“Luzaroan lapurtu digute oroimena; berreskuratu egin behar dugu”

Basauriko Oroimena herri plataforma hainbat elkartek osatzen dute: herritarren elkarteek, ekologistek, gazte elkarteek, kultura elkarteek, emakumeen eta memoriaren aldekoek, baita sindikatu, alderdi politiko eta norbanakoek ere. Plataformaren barruko Lau Haizetara Gogoan memoriaren aldeko elkarteko kide da Eduardo Gonzalez (Bilbo, 1969). Oroimen historikoa berreskuratzearen premiaz aritu da hizketan. Hain justu, helburu hori duen egitasmo bat aurkeztu dute asteon, Basauriko Udalarekin elkarlanean.

Zer behar edo gabezia ikusi zenituzten Basaurin plataforma sortzeko?

2011. urtean hasi ginen lanean, Basaurin herriko oroimen historikoaren egoera aztertzeko, baita herriko sinbolo frankistak identifikatzeko ere. Ikusi genuen Basaurik gerran, gerraostean eta 60, 70 eta 80ko hamarkadetan errepresioa pairatu zuela: hainbat herritarren eskubideak zapaldu zituzten, eta hori berreskuratu beharra zegoen.

1936. eta 1976. urteen arteko Basauriko memoria historikoa berreskuratu eta gizarteratzea da plataformaren xedea. Nola zehaztu duzue urte tarte hori?

Guretzat garrantzitsua da urte horien artean gertatutakoa aztertzea, batez ere kontakizun historikoa mantentzeko. Ez diegu soilik gerra eta gerraosteko garaiei erreparatu nahi. Lau Haizetara Gogoan elkartekook diogu 1936an hasi eta bihar bukatuko dela kontakizuna. Poliziaren zigorgabetasun eredu horretan Vicente Anton Ferreroren kasua egon zen 1976an: Guardia Zibilak tiroz hil zuen gaztea, Gasteizen martxoaren 3an hil zituzten bost langileen aldeko protestan. Ordutik, Polizia eredua ez da aldatu. Orain dela urte bat, Basauriko beste bizilagun bat hil zuen Poliziak Bilbon, Iñigo Cabacas. Hori konpondu arte, ezingo dugu esan kronologia hau bihar amaituko ez denik.

Zergatik da horren garrantzitsua oroimen historikoa berreskuratzea?

Lehenengo eta behin, luzaroan lapurtu egin digutelako. Isiltasun handia egon da; gertatutakoari buruzko hainbat datu ezkutatu izan dituzte historian, eta uste dugu badela informazio hori bildu eta azaleratzeko unea.

Zeintzuk izan ziren emandako lehen pausoak?

Sinboloen eta herrian errepresioa jasandakoen gaiarekin hasi ginen lanean. Informazioa bildu ostean, Lau Haizetara Gogoan elkarteak, herriko hainbat elkarteren babesarekin, mozio bat aurkeztu zuen Basauriko Udalean iazko otsailean. Hor eskatu genuen frankismoko biktimak aitortzeko, sinbolo frankistak kentzeko eta Vicente Anton Ferrero basauriarra Guardia Zibilak hil zuela onartzeko. Udaleko alderdiekin hitz egin ostean, mozioa onetsi zuten, Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin; PP abstenitu egin zen.

Nola doa sinbolo frankistak erretiratzeko egitasmoa?

Basauriko Udalak bere hitza bete du, sinboloak zerrendatu eta katalogoa osatuz. Asteon jakinarazi du Andoni Busquet alkateak frankismoko plaka eta ikur guztiak kentzen hasiko direla berehala. Guztira ia 80 topatu dituzte.

Zertan datza oroimena berreskuratzeko proiektua?

Frankismoan errepresaliatutako basauriarren testigantzak jasotzeko egitasmoa abiatu du plataformak, Basauriko Udalarekin elkarlanean. Udalaren webgunearen barruan, horiek biltzeko espazio bat prestatu du. Herritarrei informazioa eta arreta emateko bulegoan ere utz daiteke informazioa zein materiala. Orduko argazkiak, klandestinitateko sindikatuen karnetak, errazionamendu kartilak… Garai harekin harremandutako dokumentu orok balio du. Oraindik ez dugu erabaki nola jasoko dugun azken lana; liburua, dokumentala… Denbora asko eskatzen duen lana da, baina, dirurik ez dagoenez, guztia doa are astiroago. Ekaina jarri dugu jomuga, Basaurira tropa frankistak sartu zirela gogoratzeko. Gerra eta gerraostea oroitzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru prestatuko ditugu astebetez.

Ez da erraza izango gerra bizi izan zuten pertsonak aurkitzea.

Basaurin gerra bizi izan zuen jendearekin kontaktatu nahi dugu, baina badakigu hor arazoa dugula, oso nagusiak direlako, eta asko jada hilda daude. Ez bakarrik Basauriko kasuan: egun batean Euskal Herrian konturatuko gara azken gudaria, azken milizianoa hil egin zaigula. Benetan amorratzen gaitu horrek, oroimen historikoa berreskuratu ezin izateak: oso tristea da jende hori joatea, gaia oraindik konponduta egon gabe. Guk ahal dugun guztia egingo dugu Basaurin.

Egun, Basauriko ia 400 kasu dituzue dokumentatuak. Zer motatako testigantzak dira?

Azken urtean bildu ditugu horiek guztiak. Denetarik dago, ahozko zein idatzizko testigantzak jaso ditugu, irudiak, eta abar. Gerrako ume gisa erbesteratutakoak, torturatu eta eraildako herritarrak, desagertutakoen senitartekoenak…

Oraindik oso kasu gutxi onartu dira frankismoko biktima gisa…

Bai, eta horregatik da hain garrantzitsua ahalik eta testigantza eta datu gehien biltzea. Orduko kontakizuna osatzeko eta gertaerak azaleratzeko. Gure eskema egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea dira. Puntuok betetzen joan daitezen nahi dugu. Egia: gertatu zen guztia jakin nahi dugu, kontakizuna oso-osorik izan. Justizia: askatasunaren alde borrokatzen hil zirenei justizia egin behar zaiela uste dugu. Erreparazioa: izenak publiko egin ditzatela, oposizio antifrankistan egon zirenak ez baitziren terroristak, ezta gaizkileak ere. Biktimen familiei, kalte-ordaina emateaz gain, omenaldiak egin behar zaizkiela uste dugu.

Bihar, Vicente Anton Ferrero basauriarraren eta herriko frankismoaren biktimen aldeko ekitaldia egingo duzue.

Basauriko Udalak eta plataformak antolatu dugu omenaldia. Basauriko Bingen Anton Ferrero kalean izango da, 12:30ean. Lore eskaintza eta aurreskua egingo dira, eta elkarteko kide batzuek gertaeraren kontakizuna irakurriko dute.