiari eta Borja Liañori, egungo alkateari.

Azkeneko udal hauteskundeetan EAk bi zinegotzi lortu zituen Muskizen. Biltzen, PSE eta Muskiz Bairekin batu beharrean, EAJrekin elkartu zen. Azken alderdi honek bost zinegotzi lortu zituen. Hartara, EAJko Borja Liaño aukeratu zuten alkate.