Bilboko adineko emakumeen erdiek ere ez dute beren lanaren ondoriozko pentsiorik. Gizon edadetuak baino pobreagoak dira, baina horrek ez ditu etxean geratzera behartzen: 60 urtetik gorako andreen %80k parte hartzen dute ikastaroren batean. Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Gaietarako Sailak adin talde horretako emakumeen egoera aztertu du, eta ondorioztatu du aktibo zahartzearen aldeko apustua nagusi dela andreon artean. “Adineko emakumeek aho batez adierazi dute zahartzea, adinari bainoago, bizimoduari eta arazoei aurre egiteko moduari dagokiola. Halaber, zahartze aktiboaz gozatzeko funtsezkoa da aktibitateari eustea, familiarekin nahiz adiskideekin harremanak izatea, eta euren osasunaz eta ongizateaz arduratzea”, diote ikerketaren emaitzetan.
Etorkinak, ezkonduak, banatuak, alargunak, lesbianak eta zenbait etniatakoak diren 59 andrazkok hartu dute parte egitasmoan, beren ikuspegiak, bizipenak eta ezagutzak plazaratuz. Ikerketa 2012an egin zuten, bi fasetan: batetik, galdetegi batzuk bidali zituzten hainbat instituziotara, datu esanguratsuenak biltzeko, eta, bestetik, emakumeei elkarrizketa sakonak egin zizkieten, azterketa kualitatiboa ere egiteko.
Txostenean azpimarratu dutenez, biztanleriari buruzko egungo aurreikuspenek diote 2050erako hirukoiztu egingo dela 65 urtetik gorako munduko biztanle kopurua. Bilbori dagokionez, 60 urte baino gehiago dituzten emakumeek hiriko populazioaren %28 osatzen dute egun. Hiriburuan, 60 urtetik gorako 99.200 pertsona inguru bizi dira, eta horietatik %59 dira emakumeak. Datuak gizartearen joera islatzen du: emakume nagusiak gizonezkoak baino gehiago dira. Hortaz, adineko andrazkoen kopurua etengabe ari da hazten.
Hain zuzen, 60 urtetik gorako emakume bilbotarrak definitzeko orduan, hainbat ondorio lortu dituzte ikerketa egin duten bi ikertzaileek. Ezaugarri azpimarragarrienetakoa da andreon parte hartze aktiboa. Adibidez, adinekoen elkarteetan emakumeek parte hartze nabarmena dutela ondorioztatu dute. Hala, 60 urtetik gorakoen %80 baino gehiago aritzen dira kultura, berdintasun, aisia, kirol edo osasunaren sustapenari buruzko udal ikastaroetan, tailerretan eta programetan.
Horrez gain, ikerlariek uste dute adineko emakumeek elkar topatzeari eta talde harremanak garatzeari garrantzi handia ematen diotela. Ezaugarri hori emakume etorkinen artean nabarmenagoa dela azaldu dute.
Indarkeria pairatzea, errazago
Berdintasunari dagokionez, gizonen eta emakumeen artean alde nabarmenak identifikatu dituzte. Esate baterako, adineko emakumezko bilbotarren hamarretik lau baino gutxiago dira norbere lanaren bidezko pentsio baten titularrak; gizonezkoei erreparatuz, ia guztiek jasotzen dute horrelako pentsioa. Gainera, andreen kasuan, antzeman dute alargun eta erretiro pentsioek antzeko zenbatekoa dutela.
Beste datu esanguratsu bat da emakume nagusi askok ez dituztela ezagutzen eskura dituzten laguntza ekonomikoak, sariak eta gizarte zerbitzuak, besteak beste. Ildo horretan, desgaitasun ziurtagiria dutenen ehunekoa “proportzioz ez da oso handia”, txostenak dioenez. Emakumeek 60 urtetik gorakoen ia %60 osatzen duten arren, ziurtagiria dutenen kopuru osotik %48,11 baino ez dira andrazkoak.
Parekidetasunik ezaren adierazgarri bortitzenak ere eragiten die adinekoei: genero indarkeria nozitzeko arrisku handia dutela diote azterlanean. “Familiek alor honetan laguntzeko jarrerarik ez erakustea da adineko emakumeei indarkeria harremanak gainditzen uzten ez dieten eragileetako bat”, azaldu dute txostenak. Ondorioztatu dute 60 urte baino gehiagoko emakumeek oso gutxitan erabiltzen dituztela indarkeria egoeretan dauden andreentzako baliabideak.
Erasoren bat jasateko arrisku hori kalean ere ikusten dute andreek: segurtasuna gai kezkagarria dela antzeman dute ikerketan. Izan ere, 60 urtetik gorako emakumeek salatutako hamar delituetatik sei baino gehiago lapurretak dira. Ostera, hamar gizonetatik bik jartzen dute salaketa arrazoi horregatik.
Bestalde, ilobak zaintzeak adinekoengan duen eragina ere aztertu dute: lan horrek andreon bizimodua mugatzen duela antzeman dute. Halere, ikerketan parte hartu duten emakume askok adierazi dute “bilobak zaintzea lan atsegina” dela eta ez luketela utzi nahi. Bizitokiari dagokionez, emakume nagusiek espazio propioak nahiago dituzte, erabakiak modu autonomoan har ditzaketelako. Txostenean ondorioztatu dutenez, “uste dute zainketa egoitzetan autonomia murriztuta zaizkiela”.
Hiri adiskidetsuak
Andrazko edadetuei buruzko ikerketak harreman zuzena dauka Bilboko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Planarekin, udal ordezkariek azaldu dutenez. “Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Sailak 60 urtetik gorako emakumeen egoera aztertu nahi zuen, gustatzen zaizkien ekintzak zeintzuk diren jakiteko eta dituzten aukerak eta mugak aztertzeko”, adierazi du Oihane Agirregoitiak, Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Saileko zinegotziak.
Egitasmoaren ardatzetako bat aniztasun eta desberdintasunaren errespetua da, Eduardo Maiz Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Saileko zinegotziaren arabera. Hala, pertsonen bereizketarik eza bermatu nahi izan dute, adinaren faktorea kontuan izanda. “Udalak dituen politiken artean, pertsona adinduentzako hiri adiskidetsuak garatzea dago. 2011n sinatu genuen plana, eta adinduekin harremana duten udal eremu guztiak koordinatzea izan zen helburu nagusia. Oinarrian, pertsona adinduei eragiten dieten alderdi garrantzitsuenen gaineko gogoeta bat egin nahi genuen”.