Hiru minutuan behin pasatuko da metroa hiriburutik 2014an

Bilboko Metroko zuzendaritza talde berriak Administrazio Kontseiluaren lehenengo bilera egin zuen asteartean. Horretan, metroen maiztasunari, bidaia txartelen salneurriari eta aurrekontuei buruz aritu ziren. Besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi eta erakundeko lehendakaria eta Eneko Arruebarrena hiriarteko tren konpainiako zuzendari nagusia izan ziren.

Maiztasunei dagokienez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak aurrekontua berresten badu, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, metroak hiru minutuan behin pasako dira hiriburuan; adarretan, sei minututik behin ibiliko dira. Erabaki horrekin, aurreko zuzendaritzak urtarrilean hartutako neurriak “zuzenduko” dituzte. Kostuak gutxitzeko, bidaiari gutxiago dauden orduetan maiztasunak murriztea erabaki zuten.

Lanegunetan, 09:30etik 15:30era maiztasunak indartzeko asmoa agertu du Bilboko Metroko zuzendaritza berriak. Asteburuetan eta jarduera bereziak antolatzen diren egunetan, ordutegi bereziak dituzten zerbitzuak eskainiko dira. Gainera, udako zerbitzuan ere aldaketak bultzatu nahi dituzte. Uztaileko lehenengo astean neguko hilabeteetan indarrean dagoen zerbitzua mantentzeko intentzioa dute. Izan ere, garraiobide konpainiak egindako hainbat azterlan oinarri hartuta, ondorioztatu dute aste horretan udako gainerakoetan baino bezero gehiagok erabiltzen dutela garraiobidea. Bilboko Metroak azaldu duenez, maiztasun horiek “metroa sortu zenetik bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko berezkoa izan duen bokazioari erantzuten diote”.

Aurreko zuzendaritzak 2012an bi milioi bidaiari gutxiago erregistratu zirela adierazi zuen. Hori dela eta, maiztasunetan murrizketak egin behar zirela erabaki zuen. Baina neurri horiek alderdi politikoen, sindikatuen eta erabiltzaileen artean protestak eragin zituzten, eta, askoren ustez, “zerbitzua okerragotzea eta nasetan jendetza pilatzea ekarriko lukete”.

Aurrekontuak aztergai

Bileran aurtengo aurrekontuak ere izan dituzte hizpide. Zuzendaritzak azaldu duenez, hiriarteko trenak 74.384.558 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %3,7 gutxiago. “2013rako aurrekontuak gastua murrizteko ahalegin handia aurreikusten du”. Bereziki, aholkularitza kontratuetan, kanpoko komunikazioan, kanpo harremanetan eta publizitatean %50 eta %60 artean murriztuko dira gastuak. Mantentze eta kontserbazio lanetarako diru sorta, ostera, %8,3 haziko da. Hala, 19 milioi euro bideratuko dira geltokiek, trenek, trenbideek, katenariak eta gainontzeko azpiegitura guztiek behar bezala funtziona dezaten.

Bidaia txartelen salneurriei erreparatuz, erakundeak “iazko KPIa gaindituko ez duen gorakada proposatu du”. Hala ere, “proposatutako igoera 2012an egindakoa baino nabarmen txikiagoa izango da”. Iaz, %5,6 garestitu ziren txartelen prezioak. Gainera, irailaren 1etik aurrera, BEZaren igoera ere nozitu zuten, eta %1,85 garestitu ziren. Edozelan ere, salneurriak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Batzar Orokorrak eta Eusko Jaurlaritzako Prezioen Batzordeak berretsi beharko dituzte datorren martitzenean egingo duten bileran.