Literaturarako pasaportea

Irakurketa klub berri bat sortu dela esateak ez du ezer apartekorik. Normalean, talde horietan, partaide guztiei liburu bat ematen zaie irakur dezaten, eta, ostean, irakurritakoari buruz hitz egin eta iritziak plazaratzen dira. Baina Muskizen eratu dutena ez da ohiko klub bat; horretan, irakurleak 6 eta 8 urte bitarteko umeak dira. Hala, Muskizko Udal Liburutegiak irakurtzen ikasten ari diren haurrentzako lehenengo irakurketa kluba eratu du.

Aiala Citores (Zierbena, 1988) haurrentzako txokoa dinamizatzeaz arduratzen da, eta, azaldu duenez, “haurrak liburuen munduan murgiltzea” da klubaren xede nagusia. “Liburu bat ikusten dutenean atzera ez botatzea lortu nahi dugu. Nahiz eta osorik ez irakurri, zabaltzeko gogoa eragin nahi diegu”, dio. Batzuetan, liburuak irakurtzen dituzte; besteetan, horiek oinarri hartuta, bestelako ekintzak antolatzen dituzte; adibidez, komikiak lantzea. Irakasleak esaten duen moduan, “liburuetan idazlea eta marrazkigilea daude, eta biak dira oso garrantzitsuak istorioa jarraitzeko; beraz, bi esparruak gozatzen irakasten diegu”. Hainbat liburu mota ezagut ditzaten esfortzua egiten dute Muskizen. Horrela, liburutegian aurki ditzaketen estilo desberdinak —ipuinak, poesia, komikiak, informazio liburuak— identifikatzen ikasten dute txikitatik.

Herriko ikastolako umeekin probako esperientzia antolatu zuten iazko urrian, liburutegian. “Printzipioz, urte osorako irakurketa klub bat sortu nahi genuen. Baina, lehenengo aldia zenez, ez genekien zer-nolako erantzuna izango zuen herritarren artean. Orduan, hiru hilabeteko proba egitea erabaki genuen”, azaldu du. Modu horretan, astean behin, asteazkenetan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako hamabost ume elkartzen dira liburutegian literaturaren munduarekin gozatzen ikasteko. Hasieran, haur nagusiagoekin prestatu nahi zuten tailerra; baina, informazioa plazaratzerakoan, oker bat egon zen, eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeekin egitea erabaki zuten azkenean. “Hasieran, zaila izan zen. Ikasturtea hasi berria zuen lehenengo taldeak, eta irakurtzen ikasten ari ziren. Bigarren taldearekin jada hasi gara, eta alde nabarmena antzeman dugu. Kasu honetan, umeek hilabete batzuk daramatzate ikastolan irakurtzen, eta hori igarri egiten da batzuen eta besteen artean; ikusi dugu maila igo dela”, dio Citoresek.

Lehenengo taldearekin amaitu, eta, egun, beste talde batekin ari dira lanean; izan ere, erantzuna ona izan zen, eta ume askok ezin izan zuten klubean izena eman. “Hain emaitza positiboa eduki genuenez eta jende asko kanpoan geratu zenez, bigarren hiruhilekoan adin berbera zuten umeekin jarraitzea pentsatu genuen; kanpoan geratu zirenak sartu ahal izateko”, gaineratu du. Hirugarren hiruhilekoan Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin arituko dira. Umeak pixka bat helduagoak direnez, dinamika aldatuko dute; esate baterako, guztiek liburu bera irakurriko dute. Taldea beste hamar edo hamabost umek osatuko dute, eta jada hasi dira jasotzen parte hartzeko lehenengo eskaerak. “Datorren udazkenean, ikasturte osoa iraungo duen kluba sortu nahiko genuke. Lehenengo taldea osatu zuten umeek gurekin jarraitu nahi zuten, eta ezin izan dute. Beraz, gure asmoa da urte osoko irakurketa kluba eratzea, eskolaz kanpoko ekintza moduan antolatzea”, azaldu du Citoresek.

Liburuz liburuko txartela

Klubean hainbat ekintza prestatzen dituzte urte osoan. Horien artean, pasaporte bat betetzeko lana dago. Ez da nolanahiko txartel bat, berezia da. Ez ditu biltzen umeek bisitatu dituzten herrialdeak eta lekuak; pasaporte horren orrialdeetan haurrek irakurtzen dituzten liburuen zerrenda idazten da. “Liburu bat itzultzen duten bezain laster, umeak niregana etortzen dira zigilu bat ipin diezaiedan”, dio Citoresek. Haur bakoitzak bere pasaportea dauka, eta, bertan, hartzen dituen liburuen gaineko kontrola egiten da.

2013. urtean hainbat proiektu egingo dituzte. Alde batetik, Citoresek bi hilabetean behin ipuin kontaketak egiten ditu euskaraz, eta, berritasun modura, urte osoan ipuin kontalari gehiago ekarri nahi dituzte liburutegira. Beste alde batetik, argazki lehiaketa ere antolatuko dute. “Gurasoek konpromiso handia erakutsi dute, eta horrek asko errazten du proiektu berriak atera ahal izatea. Egunero etortzen dira, eta ezin badute, abisatzen dute. Gainera, haurrek ere inplikazio handia erakutsi dute. Pozik eta gogotsu datoz liburutegira”, azpimarratu du.

Gelan liburuen txoko bat dago, eta, hamabost egunean behin, gai interesgarriak jorratzen dituzten liburu sortak kokatzen dituzte hor. Otsailean, Verdiren 200. urteurrena dela eta, musikarekin harremana duten liburuak atera dituzte txokora. “Batzuetan, umeek ez dakite non dauden liburu horiek, edo apaletan galtzen dira; hortaz, materiala mugitzeko era bat da”.