Ikasleei etxerako lanetan laguntzeko boluntarioak behar dituzte Arratian

Arratiako Udalen Mankomunitatea eta Gurutze Gorria boluntario bila ari dira eskualdeko ume zein gaztetxoei etxerako beharretan laguntzeko astean bi egunez. Printzipioz, astearte eta ostegun arratsaldetan egingo dituzte eskola laguntzako tailerrak, eskola orduak amaitutakoan. Ordu eta erdiko saioetan Lehen Hezkuntzako ikasleei eskolatik etxean egiteko dakartzaten lanak egiten laguntzea izango da boluntarioen zeregina. Eskualdeko hiru herritan eskainiko da zerbitzua. “Asmoa da Lemoan, Igorren eta Areatzan ematea laguntza hori, eta bertako ikastetxeetan izango dira lansaioak”, azaldu du Aitor Zorriketa Bediako alkate eta Gurutze Gorriko kideak.

Halaber, saioetan, etxeko lanak egiteaz gain, bertan jango dute askaria, eta aisialdiko zenbait jarduera egingo dituzte ikasleek. “Merienda ere otordu garrantzitsua da, eta umeek sarri ez dute behar bezala askaltzen; horregatik, elikadura osasuntsua sustatu gura dugu”.

Laguntzaile kopuru zehatzik ez dute ezarri, deialdi zabala baita: “Egitasmoaren berri eman dugu, eta herriz herri kartelak ipini ditugu ikusteko zenbat jende dagoen prest laguntzeko”.

Oraingoz hiru lagunek eman dute izena; hala ere, jende gehiago animatzea espero dute. Zorriketaren berbetan, “proiektu oso polita da, eta Gurutze Gorriak osasun arloan ez ezik beste esparru batzuetan egiten duenaren erakusle ere bada”. Izan ere, bertako boluntarioek, osasun kontuetan ez ezik, beste hainbat egitekotan laguntzen dute.

Boluntario izateko baldintzak

Boluntario izateko bete beharreko baldintzak honako hauek dira: euskaraz jakitea, pazientzia izatea eta umeekin lan egitea gustuko izatea. Eskualdetik kanpoko jendeak ere izena eman dezake. Horretarako, Igorren dagoen mankomunitatearen egoitzan (Elexalde kalea, 49) eman behar da izena, edo telefono honetara deitu: 94-631 17 17. Han, norbere datuak eman, eta antolatzaileek deituko diete noiz hasiko diren zehazteko.

Lanean hasi aurretik oinarrizko prestakuntza emango zaie boluntarioei. Aste Santu ostean trebakuntzarekin hastea aurreikusi dute. “Izena eman dutenekin egingo dugu prestakuntza, baina, egitasmoa martxan dela ere, izena eman ahalko da”. Ikastarotxo hori amaitutakoan hasiko dira umeekin beharrean.

Bizkaiko beste hainbat herritan martxan da jada egitasmoa; besteak beste, Bilbon, Basaurin eta Zallan. “Horietan badute esperientzia, eta horiek lagungarri dira guretzat”. Hain zuzen, eredu horiek kontuan hartuta, Arratiako Gurutze Gorrikoek mankomunitatean aurkeztu zuten egitasmoa, eta bien arteko elkarlanaren ondorioz proiektua gauzatzea lortu dute.

Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasleei eta haien gurasoei laguntzeaz gain, egitasmo honekin eskualdeko Gurutze Gorriaren jarduna “biziberrituko” dute nolabait. Izan ere, azken urteetan pixkanaka “amatatzen” joan dela dio Zorriketak, eta horri buelta eman guran dabiltza. Egun, badaezpadako edo prebentzio zerbitzuetan ari dira erakunde horretako kideak. Arratiako ekitaldi jakinetan ere egoten dira; esaterako, mendi irteerak eta antzeko ibilaldiak antolatzen direnean.

Eskuartean duten proiektu honekin gizarte zerbitzuen esparruan “beste pauso bat” emango dute, Zorriketaren berbetan. Era berean, haien ustez, lagungarri izango da herritarrak konturatzeko Gurutze Gorriaren egitekoak askotarikoak direla. “Jendeak ikus dezala Gurutze Gorria ez dela bakarrik anbulantzietan ibiltzen den jendea”.