Aurten 95 enpresa sortzen lagunduko du Bizkaiko Foru Aldundiak

Enpresa Berriak Sortzeko 2012-2015 Foru Planaren barnean, Bizkaiko Foru Aldundiak 11,3 milioi euroko diru sorta onartu du asteon, aurten enpresa berritzaile eta ekintzaileak laguntzeko. Modu horretan, foru administrazioak 75 enpresa proiektu berritzaile eta hogei sormen enpresa sortzea lortu gura du. Osotara, 95 proiektu berri lagunduko dira diruz urtea bukatu aurretik.

Diru sorta horretatik 9,4 milioi euro bideratuko dira enpresa berriak sortzera. Gehienez gastuen %70 finantzatuko da: bideragarritasun eta merkatu azterketak, prototipoak, txostenak, azterlan tekniko zehatzak… Enpresa eratzeko ordaindutako kapital sozialaren %30 lagunduko da, gehienez. Eta jabetza intelektual eta industriala babestetik eta lokal bat alokatzetik eratorritako gastuen %60. Aurrenekoz, negozioa nazioartera hedatzeko langileen kontratazioa ere %60an lagunduko da, gehienez.

Bizkaia Sortzailea programarako izango da gainontzeko dirua. Martxan dauden enpresek edo sortu berriek izan ditzaketen proiektu berriak sustatzeko erabiliko dira. Hiru eta ehun langile arteko enpresentzako izango dira, industria diseinua, ikus-entzunezkoak, bideo jokoak edo moda sektoreen barruan jardun direnak.

Itzultzeko, prestakuntza

Bermeo eta Gernika-Lumoko Garapen Ekonomikorako Agentziek eta Lanbidek bost ikastaro eskainiko dituzte, langabezian dauden Busturialdeko herritarrentzat. Eskualdeko enplegu planaren zati dira prestakuntza saio horiek. Lanbideren webgunean edo Behargintzaren Bermeo eta Gernika-Lumoko bulegoetan eman beharko dute izena. Hona ikastaroak: Eraikinen birgaitze kudeaketa (2.010 ordu); Kalitate, ingurumen eta laneko osasun sistemetako zuzendari prestakuntza (300 ordu); Enpresa simulatua (370 ordu); Nekazaritza ekologikoa (300 ordu) eta Ingurumen peoia (300 ordu). Izena eman dutenen artean elkarrizketak egingo dituzte ikasleak aukeratzeko.