Pediatria zerbitzua berrantolatzeak gatazka eragin du Barakaldon

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pediatria zerbitzua berrantolatu du Barakaldoko osasun etxeetan. Orain arte lau pediatra zeuden Zaballako osasun etxean. Maiatzetik aurrera, berriz, lau horietako bat geratuko da bere beharlekuan; beste bat Urbango osasun etxera joango da, eta gainontzeko biak, Errontegiko osasun etxera. “Demografikoki gero eta gehiago ari da hazten Urban auzoko osasun etxea, eta, berrantolaketa honi esker, laguntza dispositiboan aurreikusita ez zegoen zerbitzu bat izango du”, azaldu du erabakia Osakidetzak. Osasun Sailak emandako datuen arabera, inguru horretan 4.000 haur bizi dira, eta “berrantolaketa honi esker, gertuen duten osasun zentroan artatuko dituzte”.

Erabakiak, baina, ez ditu guztiak poztu. Aspaldiko aldarrikapena izan da bi osasun etxe horietako erabiltzaileen artean. Barakaldoko Udalak, ordea, gogor gaitzetsi du. “Berri ona da Errontegi eta Urbango umeek pediatra zerbitzua etxetik gertu izatea. Baina uste dugu eskubide hori betetzeak ez duela ekarri behar beste batzuei zerbitzuak gutxitzea. Bi gabezia asebeteko dituzte neurri honekin, baina beste bat sortuko du. Zer erru dute erdiguneko umeek? Zergatik izan behar dute pediatra bakarra, orain arteko lauak izan beharrean?”, egin du protesta Alfonso Garcia zinegotzi sozialistak.

“Erabaki honen helburu bakarra hedabideetan oihartzun positiboa lortzea” izan daitekeen beldur da PSE-EE. “Modu horretan, garbitu egin gura dute funtsezko hainbat osasun azpiegitura eraikitzeko lanak geratu izanak sortutako irudi txarra”, ohartarazi du. Besteak beste, Biocruces ikerketa zentroa aipatu du bertan behera geratu den proiektu baten adibide modura. “Ez die inporta barakaldarren beharrizanak bete dituzten edo ez. Prentsan lerroburu on bat baino ez dute gura”, salatu du zinegotziak. Haren esanetan, beste osasun etxeetan zerbitzuak gutxitu gabe bi osasun etxe hauetan berria jartzea izango litzateke konponbide “egoki eta zuzenena”.

Jeltzaleak, ordea, ez datoz bat PSE-EEko ordezkariek egindako salaketa horrekin. Barakaldoko zinegotzi Amaia del Camporen esanetan, erabaki honekin Iñigo Urkulluren gobernuak “Patxi Lopezenak sortutako arazoa konpondu du”. Barakaldoko Udaleko bozeramaile jeltzaleak dio Jaurlaritza sozialistak erabaki zuela Zaballako osasun zentroan lau pediatra jartzea eta beste bi osasun etxeak bat ere gabe uztea. “Ez zuen bete PSE-EEk berak barakaldarrei hitzemandakoa. Izan ere, eurek esan zuten Errontegiko osasun zentroan bi pediatra jarriko zituztela”. Gainera, Del Campok dio sozialistak “orain ohartu” direla Urbango auzokideek duten gabeziaz, “euren alderdikideak Jaurlaritzan zeudenean ukatu egiten baitzuten auzo horrek ere pediatra behar zuela”.

Apirilean Osakidetzako eskualdeko arduradunak familiekin harremanetan jarriko dira, aurrerantzean euren umeak zein osasun etxetara eraman gura dituzten galdetzeko. Maiatzean hasiko da martxan antolaketa berria.