30 urte albisteak kaleratzen

Kontsumo arineko gizarte batean zaila da luzaroan irautea; eta, txikia izanez gero, are eta zailagoa. Gernika-Lumoko Aldaba aldizkaria ere txikia da, baina bere txikitasunean handi bihurtu da. Garai onak eta txarrak bizi izan ditu herri aldizkariak, baina azken 30 urteetan kalean egon dela nabarmendu dute gaur egungo arduradunek. Hain zuzen, Aldaba-k otsailean bete zituen 30 urte, eta ospakizun handirik egin ez duten arren, pozarren azaldu dira aldizkariko kide finkoak. Vicente del Palaciok azaldu duenez, “Aldaba aldizkari bakarra da”. Haren berbetan, Bizkaiko eta Euskal Herriko aldizkari independente zaharrenetako bat da, “zaharrena ez bada”. Bi eletan kaleratzen da aldizkaria, euskaraz eta gazteleraz.

Aldizkariaren historia luzea lanean jarraitzeko pizgarri bat da arduradunentzat. Jabi Yarza eta Teo Gandarias dira horietako bi. “Ilusio handia egiten digu aldizkaria kaleratzen jarraitzeak, gure umea dela sentitzen baitugu”, dio Yarzak. Gandarias ere bat dator haekin. Dioenez, lantzean behin esker oneko berbaren bat entzutea nahikoa da momentu txar guztiak ahazteko. Hala, “gorputzak kontrakoa esan arte”, aldizkaria kaleratzen jarraitu gura dute. Yarzaren berbetan, “pertsiana jaistekotan” egon dira behin baino gehiagotan, baina beti bueltatzen dira.

Gaur egun, Marian Roscok, Jabi Yarzak, Teo Gandariasek, Vicente del Palaciok eta Marcos Estebanezek osatzen dute Aldaba-ren lantalde finkoa. Rosco izan ezik, gainontzekoak erretiroa hartuta daude, eta, horrenbestez, ez dakite noiz arte jarraituko duten aldizkaria kaleratzen. “Ez dugu datarik jarri badaezpada”, diote barre artean.

Egungo eta duela 30 urteko aldizkaria desberdina dela deritzote Aldaba-koek. Diotenez, antzina herri nortasuna biziago zegoen, eta hainbat proiektutan parte hartzeko gogotsu zeuden herritarrak. Gandariasek nabarmendu duenez, “beste garai bat zen, eta kalean mugimendu asko zegoen”. Hala, Aldaba gernikarrei hitza emateko gune bihurtu zen.

Gaur egun, ordea, kezkak aldatu egin dira; eta, ekonomia bezala, ezinegon soziala ere krisian dago. Yarza: “Erosoegi bizi gara, eta horrek herri proiektuetan eragin du”.

Aldizkariak ez du inoiz dirurik eman, baina ez da izan helburuetako bat. Sortzaileen berbetan, herri nortasuna bizirik egotea da helburu nagusia, Aldaba herri proiektu bat baita. Hala, dirurik ez galtzeagaz nahikoa dela deritzote. Ildo horretatik, “erosle finkoen eta iragarkiak jartzen dituzten merkatarien babesa” ezinbestekoa izan da Aldaba-k bizirik jarrai dezan.

30 urteko historia

Aldaba-ren lehen zenbakia 1983ko otsailean kaleratu zuten, baina proiektuaren “lehen harria” 1982ko urrian jarri zuten. Yarzaren berbetan, Brisas Gernikesas herri aldizkariari jarraipena emateko asmoagaz sortu zuten Aldaba. Izan ere, 1970eko hamarkadan Gernika-Lumoko herri aldizkari aitzindaria kaleratzeari utzi zioten sustatzaileek.

Aldaba-ren hasierako urteak herri proiektu baten adibide garbia izan ziren, gizarte eta kultur taldeek garrantzi handia baitzuten aldizkarian. Urteek aurrera egin ahala, baina, joera aldatu egin zen, eta herriko taldeek aldizkarian idazteari utzi zioten.

Gernika-Lumoko eragileek Aldaba-n idazteari utzitakoan, aldizkariko arduradunek “momentu gogorrak” pasa zituzten. Proiektua ahanzturan geratuko zen beldur ziren, eta, arazoei aurre egiteko, plan bat adostu zuten. Hala, zenbait aldaketa egin zituzten, eta itxura berria eman zioten Aldaba-ri. Garai hartan, pertsona talde batek hartu zuen aldizkaria biziberritzeko ardura. Gandariasek dioenez, “gai berriak bilatzen” hasi ziren, “Aldaba hilzoritik ateratzeko”.

1980ko hamarkadan, gainera, Gernikazarra Historia Taldea sortu zuten herrian. Ordutik, aldizkariko kolaboratzaile finena izan da historia taldea. Izan ere, Gandariasen berbetan, aldizkariko txosten historiko gehienak Gernikazarrak egiten ditu. Hala, Aldaba-k Gernika-Lumoko historia herritarren artean zabaltzeko aukera paregabea izan du. “Herriko historiaren hemeroteka bat osatu dugu Gernikazarrari esker”.

1980ko hamarkadaren erdialdean, Kazetaritza ikasleak Aldaba-ko ateak jotzen hasi ziren, eta aldizkariko sortzaileek beso zabalik hartu zituzten. Gandariasek azaldu duenez, herriko biztanleek praktikak egiteko aukera izan zuten, eta ogibidea ikasi zuten hala.

Aldaba-koek inbidiaz gogoratzen dute iragana. Izan ere, aldizkariaren garai onena izan zen 1980ko hamarkada hura. Palaciok jakinarazi duenez, 40 lagun inguru batzen ziren barikuetako batzarretan.

Urteekin, ordea, ikasleen joerak aldatu egin ziren, eta Aldaba-k asko igarri zuen. Aldizkariko batzar jendetsuak atzean geratu ziren, eta kolaboratzaileek indarra hartu zuten. Yarzak zehaztu duenez, “kolaboratzaileak ez dira batzarretara joaten, baina beti laguntzen dute zerbaitetan”. Gaur egun, adibidez, hogei kolaboratzaile inguru ditu Aldaba-k, testuak idazteko edota argazkiak ateratzeko. Alde horretatik, garai oso ona dela dio Gandariasek: “Kolaboratzaileei esker, aldizkaria bakarrik kaleratzen da”, dio barrezka.

Aldizkariaren lekukoa hartu

Hasieran, urtean sei aldizkari kaleratzen zituzten Aldaba-koek, baina egun bost zenbaki argitaratzen dituzte. Zenbaki kopurua jaitsi arren, aldizkaria herritarren gustukoa dela uste dute sortzaileek. Hala, lekukoa hartuko duen norbait agertzea espero dute.

Dena den, ez da lan erraza izango ondorengo bat aurkitzea. Yarzak gogora ekarri duenez, Aldaba-k “ez du dirurik ematen”, eta jendeak uko egiten dio aldizkarian lan egiteari. Gizartea materialistagoa dela uste dute Aldaba-ko sortzaileek. Hala, ikasleek ere ez dituzte praktikak egin gura, lana ordaindu ezean. “Askotan zoroak garela pentsatu izan dugu diru barik lan egiteagatik, baina ezin dugu utzi”.