Diru eske, bihotzeko gaitza duen neska bati laguntzeko

Bilboko Atxuri auzoko Garcia Rivero ikastetxe publikoko gurasoak Cloe izeneko neskatilari laguntzeko diru bilketa abiatu dute. Sei urte ditu, eta euren seme-alaben ikaskidea da. Txikia bihotzeko gaixotasun batek jota dago, eta haren bizi-itxaropena bihotz transplante baten mende dago. Besteak beste, haurrentzako jaialdi bat prestatu dute. Etzi izango da, Kafe Antzokian.

Cloeren familiak diru laguntzen premia duela azpimarratu dute ekitaldiaren antolatzaileek. Umeen transplanteak egiten dituzten oso ospitale gutxi daude. Hala, iazko maiatzean Madrilgo Gregorio Marañon ospitalera eraman behar izan zuten Cloe. Bederatzi hilabeteren ondoren, neskatoak Madrilen jarraitzen du, medikuen zaintzapean eta organo berria noiz ailegatuko zaion zain. Astean bi egun eman behar ditu ospitalean sartuta, eta, gainontzeko egunetan, ospitaletik oso gertu pasatzen ditu orduak.

Atxuriko neskatilak bi ahizpa ditu, eta, amarekin batera, Madrilera joan dira bizitzera, harekin egoteko. Familiak ospitaletik gertu dagoen etxebizitza bat alokatu behar izan du. Ondorioz, amak Bilbon zuen lana utzi behar izan zuen. Bi ahizpei dagokienez, Madrilera joan dira ikasturtea amaitzera. Aitak astebururo bidaiatzen du familiarekin elkartzeko. Egoera horrek zuzen jo dio familiaren ekonomiari, gastu handiak baitituzte. Egoera ekonomikoa “itogarri eta jasanezina” bihurtzen ari zaie, eta, gainera, itxaronaldia oraindik luze joan daitekeela uste dute.

Horrela, Atxuri ikastetxeko zenbait guraso lanean jarri dira Cloeri eta haren familiari laguntzeko. Kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute, nahi duenak ekarpen ekonomikoak egin ditzan. Horrez gain, Zazpikaleetako saltoki eta merkatari batzuen laguntzaz, zozketa bat antolatu dute txikiari diruz laguntzeko.

Bihotz bihotzez

Cloe Bihotz Bihotzez dauka izena ikuskizunak, eta Kurkuluxetan taldearen laguntzarekin prestatu dute. Festa giroa 17:00etan hasiko da, eta txikienentzako hainbat ekintza izango dira. Esate baterako, Ane Mona, Oskola eta Karramarrok, Zirkus Aurrek eta Txorro Morro Berbena Taldeak parte hartuko dute ekimenean. Modu horretan, hainbat ikuskizun entretenigarrien bidez, hara joaten diren ume eta helduen gozagarri izango dira. Ezustekoak ere ez dira faltako, eta zozketaren zenbaki saridunak zein diren ezagutaraziko dute.

Sarrerek sei euroko salneurria dute, eta jada eskuratu daitezke Zazpikaleetako hainbat tabernatan: Bizitza, Txomin Barullo, Floren, Sorgin, Kalderapeko, Bodeguilla Joserra eta Pirata Taska. Gainera, Kafe Antzokiko txarteldegian erosteko aukera egongo da, jaialdiaren egunean bertan, 16:00etan.