Ez dute kutsadurarik aurkitu Lemoako harrobian

Lemoako harrobiko lixibiatuen azterketak %100ean ziurtatu du gaur egun ez dagoela kutsadurarik. Hala adierazi du Idoia Pujana Ingurumen zinegotziak. Dena den, emaitzek ez dute bermatzen gerora kutsadura eragin dezaketen hondakinik ez dagoenik. Horregatik, neurketak egiten jarraituko dutela dio Pujanak, eta, behar izanez gero, azterketa sakonagoak egingo dituzte. Une honetan hondakinen garraioan egon diren irregulartasunak aztertzen ari da Lemoako Udala.

Lemoatxeko harrobi zaharrean lur naturala eta harria botatzeko baimena dago onartuta. Hasiera batean Cementos Lemona enpresak jaso zuen, baina gerora Lurtarriri saldu zion baimena. “Iaz, maiatzean edo ekainean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendariarekin bilera egin genuen, oro har, herriko ingurumen kontuez. Baina halako batean Lurtarriri txostena ireki ziotela bota zuen, zaborra bota zuelako harrobira”, gogoratu du. Udal gobernuak, harrituta, azalpen gehiago eskatu zizkion Jaurlaritzari berari, Lurtarri enpresari, bai eta Lurtarriren isurketak kontrolatzen dituen enpresari ere. “Eusko Jaurlaritzak ez zuenez erantzuten, geuk geure aldetik ikertzea erabaki genuen”, azaldu du Pujanak.

Zuzenak ez diren isurketak

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna orain jaso dute, urtarril bukaeran. “Zortzi hilabete igaro behar izan dira. Eta bitarte horretan udalak egin behar izan du Ingurumen Sailari dagokion beharra”, salatu du. Esan du erantzunean Jaurlaritzak gaia itxitzat eman duela, zaborra hura harrobitik kendu zelako. Hala ere, gobernuak onartu du irregulartasunak egon direla isurketetan, eta gai hori irekita mantenduko dutela azaldu diote Lemoako Udalari.

Irregulartasunok Lemoako Udaleko teknikariak aurkitu ditu. Enpresek bidalitako txostenetan hainbat datu deigarri agertzen direla dio Pujanak. Adibidez, hondakinak leku batetik datozela esan eta gero beste batetik ekarri. Isurketak kontrolatzen dituen enpresaren kontrol ziurtagiririk gabeko hondakinak ere aurkitu dituzte. Baita aitortutakoa baino kopuru handiagoan egindako isurketak ere. Lemoako Ingurumen zinegotziak horiek guztiak argitu behar direla ohartarazi du. Udal teknikaria txostenak sakonago aztertzen ari da, eta datorren astean edo hurrengoan emaitzak izango dituztela uste du Pujanak.

“Posible da egindako isurketa irregular horietan kutsadurarik ez egotea, ikusteko dago; baina azken batean irregularrak izan dira, eta hori aztertu egin beharko da”, azaldu du zinegotziak. Edonola ere, oraingoz herritarrak lasai egon daitezkeela azpimarratu du, “gaur-gaurkoz ez dagoelako ez kutsadurarik ez jendearentzako arriskurik”.