Ezkerraldeko ur eta kirol instalazio handienak ireki ditu Portugaletek

Portugaleteko Udalak Pando Aisia kiroldegi publikoa inauguratu berri du. Aisia eta kirola uztartzen ditu zentroak; 20.000 metro koadro dauzka, eta Ezkerraldeko ur instalazio “osoenak” eskaintzen ditu. Bereizgarri nagusiena uretako azpiegiturak dira. Izan ere, hondo mugikorra duen igeritokia eraiki dute. “Elbarritasuna dutenentzat eta haurrentzat erabiliko da”, azaldu du Angel Anerok, Portugaleteko Kirol zinegotziak. Gainera, aisialdiari eskainitako spa eremua Ezkerraldeko handienetarikoa da. Bertan, jacuzzi-ak, termak, izotz iturria, turrusta eta zenbait zirkuitu daude.

Beste alde batetik, erabilera anitzetarako gela ugari daude. Hala ere, “bi gailentzen dira”. Lehena 850 metro koadro dituen fitness aretoa da, eta hainbat ariketa egiteko aukera ematen du. Bigarrena spinning gela da. Eskaera handiko kirola denez, 70 bizikleta ipini dituzte.

Zentroaren teilatuan eguzki plakak ere ezarri dituzte. Beroa gordetzeko lurraren energia geotermikoa erabili dutela azaldu du. Energia mota hori baliatzen duen tamaina horretako lehen kirol instalazioa da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

20 milioi euroko inbertsioa

Udala ez da zorpetu kiroldegia eraikitzeko. Ordainduta dagoela azaldu du Anerok: “20 milioi euro baino zertxobait gehiagoko inbertsioa egin dugu; baina udalak urte asko daramatza dirua aurrezten kiroldegia eraikitzeko”. Hala eta guztiz ere, iazko azken osoko bilkuran, oposizioko alderdiek bideragarritasun txostena eskatu zuten, mantentze kostuak, erakarriko dituen erabiltzaileen kopurua eta finantzaketa aztertzeko. Egun, lehenengo datuak biltzen eta ikerketa hori bideratzen ari dira.

Edonola ere, prezioek ere gora egin dute. Bazkideentzako kuota %25 garestiagoa izango da, eta erroldatuta ez daudenentzat tarifak %60 garestiagoak izango dira. “Instalazioen iraunkortasunaren eta erabiltzaileen kostuen arteko oreka lortzen saiatu gara”.

Beste bi kirolgune publiko dituzte Portugaleten. Baina, irekiera berriarekin, instalazio batzuk itxi dituzte beste zentroetan. Dena den, herrian kirolaren praktika sustatzen ari direla esan du zinegotziak. Azeta parkean beste rokodromo bat jarri dute, eta Ganerantz parkean ekintza anitzetarako espazioak birgaitu dituzte.

Zentroa igande arratsaldetan ere zabalduko dute, eta hortik datorkio izena: “Ezkerraldean kirol instalazio guztiak itxita egon ohi dira, eta guk, kirolarekin ez ezik, aisialdiarekin ere lotu nahi izan dugu”.