“Kirol gogorrenetarikoa da arrauna; sakrifizioa eskatzen du”

June Aranbarri (Ondarroa, 1993) 11 urte zituenean hasi zen arraunean. Aurretik beste kirol batzuetan ibili gabea zen, eta kuadrillako hiruzpalau lagunek Ondarroako klubean izena eman zutenean, bera ere animatu egin zen arrauna hartzera. “Oso giro ona zegoen, hainbat adinetako 25 neska geunden, eta beste kategoria denetan, banderak irabazten genituen Bizkaian”. Hori dela eta, jarraitzea erabaki zuen. Lau urte eman zituen herriko arraun taldean, eta, gazteetan, Zumaiara joan zen. Ordutik, han dabil, eta lau urte daramatza jada Gipuzkoako taldean.

Iazkoa oso urte ona izan zela kontatu du Aranbarrik. Izan ere, Zumaiak liga bi irabazi zituen: traineruen Gipuzkoakoa eta Euskotren Liga. “Azken horretan, galiziarrekin lehiatzen gara; besteak beste, txalupa indartsuenekin”.

Kirol gogorra da arrauna, “kirol gogorrenetarikoa”, Aranbarriren aburuz. “Asko entrenatzen gara. Neguan, astean bi egun jai izaten ditugu; udan, astean egun bat baino ez daukagu jai. Gainera, denboraldia oso luzea da, eta urtean bi hilabete baino ez dira egoten arraunean egin gabe; gainontzeko urte guztia entrenatzen ematen dute arraunlariek”. Gasteizen ikasten du ondarroarrak, eta bertan bizi da astelehenetik ostiralera. Baina entrenamenduari jarraitu behar dionez, SHEE Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen zentroan aritzen da. Asteburuan, Zumaiara joaten da, larunbat zein igandean. “Egun horietan, uretara joaten gara”.

Hain kirol gogorra eta zorrotza izanik, sakrifizioak ere eskatzen ditu arraunak. Aranbarrik familia du Andaluzian (Espainia), eta udan ezin izaten du haiek bisitatzera joan. “Udan, bete-betean ibiltzen gara, orduan baita urte osoan gehien entrenatzen garen garaia. Ezin duzu pentsatu aste bat edo bi huts egitea, ekipotik kanpo geratzen zarelako”, azaldu du. Hondartzara joatea, adiskideekin egotea… horiek bigarren mailako gauzak direla dio arraunlariak. “Lagunekin egoten naiz, baina Andaluziako familiarekin ez; ez dut haraino joateko aukerarik izaten”.

Emakumeak arraunean

Arraunean, emakumeen eta gizonen egoera ezin daiteke alderatu. “Egia esan, joan den urtea oso ona izan zen, lehiakortasun handia egon baitzen. Euskotren Ligan lehiatzen ginen Galizia, San Juan, Getaria-Tolosa, eta gu, Zumaia, besteak beste. Oso erakustaldi politak egin genituen iaz”. Aurten, horietatik traineru bi desagertu egin dira, eta badirudi gauzak okerrago daudela. “Asko kostatzen da emakumezkoetan txalupa bat ateratzea; mutilak baino askoz gutxiago gara, eta hainbat adinetakoak”. Gainera, horietako asko ikasleak dira, eta, ondorioz, oso zaila izaten da txalupa bat osatzea. Halere, ondarroarrak dioenez, Zumaian aurten ondo dabiltza: talde zabala daukate, osatzeko arazorik gabe.

Aranbarrik uste du ematen duela antolaketaren, babesleen eta hedabideen aldetik, behintzat, emakumeen arrauna indartuz doala. “Dena dela, behetik belaunaldi bat falta dela ikusten dut. Neskak behar dira, eta ez dakit egoera zelakoa izango den hemendik urte pare batera”. Neskak arraunean hastera animatzen ditu Aranbarrik; “batez ere, Bizkaian, oso gutxi baitaude”. Esan du emakumeen traineruetan Gipuzkoan gauzak Bizkaian baino askoz hobeto daudela. Izan ere, iaz ez zen trainerurik egon Bizkaian; aurten, hiru klub batuz, neska gazte talde bat atera dute. “Ondarroan hainbeste neska geunden lehen, baina utziz joan ziren, eta, egun, ez dago neska talderik. Lau baino ez ginen geratu; haietako bik utzi egin zuten, eta patroiak eta nik Zumaiako taldera joatea erabaki genuen”.

Bandera preziatua

Kontxako Bandera ametsa da edozein arraunlarirentzat: urte osoko lana estropada horretan kontzentratzen da. Ia eskuratua du Aranbarrik. Lau urtez sailkatu dira Zumaiako ontziarekin, eta, iaz eta aurrekoan, bigarren geratu ziren. “Hortxe-hortxe egon gara bandera irabazteko, eta ez dugu inoiz lortu; beti ihes egin digu eskuetatik. Askotan, ezintasuna sentitzen duzu horrelakoak gertatzean. ‘Ea, beste urte bat’, esaten duzu, eta ez duzu irabazten, baina beti ateratzen duzu zerbait positiboa”.

Aurten, taldean arraunlari asko dira, eta entrenamenduetan oso fin dabiltzala azaldu du. Hori kontuan hartuta, irabazteko aukerak edukiko dituztelakoan dago ondarroarra. “Dena dela, gu trankil joango gara estropadaz estropada, eta gertatu behar dena gerta dadila”. Horrelako lehiaketetan “tentsio handia” egoten da, Aranbarrik dioenez; “faboritoentzat” batez ere: “Presio handia dago, gauzak ondo egin behar dituzulako, oso ondo”.

Taldea ondo badabil ere, aurtengoa bere azken denboraldia izango dela azaldu du Aranbarrik, datorren urtean Puerto Ricon jarraituko baititu ikasketak. “Oraingoan, Kontxako Bandera irabazten badugu, benetan gustura geratuko naiz, lortu beharrekoa lortuko dudalako”.